LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Hausnartu al duzu inoiz zure material digitalaren inguruan? Ba al dakizu zer, zenbat eta non duzun gordeta urteetan zehar formatu honetan gordetzen joan zaren guztia? Saiatu al zara inoiz material hori guztia antolatzen eta eguneratuta mantetzen?

 

Ez da batere arraroa, honetan pentsatzeko momentu bat hartu eta bapatean sekulako larritasuna, nagia, ardura… sentitzen baduzu. Ni neu ere horrela sentitzen naiz askotan, material digitalak suposatzen duen lanketan titanikoa dela ohartzen bainaiz. Izan ere, gero eta gehiago bizi gara online (zer esanik ez pandemiaren ondotik) eta badirudi, formatu digitalean duguna oharkabean pilatzen joaten dela. Arreta jarraia eskaintzen ez badiozu… BAM! Aste edo hilabete gutxiren bueltan berriro kaosa gailentzen da.

 

HAUSNARKETAK

  • Zer duzu gordeta formatu digitalean?
  • Zenbat material duzu gordeta?
  • Gordeta duzun horretatik, zer da maiz erabili edo begiratzen duzuna? Edo alderantziz esanda, gordeta duzun horretatik zenbat dokumentu, argazki, libururi… ez diezu apenas kasu egin denbora luzez?
  • Gai zara zure material digitalaren barruan bilatzen ari zaren hori topatzeko?
  • Nola sentitzen zara formatu digitalean duzun guztian pentsatzen duzunean? Lasai, arduratuta, larrituta, nagia sentitzen duzu, nazkatuta, zoriontsu…

 

 

ZURE ONDASUN DIGITALA, ZER DA?

 

Zehazki zertaz ari gara zure material edo ondasun digitalaz ari garenean? Bada, formatu honetan gordetzen duzun guztiaz:

  • Etxean, lanean edo ekintza ezberdinetarako erabiltzen dituzun gailu elektroniko guztiak berrikusi beharko zenituzke
  • Baita gailu horietan dituzun aplikazio ezberdinak.
  • Eta amaitzeko aplikazio edo gailu horietan gordetzen dituzun dokumentu edo fitxategi guztiak.

 

Pentsa, gutako bakoitzak gutxienez ordenagailu pertsonala eta mugikorra erabiltzen ditugu. Horietan, besterik ezean gutxienez 30 aplikazio inguru izaten ditugu eta, horrez gain, bai aplikazioetan (adibidez, Instagram edo Pinteresteko karpetetan gordetzen ditugun irudi guztiak) baita gailuaren gune ezberdinetan gordetzen ditugun fitxategi, argazki, dokumentu, musika… ezberdinak hartu beharko genituzke kontutan.

 

Botaiozu begiratu azkar bat zure ordenagailu edo mugikorrari eta egin gutxi gora-beherako biderketa bat, zein emaitza atera zaizu? Zenbat fitxategi ezberdin dituzu gordeta? Horri gehitu emailetan, ‘hodeian’, kanpoko memorietan edo USBetan gordeta duzun guztia… Izugarria da, ezta?

 

 

NOIZ ANTOLATU BEHARKO ZENUKE HAU GUZTIA

 

Lehen bait lehen, noski! Baina halere, nire gomendioa zure ondasun materialarekin – fisikoki duzunarekin- hastea izango litzake. Hau da, lehenengo zure etxean edo espazio pertsonalean dituzun ondasun material guztiak KonMari® metodoaren bidez berrikusi, aukeratu eta antolatzea gomendatzen dizut. Prozesu horren barruan zure ondasun digital guztia ere berrikusi beharko zenuke, zalantzarik gabe, baina aurretik ukitu ditzakezun objetuekin hasteak asko erreztuko dizu ibilidea.

 

Behin ondasun fisikoak antolatuta dituzula, material digitala antolatzeko bi modu izango zenituzke:

1// Kategoria bakoitzaren barruan sartzen diren ondasunak berrikusi eta antolatu ondoren kategoria horri dagokion material digitala ordenatzea.

2// KonMari® prozesu osoa burutu ondoren, bigarren prozesu bat burutzea. Kasu horretan, kategoria bakoitzean digitalki duzun guztia berrikusi eta antolatuz.

 

Niretzat, bigarren aukera hau egingarriagoa da arrazoi hauek direla eta:

1. Ondasun materiala ordenatzeak eman dizun esperientzia baliagarria izango delako.

2. Behintzat ondasun fisiko guztia antolatuta izateak izugarrizko poza emango dizu, eta motibazio horrek material digitala lantzeko indarra emango dizu.

3. Prozesua berdin-berdin luzea izango bada ere, behintzat emaitzak eta eraginak ikusten hasiko zarelako. Beste modura, momenturen batean gaindituta sentitu eta erdibidean gelditzeko arrisku handiagoa izango duzula iruditzen zait.

 

Dena den, modu batean edo bestean egitea hautu pertsonala da erabat; zuretzat egokiena edo errazena zer den hausnartu eta erabaki beharko zenuke. Laguntzarik behar izanez gero badakizu non nagoen, plazerra da ahal dudan guztian laguntzea.

 

 

NOLA ANTOLATU MATERIAL DIGITALA

 

Gainontzeko ondasunekin egiten dugun moduan, material digitala kategoriaka berrikusi eta antolatzea gomendatzen dizut, ia ziur KonMari® metodoaren 5 kategorietan sartzen diren objetuak izango dituzu eta:

 

ARROPA: Hau izan daiteke salbuespena, beharbada ez duzu izango kategoria honetako ezer. Baina adibidez, modari edo zure estilo pertsonalari garrantzia ematen badiozu eta horri lotutako irudi ezberdinak gordetzen badituzu, denda, artisau edo arropa/osagarri ezberdinen irudiak hemen sartuko lirateke. Honi lotutako lanketa sakonagoa egin baduzu, adibidez, kapsula armairua antolatzeko ideien power point bat, denda eta aurrekontuen excellen bat etab. Hori guztia ere kategoria honen barruan sartuko litzake.

 

LIBURUAK: Liburu digitalak eta formakuntza ezberdinetan jaso dituzun ohar, dokumentu eta ariketa liburuxkak sartuko genituzke hemen. Ziur nago urteetan zehar uste baino gehiago bildu dituzula.

 

DOKUMENTUAK: Hau izaten da digitalean gordetzen dugun guztiaren barruan beharbada sail zailena edo kaotikoena. Kategoria honen barruan askotariko dokumentuak topa ditzakezu:

Pertsonalak

    • Etxeko kontuekin lotutakoak: kontratuak, fakturak, salerosketa agiriak, aseguruak…
    • Osasun kontuekin zerikusia dutenak: analitikak, mediku-txostenak…
    • Ekonomia eta finantzekin zerikusia dutenak: aurrekontuak, balantzeak, bankuetako dokumentuak…
    • Interes pertsonalekin zerikusia dutenak: ariketak, hausnarketak, hobbie ezberdinekin lotutakoak -errezetak, josketako patroiak, bidaiak/ibilbideak, ilustrazioak etab.- …

 

Ikasketa/Laneko dokumentuak

Zure lanarekin zuzenean zerikusia duen guztia aparte landuko nuke. Hau da, fisikoki etxea eta lantokiaren arteko banaketa egiten dugun moduan, digitalki ere aparteko bi toki edo prozesu bezala baloratuko nituzke. Ziur aski kasu askotan bi ordenagailu ezberdinetan izango dituzu gordeta edo bi mugikor ezberdin erabiliko dituzu (pertsonala eta lanekoa), beraz, banaketa egitea nahiko erraza izan beharko luke.

    • Sail honetan, ikasketa edo laneko dokumentuak aipatzen ditudanean, zurekin zuzenean zerikusia duten dokumentuetaz ari naiz: formakuntza titulu edo agiriak, kontratuak, nominak, agiri ezberdinak…

 

Proiektu pertsonala/militantzia

Azpisail hau ere bere horretan aipatu nahi izan dut, ziur bainago blog hau irakurtzen ari zareten askok badituzuela horrelako proiektu edo interesak. Gai potoloak izan ohi direnez eta aurreko bi azpisailen erdibidean gelditzen direnez maiz, bere horretan landu zenezake.

 

KOMONO: hemen aurreko sailetan sartzen ez den guztia bildu dezakezu. Hau benetan sail anitza eta desberdina da pertsona batetik bestera.

Gerta daiteke sail honetan sartzeko moduko ezer ez duzula sentitzea. Nire kasuan adibidez, sail honetan ordenagailuan edo mugikorrean ditudan dokumentuak baino gehiago (gehienak ‘dokumentuak’ eta ‘objetu pertsonalak’ sailetan banatzen baititut), email ezberdinetan eta sare sozialetan gordetzen ditudan karpeta ezberdinak antolatzeko erabiltzen dut.

 

OBJETU SENTIMENTALAK: Hau izaten da sail handi, ziragarri eta aldi berean korapilatsuenetako bat. Hemen bihotzetik gertuen ditugun fitxategiak sartuko lirateke, hau da, argazki, bideo eta audioak. Benetan baliotsua dena bakarrik gordetzen duzun horietakoa zara ala badaezpada denetik duzu gordeta?

 

 

Ea ba, honaino iritsi bazara, material digitalaren lanketaren lehen zatia ulertuta izango duzu. Oraindik hainbat puntu ditut azaltzeko baina gai luzea eta sakona denez bigarren artikulu baterako utziko dugu. Datorren astean eskura izango duzu artikuluaren bigarren zatia.

 

Besarkada bat 💕

 

 

 

📸 Idoia Telleria
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies