PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Aurreko artikuluan zure material digitala antolatzen hasteko hainbat puntu garrantzitsu azaldu nizkizun, besteak beste, zertaz ari garen material digital ari garenean, noiz den prozesu hori egiteko momentu eta nola kudeatu lanketa hau. Gaurkoan, KonMari® metodoaren bidez antolatzeko prozesuan bete-betean sartuko gara. Prest zaude?

 

 

MATERIAL DIGITALAREN KONMARI® PROZESUA

 

Aurreko artikuluan aipatu nizun moduan, material digitalarekin egin beharreko prozesua ondasun materialekin egiten dugunaren oso antzekoa da.

 

  • Memorian zerbait gordeta duten gailu elektroniko eta aplikazio guztiak (email ezberdinak, ‘drive’ edo ‘hodeia’ etab. ere kontuan hartuta) zerrendatu eta biltzea gomendatzen dizut.

Egin duzu zerrenda? Ziur duzun guztia sartu duzula?

 

  • KonMari prozesuan ohikoa den moduan, lehenengo guztia berrikusi eta aukeraketa bat egin beharko duzu. Hau da dudarik gabe lanik handiena eta beharbada astunena. Baina, aldi berean, ziur nago sorpresa pozgarri asko eramango dituzula. Gainera, aukeraketa egiten zoazen heinean izugarrizko arintasuna eta atsegina jasoko duzu bueltan.

 

  • Prozesu hau zure ibilbide pertsonala berrikusteko aukera paregabea da. Ibilbide horretan urteetan zehar ikasi, egin, lortu eta eraldatu zaren guztia ikusiko duzu baita zure ezinegoinei, ametsei, desioei, harremanei… balioa eman. Era guztietako emozio eta sentimenduak azaleratuko dira baina ziur nago ikusteko aukera izango duzun guztia benetan baliogarria izango dela zuretzat.

 

  • Ez etsi amaierarik ikusten ez duzulako, kontzentratu zaitez momentuan lantzen ari zaren kategorian. Ematen duzun pausu bakoitzeko gutxiago geldituko zaizu prozesua amaitzeko. Zentzu horretan nire ustez oso baliagarria da ezertan hasi aurretik beharko dituzun saioen plangintza egin eta horretarako denbora blokeatzea. Badakizu ordenagailu aurrean jartzen garenean orduak ziztu bizian igarotzen direla, beraz, kalkulatu saio bakoitzeko gutxienez 3-5 ordu artean beharko dituzula.

 

  • Pixkat beherago aukeraketa egiten lagunduko dizuten hainbat galdera utziko dizkizut baina oinarrizkoena hau da: hemen eta orain zoriontsu egiten zaitu? Momentu honetan zaren horrekin, zure esentziarekin, bat egiten du?

 

  • Formatu digitalak arrisku edo tranpa handi bat du! Fisikoki erlatiboki gutxi okupatzen duten gailuetan edo zuzenean ikusezinak diren euskarrietan informazio asko gorde daitekeela. Hori dela eta, maiz aitzakia ezberdinekin pean, aurrerago beharko dituzulako, badaezpada, gutxi okupatzen duenez, hobe soberan faltan baino… behar eta atsegin duzuna baino askoz ere gehiago gordetzen duzu. Baina, errealitatea zera da, datu horiek guztiak fisikoki ere nonbait gordetzen direla, eta horrek, tantaka-tantaka izugarrizko karbono aztarna edo hondakina sortzen du.

Hori gutxi balitz, zure barruan sortzen duen ezinegona, kentzen dizun lasaitasuna eta espazioa (mentala, emozionala…) ere kontutan hartu beharko zenuke. Nire ustez hobe gutxi eta eskura, asko eta iritsezin baino.

 

  • Hortaz, ezabatu errepikatutako fitxategiak, baliorik ez duten argazkiak, zaharkituta dauden dokumentuak… Praktikotasunaren eta balio emozionalaren arteko oreka bilatzen saiatu behar zara. Erokeriarik egin gabe baina, zer da benetan erabilgarria eta baliotsua zuretzat une honetan?

 

  • Fitxategiak berrikusi eta aukeratzerako garaian, baita ondoren antolatzeko garaian ere, kategoriaka egitea oso baliagarria izan daiteke. Gailu edo aplikazioka ere egin dezakezu karpeta bakoitza bere aldetik begiratuaz, baina nire ustez, kategoriaka pentsatzeak ikuspegi orokor bat izaten eta estruktura bat mantentzen lagunduko dizu.

 

  • Kontuz ibili euskarri batzuk zaharkitutak gelditzen baitira eta informazioa galtzeko arriskua izango duzu. Niri adibidez, horixe gertatu zitzaidan CD eta DVDetan gordeta nituen argazki mordoarekin. Jada apenas gelditzen dira DVD irakurgailuak dituzten ordenagailuak eta hauek eskura izanik ere, batzuetan DVDa bera da hautsita edo zaharkituta dagoena. USB eta memoriekin ere gertatzen dira horrelakoak, beraz, komeni da noizean behin guztiei errepaso bat egin eta eguneratzea.

 

  • Oroitu ‘x’ maiztasunarekin (3 hilabetean behin adibidez) segurtasun kopiak egiten. Guztia ‘hodeian’ gordetzen baduzu kopia hauek automatikoki sortuko dira. Baina niri oraindik erreparoa ematen dit ‘hodeia’ren sistemak eta ondorioz, memoria ezberdinetan gordetzen ditut segurtasun kopiak.

 

 

NOLA ORDENATU ZURE MATERIAL DIGITALA

 

Behin garbiketa egin duzula, gordetzea erabaki duzun guzti hori ordenatzeko momentua litzake. Zure karpetak eta fitxategiak ordenatzeko garaian modu ezberdin asko topa ditzazkezu:

 

APLIKAZIOAK:

  • Erabileraren arabera: gehien erabiltzen dituzun aplikazioak mugikorreko lehenengo pantailan edo ordenagailuko mahaigainan jarri, gainontzekoak bigarren edo hirugarren maila batean.

 

  • Kategoriaka: KonMari® kategorien arabera bildu ditzakezu aplikazioak eta sail bakoitzekoak elkarren ondoan jarri.

 

  • Motagatik: antzekoak diren aplikazioak elkarren ondoan jarriz. Adibidez, sare sozial guztiak elkarrekin, argazki-bideoekin zerikusia dutenak batera, agenda/erloju/antolaketa aplikazioak gertu…

 

  • Koloreka: liburuekin gertatzen den moduan, pertsona batzuei aplikazioak kromatikoki antolatzeak zoriontasun handia ematen die.

 

DOKUMENTUAK EDO FITXATEGIAK

1// KUDEATZEKE: momentuan edo epe motzera kudeatzeko diren dokumentuak eskura gorde karpeta batean.

2// BEHIN BEHINEKOAK: maiz begiratu edo kontsultatu behar dituzun dokumentu garrantzitsuak bigarren karpeta batean.

3// BEHIN BETIKOAK: betirako gorde behar dituzun dokumentu garrantzitsua dira, baina aurrekoekin duten desberdintasun nagusia ia inoiz ez dituzula kontsultatu behar da.

 

  • Kategoriaka: aurreko artikuluan ‘Nola antolatu material digitala’ atalean aipatu ditudan kategorietan banatuta. KonMari® kategoria bakoitzaren barruan, noski, azpisailak eta karpetak sortu beharko dituzu guztia modu errazean topatzeko.

 

  • Arloka: pertsonala eta etxea, lana/ikasketak, proiektu pertsonala/militantzia… bezalako sail nagusiak sortu eta barruan dokumentuak antolatuz.

 

APLIKAZIOEN BARRUKO DOKUMENTUAK

    • Oroitu sare sozialetan, emailetan, ‘hodeian’ edo ‘drive’n… gordeta dituzun dokumentuak ere antolatu behar dituzula.

 

Esan bezala, nire ustez ez dago sistema bakar edo perfektu bat, norberak bere beharren arabera hoberen egokitzen zaion modua bilatu behar du. Gainera ziur aski proposatu dizkizudan sistema ezberdinak konbinatu beharko dituzu.

 

Nik adibidez, sistema hau erabili ohi dut:

  1. Arloka: pertsonala eta etxea, lana/ikasketak, proiektu pertsonala. Hiru karpeta horiek dira nire karpeta nagusiak
  2. Hiru karpeta horien barruan: beste karpeta batzuk sortzen ditut KonMari metodoaren kategorien bidez banatuta ahal bada, eta bestela, motaka.
  3. Karpeta horietako fitxategientzat sistema alfanumerikoa erabiltzen dut, hau da, data eta izenaren arabera antolatzen dut guztia: ‘2021 11 25 Adibidea’

 

 

AUKERAKETA EGITEKO GALDERA LAGUNGARRIA

 

– Zu egun zarenarekin, zure esentziarekin, bat egiten du?

– Dokumentu hori eguneratuta dago? Badu zentzurik zure egungo bizitzan? Zenbat denboran zehar gorde beharko zenuke?

– Argazki, bideo horrek zer zirrara sortzen dizu? Zoriontsu egiten zaitu?

– Badago antzeko fitxategirik? Zeinek du zentzu handiagoa?

– Egun oraindik gai hori interesatzen zaizu? Edo zure bizitzako beste etapa bati dagokio?

– Karpeta horretan dituzun dokumentu guztietatik zeintzuk dira benetan baliogarriak?

– Beharko bazenu, dokumentu hori azkar topatzeko gai izango zinateke?

– Baztertu litekeen fitxategi bat bada, gordetzeak lasaitasuna ematen dizu ala karga bat gehiago da zure buruarentzat?

– Sortzen ari zaren karbono-aztarnarekin alderatuta merezi du dokumentu hori gordetzeak?

 

 

AHAZTU EZIN DITUZUN HAINBAT PUNTU GARRANTZITSU

 

1// Ez etsi! Badakit material digitala berrikusi, aukeratu eta ordenatzea sekulako erronka dela, batez ere, guztia antolatzen amaitu aurretik fitxategi berriak sortzen ariko zarelako. Baina benetan, gero sentituko duzun arintasun eta lasaitasunagatik merezi du esfortzua egiteak.

 

2// Eguneratuta mantendu: KonMari® prozesua salbuespena da, badakizu, bizitzan behin, kolpetik eta ahal duzun azkarren (edo konstantzia handienarekin) egin beharreko lanketa. Behin hori eginda, egunerokoan antolatzen eta ordenatzen jarraitu beharko duzu baina estruktura argi bat eta zoriontsu egiten zaituena bakarrik izango duzunez, honek denbora gutxi kenduko dizu eta plazer handia emango dizu.

 

3// ‘Osoji’, garbiketa handia. Noizean behin (urtean behin edo bitan) etxeko garbiketa handia egiten duzun moduan, formatu digitala duten ondasunekin ere gauza bera egin beharko zenuke. Urtean behin berrikusi karpeta bakoitzean duzuna eta egin garbiketa.

 

4// Praktikatu minimalismo digitala. Ez dut uste guztiok minimalistak izan behar dugunik, ez behintzat gure bizitzako arlo guztietan. Baina online munduari dagokionez, gehiegikeria edo pilaketetan erortzeko arrisku handia dagoenez, berebizikoa iruditzen arreta berezia jarri eta minimalismoa praktikan jartzea.

 

5// Mahaigainaren ikuspegia (ordenagailukoa, mugikorrean ikusten duzun lehenengo pantaila etab.) ahal duzun arinen mantendu. Hau da, lanerako bulegoa edo mahaia txukun mantentzeak hobeto eta eraginkorrago lan egiten laguntzen duen moduan, pantailako mahaigaina arin eta txukuna izateak lanerako gogoa handitu eta bizitza erraztuko dizu.

 

Zer iruditzen zaizu, animatuko zara zure material digitala KonMari® metodoaren bidez ordenatzera? Lana da baina uste baino errazagoa, ezta? Zer iruditzen zaizu laster datozen jai eta opor egunak horretarako aprobetxatzen badituzu?

 

Besarkada bat 💕

 

 

📸 @georgiadelotz
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

 

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies