TIENES EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ
Ei, kaixo!
Nola daramazu sukaldeko ordenaren kontua? Zalantzarik gabe, ordenaren maratoian gehien arduratzen duen gaietako bat izaten da hau. Baina aurretik idatzi ditudan 2 artikuluak irakurri badituzu ohartuko zinen itxuraz dirudiena baino askoz ere errazagoa dela sukaldea aztertu eta aukeraketa egin ondoren, ordenatuta eta txukun mantentzea.
Badaezpada, despistatuta ibili bazara, hementxe utziko dizkizut aipatutako 2 artikuluak. Tartetxoa duzunean, eta ezer ordenatzen hasi aurretik, irakur ditzazun:
– Ezagutu sukaldeko azpikategoria ohikoenak eta ikasi bertan sartzen dena berrikusi eta aukeratzen
– Azpikategoria horiek ordenatu eta behin betiko tokia emateko aholkuak.
Orain bai, gaurko gaiari helduko diogu…
Sukaldeko ordena mantendu eta zoriontasun maila handitzen lagunduko dizuten aholku gehigarri batzuk utzi nahi dizkizut hemen. Ziur nago hau irakurriko duzuen guztiok neurri batean ala bestean horietatik batzuk aplikatzen dituzuela jada, baina beste asko berriak izan daitezke. Maiz gertatzen da etxean goxoago egoten laguntzen diguten hainbat ohiturataz kontziente izan arren, nagikeria ematen digula horiek aurrera eramatea. Beraz, espero dut artikulu honek behar duzun bultzadatxo hori ematen lagunduko dizula.
NOLAKOA DA ZURE AMETSETAKO SUKALDEA?
Nik, adibidez, jatea izugarri maite dut (ezagutzen ditudan pertsonen artean gehien jaten duenetakoa naiz, pentsa), baina sukaldatzea… hori beste kontu bat da! Egia esan, eskerrak batch-cooking-a deskubritu nuela, egunero sukaldatu behar izatea baita munduan nagikeria gehien ematen didana! Salbuespen bakarra postreak dira… hauek prestatzen izugarri gozatzen dut eta jaten zeresanik ez!
Kontua da sukaldea gero eta leku garrantzitsuagoa bihurtu dela niretzat. Pentsatzen dut elikaduraren kontuarekin lasaiago egoteak eta koronabirusarekin bizitzen ari garen guztiak lagundu duela horretan. Beraz, nire bizitza ideala imajinatzen dudanean, sukalde zabala duen etxe bat ikusten dut, non hainbat pertsonak sukaldatu edo espazioa partekatu ahal izangogenukeen aldi berean, argiztapen natural handiarekin eta minimalista izan arren atsegina dena. Goxotasun izugarria ematen didan beste sukalde mota bat (uste dut haurtzaroarekin bat egiten duelako. Nire etxean jarriko ez banu ere…) baserriko ohiko sukaldea da: zur ilunekoa, sukalde ekonomikoa eta beti tenperatura perfektua duena, neguan bero eta udan fresko.
Ikusten duzu zeinen desberdina izan daitekeen pertsona batek edo besteak sukaldearen inguruan izan ditzakeen behar eta nahiak? Nolakoa izango litzateke zure ametsetako sukaldea? Gustura irakurriko dut iruzkinetan💕✨.
Garrantzitsua da ideia hau, nahiz eta momentu honetan fantasia bat besterik ez den, buruan izatea. Izan ere, jada dituzun objetuen aukeraketa egiten laguntzeaz gain, zerbait berria erosi edo etxean sartu behar duzunean zentzua duen ala ez desberdintzen lagunduko dizu. Hau da, eskuratu duzun objetu/produktu horrek zure ametsetako etxera hurbiltzen zaitu ala irudi horretatik urruntzen zaitu?
Urruntzen bazaitu badakizu zein den erantzuna, ezta? Jeje.
GARBITZEKO ERRAZTASUNA
Maiz aipatu izan dut etxea garbitzea eta ordenatzea bi prozesu erabat ezberdinak direla. Ordenatzeak norberarekin du zerikusia, barruan dugun horrekin, gure buruko estrukturekin. Beraz, lanketa hori egiten ari garenean, barruan dugun hori kudeatzen ari gara neurri batean.
Garbitzeak aldiz, kanpoan dagoenarekin, naturarekin du zerikusia. Gure parte hartzerik gabe ere, berak bere prozesu propioa jarraitzen baitu. Hortaz, bi prozesu ezberdin diren neurrian lantzeko modua eta eskaini beharreko denbora desberdina izango da.
Sukaldearen kasuan, bereziki garrantzitsua da garbitasuna erraztuko duen antolamendua eta ohiturak izatea. Beharbada xelebre xamarra irudituko zaizu, baina garbitzeko erraza den sukalde batean zaudenean, gauzak armairuetatik atera edo gordetzearen ekintza ez da hain gogaikarria bihurtzen.
SUKALDEAN LAGUNGARRIAK DIREN OINARRIZKO 6 OHITURA
1// Sukaldatzen hasi aurretik behar ditugun osagai eta material guztiak atera eta modu antolatu batean traba egiten ez duen leku batean jartzen baduzu, sukaldatzen ari zaren bitartean gutxiago zikindu eta arinago lan egingo duzu.
2// Batch-cooking -a oso baliabide erabilgarria da. Ideia zera da, egun bakarrean aste guztirako balioko dizuten oinarrizko jaki batzuk prestatzea (barazkiak, proteinaren bat, zerealen bat etab.) eta beraien artean konbinatuz plater ezberdinak sortzea. Horrela astean zehar denbora aurreztuko duzu, ez baituzu etengabe sukaldatzen eta garbitzen aritu beharko.
Joera honek duen beste abantailetako bat sukaldeko baliabide guztiak probesten dituela da. Ongi antolatuz gero, sutan sukaldatzen ari zaren momentu berean labean beste zerbait prestatu ahal izango duzu. Eta noski, hauek egiten ari diren bitartean, zikindu dituzun lanabesak garbitu ditzazkezu. Horrela, ez duzu minutu bat bera ere galduko.
3// Aurreko puntuari lotuta, garrantzitsua da ahal duzun neurrian zikintzen zoazen guztia garbitzen joatea. Ziur aski ezingo zara garbiketan buru belarri sartu, harreta sukaldatzen ari zaren horretatik kenduz gero erretzeko arriskua izango baituzu (niri behintzat behin baino gehiagotan gertatu zait). Baina behintzat potoloena gainetik kentzeko balioko dizu.
4//Sukaldatzen amaitu bezain laister garbitu, lehortu eta gorde guztia bere lekuan. Badakit lehenengo puntua beti betetzen duzula, gauzak garbitzearena. Baina ohikoena garbitutakoa xukaderan utzi eta bere kabuz lehortzen uztea da. Badirudi ez duela zentzu gehiegi momentuan bertan lehortzeak, xukaderan gauzak edukitzeak ez duela molestatzen. Baina egin proba eta segituan ikusiko duzu zelako desberdintasuna!
Tresneria guztia lehortu eta jasotzen baduzu (baita xukadera bera) sukaldea erabat txukun geldituko da. Ez da zure begirada gogaituko duen ezer egongo, hein batean sukalde berri batean egotea bezala izango da. Baduzu sukaldari profesionala den lagunik? Galdeiozu berarai… sukaldari preziatu guztiek beren lana amaitu orduko guztia garbi eta jasota uzten dute. Horrela, sukaldatzea beti da atsegina eta ez dute lanean hasteko minutu bat bera ere galtzen.
5// Aurreko puntuaren arrazoi beragatik, saiatu sukaldeko gainazal guztiak libre uzten. Ahal duzun neurrian sukaldeko objetu eta produktu guztiak apala edo armairuetan gordetzea gomendatuko nizuke. Aukeran hobe armairuan, horrela barruan duzuna gutxiago zikinduko baita.
6// Gorde begi bistatik itsusiak diren gauza guztiak: esponjak, jaboiaren botila/potoa, trapuak… Sukalde berriek harraskaren azpian horrelako gauzak gordetzeko oso aproposak diren tiradera izaten dute. Tiraderarik ez baduzu ere, harraskaren azpiko gunea toki egokia izaten da xaboia eta esponja gordetzeko.
Izan kontutan bai esponja eta baita trapua ere normalean heze egoten direla. Hori dela eta, ezinbestekoa da edonon gorde aurretik ahal duzun neurrian hezetasun guztia kentzea. Aukera baduzu behintzat, bi kasuetan oso gomendagarria da aldi batetik bestera eguzkitan lehortzen uztea. Eguzkiak lehortzeaz gain desinfektatzeko gaitasuna du.
ZORIONTASUNA GEHITZEKO AHOLKU GEHIGARRIAK
-
Sukaldean (baita etxean orokorrean) ahal duzun produktu guztien etiketak kendu eta plastikozko paketeak kristalezko potoengatik ordezkatu. Bainugelako komonorekin aipatu nizun moduan, etiketa eta pakete horiek mezu, kolore eta irudiz beterik daude. Bizi garen gizarte honetan irudi eta mezuen gainkarga handia dugu eta hitz horiek guztiak, nahi gabe irakurri eta buruan sartzen zaizkigu.
Hori dela eta, etiketak kendu eta kristalezko potoetara pasatzeak begiradari lasaitasuna, batasuna eta atsegina ematen dio. Gainera kristalezko potoek elikagaiak hobeto kontserbatzen lagunduko dizute eta taparen barruko aldea leku egokia izan daiteke elikagaiaren izena, sukaldatzeko modua etab. bezalako azalpenak jartzeko. Zentzuz jokatu, noski, produkturen bat arriskutsua bada edo zerbait konkretuagatik etiketa gorde behar baduzu, bere hortan mantendu dezakezu.
-
Sukaldean tresneria edo gailu ezberdin asko izan ditzakezu, horrek plazerra ematen badizu (plater bereziak prestatzeko gailuak, gozoak egiteko edo munduko plater ezberdinak sukaldatzeko tresneria…). Garrantzitsua guztia kontrolpean eta ongi zainduta mantentzea da: hau da, argi izan behar duzu uneoro ea tresna horrek funtzioren bat betetzen duen zure egunerokoan edo etorkizun hurbilean, eta horrela bada, egoera onean mantendu eta leku zehatz bat eman behar diozu etxean. Bestela… badoa.
-
Behin zein tresna edo objetu behar ditugun argi duzunean, pixkana egokiagoak edo ederragoak iruditzen zaizkigun beste batzuengatik ordezkatzen joan zaitezke. Kalitatea kantitatearen gainetik jartzeko behin eta berriro errepikatzen dut. Hobe da 2 zartai on, hondatutako 5 baino, ezta?
Gainera, konprobatuta dago maite eta gustuko ditugun objetuak hobeto zaintzen ditugula. Bestalde, erosketaz gain aukera ezberdinak daude maite dituzun objetuak lortzeko: duzuna konpondu, eraldatu, elkarbanatu, trukea, bigarren eskukoak lortu…
-
Duzun guztiaz egunerokoan gozatzea zorion handia ematen duen ohitura da. Pentsa nola izango litzakeen egunero maite duzun baxerarekin bazkaltzea, zure otorduetan jaten duzunaz gain erabiltzen duzun guztia zaindu eta gozatzea…
Hori guztia egiten duzunean zure buruari mezu argi bat bidaltzen ari diozu: nire burua zaindu eta maitatzen dut garrantzitsua naizelako. Eta garrantzitsua naiz bizirik nagoelako, egun bakoitza berezia eta ospatzeko modukoa baita.
-
Behin sukaldea guztiz ordenatuta duzunean dekorazioaren bidez ederrago jarri dezakegu. Horretarako sukaldean gustuko dituzun irudiak, dekorazio objetuak edo landareak jar ditzazkezu, adibidez.
Berdin jangela edo jateko erabiltzen duzun gunearekin. Eguneroko otorduetan mahaia txukun jartzen baduzu, lore batzuekin apaindu, gustuko dituzun mahai-zapiak edo ahozapiak erabili etab. zoriontasun maila asko igoko da.
Eta nola ez, sukaldatzen dituzun plateretan ere aurkezteko modua garrantzitsua da. Badakit ez zaudela 5 izarretako jatetxe batean, eta ziur aski zure egunerokoan askotan arrapaladan prestatuko duzula guztia. Baina zure platerean kolore eta uki ezberdinak dituzten elikagaiak modu gustagarrian konbinatzen badituzu, zeure burua zaintzeaz gain plazerra beste zentzumenetatik ere sartuko zaizu, zoriontasuna handituz.
Beno, ba honekin guztiarekin etxeko sukaldeko komono guztia antolatu eta benetan zoriontsu egiten zaituen sukaldea izateko behar duzun informazio guztia duzu eskura. Zer iruditu zaizu? Uste zenuena baino errazagoa izan da, ezta? Zure ordenaren maratoia jarraitu eta Komonoren zati hau kudeatzeko gogotsu zaude? Benetan espero dut baietz.
Besarkada bat💕✨
Sara
📸