TIENES EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

KonMari™ Metodoa ezberdina egiten duen oinarri garrantzitsuenetako bat zure etxea gelaka antolatu beharrean kategoriaka antolatzea da. Etxea antolatzeko Marie Kondok sortu duen modu hau benetan iraultzailea izan da zentzu horretan. Aldaketa sinplea den arren, orain arte inori ez zitzaion bururatu hatsarre hau erabiltzea.

 

 

Zer eta zenbat duzun jakingo duzu

 

Zure etxea kategoriaka antolatzeak hainbat onura ditu. Batetik, benetan etxean zer duzun eta objetu bakoitzetik zehazki zenbat duzun jakin ahalko duzulako. Sinestezina da zelako aurkikuntzak egingo dituzun etxetik atera gabe: ahaztuak zenituen objetuak, ehundaka aldiz errepikatuta dituzun produktuak, inoiz erabili ez dituzun gauzak… Izugarria da ohartzea zentzurik gabeko zenbat objetu erosi eta gordetzen ditugun gure bizitzan zehar. Natura eta ekologiarekiko kontzientzia dugunok ere ez gara hortaz libratzen. Identifikatuta sentitu zara?

 

Onartu behar dut, bai nire prozesu pertsonalean baita nire bezeroak bidelaguntzen ditudanean, momentu hau gehien gustatzen zaidanetako bat izaten dela. Benetan eraldatzailea, dibertigarria eta intimoa da. Imajinatu, laguntzen ari naizen pertsona horrek plastikozko milaka boltsa gordetzen dituela ohartzen den momentua hori, edo oporretatik ekarritako ehundaka harri dituela konturatzen denean, edo nik neuk, 50 boligrafo BIC urdin baino gehiago topatu nituenean nire etxean (zenbat urte beharko nituzke horiek denak amaitzeko?😅🙃)… Umorea eta intimitatea nahasten diren momentu hau izugarri maite dut, txikitan lagunekin gure sekretutxoak elkarbanatzen genituen momentu hori gogorarazten dit.

 

 

Zoriontasun mailaren arabera aukeratu

 

Kategoria bakoitzeko objetuak elkartu ondoren, banaka-banaka berrikusi eta sortzen dizuten zoriontasunaren arabera aukeratu beharko zenituzke. Zoriontasunari buruzko hainbat artikulu dituzu blogean, beraz, ez naiz gai honetan gehiegi luzatuko.

 

Kategoria hauek errezenetik zailenera antolatuak daude, “zoriontasunaren detektagailua” landu dezazun. Hortaz, kategorien ordena bere horretan errespetatzea gomendatzen dizut, hau da, lehenik arropa guztia sailkatu, gero liburuak, ondoren papera, jarraian Komono edo denetarik saila, eta azkenik, objetu sentimentalak. Ikusten duzun moduan, lehenengo kategoria arropa da, ohituta baikaude arropa maiztasun erlatiboarekin erosi eta botatzera. Era berean, azkeneko kategoria objetu sentimentalak izango lirateke, bihotzetik gertuen dauden objetuak direnez zailagoa baita beraien aukeraketa egitea.

 

Konturatu zara aukeraketaz hitz egiten dudanean inongo momentua ez dudala kopurua edo erabilkortasuna aipatu? Alde praktikoa eta funtzionaltasuna kontuan hartzen badira ere, sortzen digun zoriontasunari garrantzia handiagoa ematen zaio. Objetu horiekin pozik, beteta, ahaldunduta… sentitzen zara? Hori da garrantzitsuena.

 

Aukeraketan zalantzarik sortzen bazaizu artikulu honetan gako erabilgarriak topatu dituzu.

 

 

Gordetzerako orduan ere jarraitu kategoriak

 

Hortaz, kategoria bakoitza sailkatu duzu, zoriontsu egiten zaituena aukeratu duzu eta orain zer? Orain zure ondasunak antolatu eta bakoitzari bere tokia bilatzeko momentua izango litzake. Objetu bakoitzari kokaleku zehatz bat ematerako orduan kategoriak errespetatu eta sail berdineko ondasunak gertu gordetzea gomendatzen dizut.

 

Zalantzarik baduzu objetuen materialari kasu egitea aholkatzen dizut. Premisa hori jarraituta, adibidez, paperezkoa den guztia elkarrekin, edo gertu behintzat, gorde beharko zenuke. Liburuak, esaterako, apalategi bakarrean gorde ditzazkegu. Nik etxeko kide bakoitzari apala edo gune bat eskainiko nioke, horrela bakoitzak bere espazio pertsonala izan dezan. Liburuen apalategian gainera, papera kategorian sartzen diren dokumentuak ere gorde ditzazkezu karpetatan banaturik (material berekoak dira eta), baita Komono kategorian sartzen den paperari lotutako azpisaileko objetuak – orri zuriak, koadernoak, karpetak, boligrafo eta margoak, erregelak etab. -.

 

Nola ikusten duzu? Egingarria iruditzen zaizu? Beharbada aldaketa handia irudituko zaizu momentu honetan, baina ikusiko duzu nola datorren astetik aurrea kategoriak banaka ikusten hasten garenean argiago izango duzun guztia.

 

Halere, edozein zalantzaren aurrean zure sena jarraitzeko esango nizuke. Egin proba ezberdinak, bilatu aldaera ezberdinak eta egin kasu zure zentzumenei. Etxe eta familia bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta irizpide hauek oso lagungarriak izan daitezkeen arren, eta ez dago guztientzako balio duen formula magikorik.

 

 

Denbora aurreztuko duzu

 

Prozesu guztia burututa nabarituko duzun beste onura esanguratsuenetako bat hau da. Objetuak bilatzeko eta etxea txukuntzerako orduan denbora asko aurreztuko duzu. Hau izaten da KonMari™ Metodora hurbiltzen diren pertsona askoren ametsa, bereziki beti korrika eta presaka bizi garen gizarte honetan.

 

Badakizu zenbat denbora galtzen duzun urtean gauzak bilatzen? Proba egin nahi baduzu Ikea altzari dendak duen test hau egitea proposatzen dizut:

https://www.ikea.com/es/es/campaigns/el-orden-es-vida-pube63f8de1

 

Ez didate ordaintzen beraiek aipatzeagatik, eh? Baina egia esan, oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan eta emaitzak esanguratsuak direla uste dut.

 

 

Ikusiko dugu zer sartzen den kategoria bakoitzean?

 

Aurrerago kategoria bakoitza zehaztasun gehiagorekin ikusiko dugun arren, kategoria bakoitzari aipamen bat egin nahi diot, nahi izanez gero lanean has zaitezen. Ohartxo bat besterik ez, ekin aurretik irakurri aurreko artikulu hau, prozesuaren ikuspegi orokorra izaten lagunduko dizu.

 

Ea ba, esan bezala hau da Marie Kondok egin duen sailkapena:

 

ARROPA: hemen zure arropa guztia sartuko litzake. Ez sasoi honetakoa bakarrik, sasoi guztietako baizik. Baita etxean egoteko, lanerako edo ekintza zehatzetarako erabiltzen duzuna ere (kirola egiteko esaterako). Eta ez hori bakarrik! Gurasoen etxean, garajean edo beste edozein tokitan gordeta dituzun arropa horiek ere bildu beharko zenituzke sail hau lantzerako orduan. Zapatak, osagarriak eta poltsa edo maletak ere sartzen dira hemen.

 

LIBURUAK: era guztietako liburuak ordenatu beharko zenituzke kategoria honetan. Marie Kondok hiru azpisail nagusi banatzen ditu: orokorrak (nobela, komikia, poesia, biografia…), erreferentzia eta kontsultarako balio dutenak (gai zehatzak – psikologia, medikuntza, historia, politika, ekologia etab. – eta hiztegiak, entziklopediak…) eta irudi-liburuak (argazki liburuak, arte liburuak, sukaldaritzako liburuak, atlasak…). Aldizkariak ere azkeneko multzo horretan sartuko genituzke, edo asko badituzu, bere hortan azpisail bat izan litezke.

 

PAPERAK: dituzun dokumentu guztiei egiten die erreferentzia, erosketetako tiketetatik hasi eta kontratuetaraino: NAN edo pasaportea, laneko edo etxeko kontratu ezberdinak, nominak, fakturak, isunak, tiketak, garantiak, propaganda orriak, bonoak, bisita txartelak… Kategoria honek beldur pixkat sortzen duela ohartu naiz lanean daramadan denboran. Nire helburua sail honi argia eman eta denontzat eskuragarri bihurtzea da. Arduraz landu beharreko kategoria da baina ez zaio inondik inora beldurrik izan behar. Ikusiko duzu nola oso era errazean antolatzen den KonMari™ Metodoan.

 

KOMONO: hau da kategoria guztietan zabalena. Nire bezeroekin lantzen dudanean normalean sail honi bi saio eskaintzen dizkiot (gainontzekoak bakarrean egin ohi dira). Gai eta objetu ezberdin asko sartzen direnez, lantzeko gakoa behar beste azpisail egitea da. Azpisail bakoitza oraindik gehiegizkoa iruditzen bazaizu talde txikiagoak egin ditzazkezu bakoitzaren barruan. Kategoria honetan bereziki zure burua zaindu eta saioa ganoraz prestatzea gomendatzen dizut: ongi deskantsatuta zaudela ekin lanari, goiz hasi, kontzentratuta eta hainbat orduz lan egin dezakezun momentu bat aukeratu, irrika eta gogoz aritu lanean, ez utzi ilusioa galtzen…

 

OBJETU SENTIMENTALAK: hauek bihotzetik gertuen dauden objetuak dira: marrazkiak, postalak, panpinak, oroigarriak, gutunak, argazkiak… Izan kontutan itxuraz gainontzeko kategorietakoak diren hainbat objetu benetan sail honetakoak izan daitezkeela. Hau da, pertsona konkretu batek oparitu zizun kamiseta objetu sentimental bat izan daiteke. Kasu horretan, arroparekin batera berrikusi beharrean, kategoria honetan kudeatu beharko zenuke.

 

Nola ikusten duzu? Lanean hasteko irrikitan zaude? Kategoria bakoitzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Bada ez galdu ondorengo artikuluak, kategoriak banaka aztertzen hasiko baikara eta lagungarriak izango zaizkizun hausnarketa asko ditut zurekin elkarbanatzeko☺️💕

 

Besarkada bat

 

 

📸@anniespratt
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies