LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO DENTRO
Gertatu zaizu inoiz etxean dekorazioa edo antolamendua aldatzeko berebiziko premia sentitu izana? Altzariak etxearen punta batetik bestera mugitu, paretak margotu, txukunketa sakon bat egin… Horrelako beharren bat sortu zaizu bizitzako momenturen batean? Aldaketa bat egin ezean ezingo duzula beste ezertan aurrera jarraitu sentitu duzu? Hil ala bizikoa da.
Exajeratzen ari naiz, jiji, badakit, baina ulertzen duzu zertaz ari naizen, ezta?
Ziur nago etxean horrelako zerbait sentitu duzunean, zure bizitzako beste arloren batean ere mugituta zeundelako izan dela. Buruak ordena, aldaketa, antolaketa… eskatzen dizu etxean, beste gune batzuetan bizitzako inflexio puntu batean zaudenean.
KonMari® metodoak milaka onura eta abantaila ditu baina etxea antolatzeko ezagutzen dudan modu eraginkorrena izateaz gain, niri interesgarrien iruditzen zaidana zeure burua sakonki ezagutzeko aukera ematen dizula da. Horri lotuta, bigarren onura nagusi bat aukeratu beharko banu hau izango litzake: bizitzako etapa ezberdinak modu erraz eta goxoan isteko aukera ematen duela. Pentsatu duzu inoiz horretan?
Bidelagundu ditudan pertsona gehienak (guztiak ez esatearren) behar praktikoetatik abiatuta hasi ziren nirekin lanean: ondasunak gutxitzeko beharra, denbora aurreztu nahia, antolaketa sistema egoki bat lortu nahia, armairu txukun eta bateratua izateko nahia… Baina esango nuke, guztiek eraman duten sorpresa handiena beren ondasunak berrikusi eta aukeratzen zituzten bitartean, bizipenak eta emozioak berkokatzeko aukera izan dutela da. Uste dut hori izan dela gehien eskertu eta baloratzen duten aldaketa.
Irudikatzeko gai zara, zure armairua ordenatu ahala bizitzako momentu batzui merezi duten lekua eman eta beste garai batzuk betirako isteko aukera izatea? Izugarrizko lana dirudi baina benetan oso modu arin eta errazean egiten da. Are gehiago, esango nuke ia nahi gabe ateratzen dela.
Zer iruditzen zaizu kategoriaz kategoria ematen diren ondorio batzuk ikusten baditugu?
ARROPA BIZITZAKO GARAI EZBERDINEI LOTUTA
Gordeta dituzun arropa guztiak berrikusi eta antolatzen dituzun bitartean, esango nuke egingo duzun itxiera handiena garai ezberdinetan izan zaren ‘zu’ horri agur esan eta gaur egun zarenari ongietorria egitea dela.
Arropari lotuta, beraz, ziur aski haur zinela izan zinen neskatxa horri, gaztaroko emakumeari… agur esango diozu. Nire esperientziaren arabera, aldaketa behar handiena 30 urteen inguruan edo/eta 40-50 urteen bueltan ematen da. 30 urteen bueltan gaztea izanik ere helduago sentitzen zarelako, zure estilo pertsonalean aldaketa beharra izango duzu (askorentzat, gainera, amatasunarekin egiten du bat eta hau beste barne-iraultza bat da). 40-50 urteen inguruan, aldiz, heldutasun berri bat sentitzen duzu, zaharragoa beharbada bai baina inoiz baino kokatuago, arroago, seguruago… sentituko zara zeure buruarekin.
Gainera, emakumeok zailtasun estra bati egin behar diogu aurre. Sistemak ezarri duen edertasunaren irudi faltsuak egin duen mina gainditu eta heldutasuna irudikatzeko modu berriak sortzeko beharra sentitzen dute (dugu) askok.
Hori dela eta, esango nuke, estilo propioa bilatzea, ahaldunduta edo zu zeu sentiaraziko zaituen arropa aukeratu eta horren arabera armairua antolatzea ekintza hutsala baino gehiago iraultzailea izan daitekeela.
LIBURUEN BITARTEZ ZINTZOTASUNA BILATU
Badakit puntu honetan beharbada ez zarela ados egongo edo erresistentzia guztiak piztuko zaizkizula. Baina ikusi eta bizi izan dudanaren arabera, dituzun liburuak aztertu, aukeratu eta soberan dituzunak joaten uztea zeure buruarekin zintzoagoa izateko aukera handi bat da.
Zergatik diot zintzoagoa, egiazkoagoa ere, zergatik ez? Liburuek beste edozein kategoriak baino aurreiritzi eta eztabaidaezinak diren ideiak gehiago sortzen dituztelako: ‘Liburuak ezin dira bota…’, ‘liburuak edukitzea (eduki, ez irakurri gainera) pertsona kultu edo landuaren seinale dira’, ‘libururik gabeko etxea, etxe pobrea, ezjakinez betetakoa da’, ‘Feminista, iraultzailea, ekologista (jarri nahi duzun definizioa)… bazara, ezinbestekoa da gaiaren inguruko x liburu izatea’…
Baina benetan zara feministagoa, kultuagoa, jakintsuagoa, landuagoa… liburuak apalategian pilatuta edukitzeagatik? Zeren izan gaitezen zintzoak, zenbat eta zer irakurtzen duzu zure egunerokoan? Irakurzaletasunaren militanteek izan ezik, gehiengoarentzat bizi garen erritmo eta bizitza hiperestimulatuan, luxua da egunero irakurtzeko 10 minutu atera ahal izatea. Tristea da baina esango nuke emakumea bazara, oraindik zaintza lanek duten pisuagatik, are zailago duzula. Eta are gehiago, gaur egun, irakurtzen dugun apurra online, sare sozial eta blogetan egiten dugu.
Horregatik, liburuak aztertu eta benetan mugitzen dizuten horiekin bakarrik geratzea aukeratzen duzunean urteetan zehar izan dituzun aurreiritzi, ideia eta irudi asko eroriko zaizkizu. Kasu askotan, jakintza eta ausnarketa asko jada barneratu dituzula ohartuko zara. Uste duzuna baino jakitzan eta iritzi kritiko handiagoa duzu, ziur nago. Eta besteetan, maskarak alde batera utzi eta libreago sentitu eta bizitzeko aukera emango dizu.
DOKUMENTUAK AZTERTZEAK ASKE EGINGO ZAITU
Itxura hori du baina hau ez da exajerazio bat, jeje. Etxea txukuntzerako garaian beldurra ematen duen kategoria bat badago paperen edo dokumentuena da. Hizkutza administratiboa ulertzea zaila delako, askotan diru kontuekin zerikusia dutelako eta horrek orokorrean beldurra sortzen duelako, ordena-sistema konplikatuekin korapilatzeko joera dagoelako, paperak izugarrizko abiaduran pilatzen direlako… Mila arrazoiengatik dokumentuak aztertu eta antolatzea askorentzat ez da batere lan sexya, alderantziz, ahalko balute askok alfonbra azpian gorde eta ez lituzkete inoiz gehiago begiratuko.
Baina errealitatean alderantziz da, zure dokumentuak errepasatu eta behar dituzunak sistema sinple batekin antolatzea lortzen duzunean sekulako zama kentzen duzu gainetik. Gainera, ez duzu zertan bakarrik egin behar, lanketa hori egitea atsegin dugun pertsonak existitzen gara.
Dokumentu asko bizitzako momentu potente (zentzu onean) edo traumatikoekin lotuta daude: lan aldaketak, osasun arazoak, salerosketa handiak – etxea, kotxea…-, jaiotza eta heriotzak, banaketak, herentziak… Horregatik, paper horiek guztiak ordenean jartzen dituzunean, bizipen horiek ere nolabait antolatuko bazenitu bezala da. Argia ematen diezu, batzuetan balioan jartzeko eta besteetan garai hori behar bezala isteko.
KOMONOA ANTOLATUZ OHITURA BERRIAK SORTU
Komonoaren kasua salbuespena da. Hemen askotariko gaiak sartuko lirateke, aurreko kategorietan sartzen ez den guztia, alegia (sukaldea, bainugela, aparatu elektronikoak, zaletasunak, lanabesak, dekorazioa…). Eta esango nuke, azpikategoria hauek berrikusi eta antolatzeak etapak itxi baino, ohitura zaharrak atzean utzi eta berriak barneratzeko aukera paregabea emango dizula.
KonMari® prozesuaren bidez agian elikadura ohitura osasuntsuekin hasteko garaia dela ohartuko zara, edo horrenbeste desio duzun auto-zaintza ohiturak barneratzeko unea izan daiteke, agian aspaldi alboratu zenuen zaletasunen bat berreskuratuko duzu edo berri bati aukera eman, lagunekin harremanak berreskuratu…
Hori guztia egiteko denbora, indarra eta ilusioa berreskuratzen lagunduko dizu prozesu honek.
ZURE BURUAREKIN ETA INGURUKOEKIN DUZUN HARREMANARI OHORE EGIN
Objetu sentimentalak berrikusi, aukeratu eta antolatzeko momentua biziki zirraragarria da. Argazki, oroitzapen, eguneroko etab.en bitartez zure bizitzaren film bat ikusiko bazenu bezala da. Niretzat hau da KonMari® prozesuaren momentu hunkigarriena, ez zaitu axolagabe utziko.
Une, esperientzia eta harreman horiek guztiak berrikusten ari zarela zure bizitzaren ikuspegi orokorragoa eta errealistagoa lortuko duzu. Ezer ez da gogoratzen zenuena bezain ona/txarra izango.
Eta aldi berean, oroitzapen edo bizipen onak arrotasunez gogoratu eta toki goxoago batean kokatuko dituzu. Momentu latzak, berriz, duten garrantzia kendu gabe, egoera erlatibizatu eta maitasunez behin betiko isteko aukera emango dizu.
Kontatu dizkizudan adibide guztiak esperientzia errealetan oinarritzen dira, baina hala ere, milioika aukeren artean topa ditzazkezun kasuak besterik ez dira. Bihotzez gomendatzen dizut KonMari® prozesua egitera animatu eta zure esperientzia propioa bizitzea. Nahi baduzu, pausuz pausu alboan izango nazu ibilbidean zehar bidelaguntzeko.
Besarkada bat
Sara