LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO DENTRO

 

Blog honetan maiz hitz egin izan dut diruaren eta finantzen inguruan. Badakizu izugarri erakartzen nauen gaia dela, besteak beste, KonMari® metodoaren kategorien artean komonoaren barruan diruaren antolaketa ere lantzen delako.

 

Hausnartu al duzu inoiz honen inguruan?

  • Badakizu hilabetean zehazki zenbat diru gastatzen duzun?
  • Kontrolpean duzu nondik egiten dizun ihes diruak? Hau da, aztertu dituzu zure finantzak kontziente ez zaren gastuen bila?
  • Etxeko ongizateari dagokionez zertan gastatzen duzu dirua?
  • Zure hilabeteko gastuak erregistratzeko ohitura baduzu (eta bestela ikertzen hasteko puntu bikaina da), interesgarria litzake aztertzea ea ustez dirua nora bideratzen duzun eta zure errealitateak bat egiten duten.

Galdera ausartak egitera animatzen bazara ziur nago ondorio interesgarriak aterako dituzula. Nahi baduzu blogeko iruzkinetan partekatu ditzazkezu topatu dituzun aurkikuntzak, biziki aberasgarria izango da denontzat ^_^.

 

 

ETXEKO ONGIZATEAREN BILA

 

Etxean ongizatea bilatzerako orduan batez ere bi egoera gailentzen direla ikusi dut:

 

1// Egoera hobetzeko inbertsio handia egin beharko zenukeela sentitzen duzu eta horrek blokeatu egiten zaitu. Diru hori eskuragarri ez duzulako, bizitzako momentuagatik, aldaketa zaila egiten zaizulako… Hainbat izan daitezke arrazoiak. Horrelakoetan, beldurra, eta batez ere, zalantzak nahasten dira: nondik hasi? nora jo? lagunduta edo zure kabuz? zenbateko aldaketa?… Hilabeteak edo urteak pasa daitezke ez aurrera ez atzera egin ezinik. Horrelakoetan ongizatean baino biziraupenean sentituko zara ziur aski.

Horren adibide izan daiteke KonMari® prozesua egiteko nahia, edo etxean eraberritze lanak egin nahi izatea baina pausua ez ematea.

 

2// Eraldaketa sakon eta koherente bat egin beharrean, aldaketa txikietara bideratzea dirua. Kasu honetan momentuko gastua txikia da (ez du minik egiten) baina guztiaren batura egitean uste baino kantitate handiagoa xahutu duzula ohartuko zara. Horrelakoetan aldaketa azalekoa da eta momentuan poza ematen duen arren luzera asegabe uzten zaitu.

Horren adibide izan daiteke etxea dekoratzeko objetuak erostea baina sakoneko lanketa bat egin gabe.

 

Ziur bizitzako momenturen batean egoera hauetako batean ala bestean egon zarela, eta atsegina ez den arren bertan zaudela konturatzea, garrantzitsua da etxean benetan gustura egoteko behar den eraldaketa egiteko. Izan ere, norantza egokia hartzen duzunean aurretik izan dituzun zalantza, beldur edo aurreritzi asko fantasia besterik ez zirela ohartuko zara. Prozesu hau bidelagunduta egiteak, blokeo eta zailtasun horiek guztiak bizkor eta modu eraginkorrean gainditzen lagunduko dizut.

 

 

ZERTARA BIDERATZEN DUZU ZURE DIRUA?

 

Dirua non joaten zaizun aztertzen jarri garenez, zer iruditzen zaizu KonMari® metodoaren kategoriez baliatzen bagara?

 

ARROPAREN KATEGORIA: Dirua xahutzeko joera sortzen duen kategoriaren bat aukeratzekotan, zalantzarik gabe, arroparena izango litzake izarra. Egunerokoan behar duzulako, estilo pertsonala zaintzea gustuko duzulako, modaren industriak duen indarragatik… Esango nuke hemengo gizartearen %90ak behar baino arropa gehiago duela. Lehen eskukoa, artisaua/marka txikiena edo bigarren eskukoa izan urtean zehar ia denok izaten dugu tentazioren bat (edo asko).

 

LIBURUEN KATEGORIA: Badaude pertsonak (ni horietako bat nintzen KonMari® prozesuaren aurretik) beren ‘bizio’ handiena liburuak erostea dela, gero erositako guztia irakurtzeko denborarik ez badute ere. Gizartean, liburuak erosteak arropak baino justifikazio hobea du, izan ere, liburuak kultura eta jakintza ezberdinen trasmisore dira eta gainera zure dirua etikoagoa den zerbaitera bideratzen ariko zara. Baina benetan merezi du etxean liburuak pilatzen eta pilatzen aritzeak? Nik liburutegien arteko mailegua ezagutu nuenetik ezetz uste dut edozein liburu lortu baitaiteke bide horretatik eta askoz ere jasangarriagoa da planetarentzat. Baina hau nire iritzi pertsonala besterik ez da.

*1

KOMONOAREN KATEGORIA: Komono, bestelakoak edo miszelanea izango litzake. Hau da, beste kategorietan sartzen ez den guztia. Denetariko gaiak daude hemen (sukaldea, bainugela, papergintza, teknologiak, hobbiak, dekorazioa…). Bakoitzaren balioen edo zaletasunen arabera dirua azpikategoria hauetako batean ala bestean gastatzeko joera handiagoa izango duzu. Pentsatu izan duzu inoiz azpikategoria horietako zeinetan joaten zaizun diru gehien? Eta zelako bizitza izan dute erosi dituzun produktu/objetu horiek?

 

OBJETU SENTIMENTALAK: Zorionez, esango nuke kategoria honetan diru gutxi joaten dela. Izan ere, objetu sentimentalen balioa ez da diruarekin neurtzen sortzen duten bizipen edo emozioarekin baizik. Beharbada, garai batean argazkietan joaten zen diru gehien baina digitalak gora egin duenetik geroz eta gutxiago eta oso gauza zehatzetan gastatzen dugu dirua. Askotan objetu hauek txikikeriak izaten dira, maite ditugun pertsonetatik edo momentu berezietatik jasotakoak…

 

*1: PAPEREN KATEGORIA egongo litzake hemen tartean, hau da, era guztietako dokumentuak. Baina hemen ohikoena behar beharrezkoa den horretan inbertitzea da ohikoena.

 

 

ZURE ESENTZIA DUEN ETXEA SORTU

 

Zure etxean gustura sentitzen zarela esango zenuke? Toki goxoa, atsegina, erosoa… da? Zure esentzia helarazten duela uste duzu?

 

Etxean ongizatea lortu eta kabi bihurtzaren bide horretan, KonMari® prozesua benetan baliabide garrantzitsua dela uste dut. Aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, esango nuke KonMari® metodoak bi zentzutan (gutxienez) izango zaizula lagungarri.

 

Batetik, zure ondasun guztiak banaka-banaka aztertu eta aukeraketa bat egingo duzu. Lanketa horretan kontziente izango zara zure errealitateaz:

– Zure beharrak eta ohiturak zeintzuk diren

– Zer eta zenbat duzun

– Nondik iritsi zaizun etxean duzun guztia

– Nola zaintzen dituzun ondasun horiek

– Zure inguruarekin harremantzeko moduak zein eragin duen etxean

– Nola iritsi zaren gaur egungo egoerara

 

Bestetik, egindako aukeraketa horrek eta bidean aterako dituzun ondorio esanguratsu guztiek sekulako argitasuna eta gako garrantzitsuak emango dizkizu etxeko ongizatea hobetzeko. Etxean (eta zure barnean) espazioa sortuko duzu bere horretan utzi edo benetan zentzua duten ondasun zein proiektuekin betetzeko.

 

Zentzu horretan, etxean berrikuntza bat egiteko asmoa baduzu ordena-prozesu hori oso baliagarria izango zaizu. Etxeko edozein eraldaketatan, azalekoa edo sakona izan, milaka erabaki hartu beharko dituzu. Ordenaren festibalak erabaki horiek modu estrategiko eta koherentean hartzeko informazioa eskainiko dizu eta gainera, orri zuri batean marrazten hasiko bazina bezala da. Libratu duzun espazio horrek guztiak jokua emango dizu orain arte bururatu ez zaizkizun irtenbideak topatzeko.

 

 

KONMARI PROZESUA BIDELAGUNDUTA EGITEAREN ABANTAILA

 

Etxean dirua modu estrategikoan erabiltzeari buruz ari garenez, KonMari® metodoan interesa duten pertsonek izaten duten erresistentzia handienetako baten inguruan hitz egin nahi dizut.

 

‘KonMari prozesua bidelagunduta egitea garestia da’ pentsatzen dute askok.

 

Egia esan, ulertzen dut hasiera batean zergatik pentsatzen duten hori. Uste orokorra da guztiok dakigula gure etxea ordenean eta txukun mantentzen, berezkoa dugun zerbait dela. Eta desordenatua denak, beste erremediorik ez duela. Gainera, etxea espazio intimoa da eta ez da erraza ezezagun bati ateak irekitzea. Nola ordainduko diozu norbaiti, adibidez, zure barruko arropa antolatzen laguntzeko?

 

Baina etxea benetan antolatzen hasi denak badaki zeinen zaila den norberak bere kabuz lanketa hori egitea. Zenbat aldiz saiatu zara etxea goitik-behera antolatzen? Eta zenbatetan lortu duzu? Bakarrik eginez gero zinez bide frustragarria izan daiteke.

 

Bestalde, KonMari® aholkulari bat kontratatzen duzunean, besteak beste, hau dena ordaintzen ari zara:

 

– Gai honetan formakuntza zehatza jaso dut, gaian aditua naiz.

Zure etxera mugituko naiz saio bakoitzean hainbat orduz zurekin esklusiboki lan egitera.

Arreta erabat pertsonalizatua jasoko duzu, zure behar eta nahietara egokitua.

Espazio seguruak sortzeko gaitasuna dut, kritika edo epairik gabeko gunea, non, protagonista bakarra zeu zaren eta aktiboki entzun eta zainduko zaitudan.

Pausuz pausu eramango zaitut prozesua modu arin eta atseginean egin dezazun.

Izan dezakezun edozein zailtasun, blokeo, zalantza… gainditzen lagunduko dizut.

Zuk amore eman nahi duzun momentuetan, nik goxo baina tinko eramango zaitut aurrera zure helburua lor dezazun.

 

 

BENETAN MEREZI DUEN HORRI ESKAINI DIRUA

 

Orain, aurretik azaldutako guztia kontuan hartuta, ez al zaizu iruditzen askoz zentzu handiagoa duela dirua txikikerietan edo nolanahi xahutzen aritu ordez, benetan eraldatzailea izango zaizun zerbaitetan erabiltzea? Zuk zeuk eta zure etxean lor dezakezun ongizateak merezi duela ziur nago.

 

Zuk ere horrela sentitzen baduzu ez izan zalantzarik nirekin harremanetan jartzeko. Bidalidazu mezu bat eta doako bideo-dei bat egingo dugu. Bertan zure egungo beharrak aztertu eta baliagarria izango zaizun proposamen bat egingo dizut. Zai izango nauzu

 

Besarkada bat

Sara

 

 

〰️ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 
〰️ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 
〰️ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bat bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies