Zer da zuretzako zoriontasuna? Nola definituko zenuke? Zure zoriontasunaren ideia horretan zeri ematen diozu garrantzia?
Niretzat zoriontasuna eta arrakasta loturik daudela konturatu naiz. Baina ez arrakasta edozein modutan ulertuta. Orain arte gehien gustatu zaidan arrakastaren definizioa @Charuca -rena da:
“Arrakasta bizitzaz maiteminduta egotea da”
Izugarri konektatzen dut esaldi honekin, bizitzaz maiteminduta egoteak gertaera handi zein txikiak eta alde emozional baita materiala kontuan hartzen dituelako. Zentzu horretan niretzat arrakasta eta zoriontasuna gauza bera dira.
KonMari™ Metodoaren inguruan lanean daramadan denbora honetan ohartu naiz orokorrean nahiko erraz identifikatzen dugula gertaera edo emozioekin lotutako zoriontasuna: maite duzun pertsonaren besarkada, lanean erronka bat gainditu izana, naturarekin kontaktua, lagunekin momentu berezi bat… Eta eskerrak! Bizi garen gizarte honetan, etengabe gain-estimulatuta eta kontsumismoan sartuta gauden honetan, oraindik gertaera eta emozioei balio handiagoa ematen diogula ikustea berri pozgarria dela uste dut.
Horri guztiari duen garrantzia kendu gabe ordea, iruditzen zait gauza materialek ematen diguten zoriontasunaz kontziente izatea ere garrantzitsua dela. Noski, ezpainetako gorri batek ez dizkizu autoestimu arazoak konponduko, baina momentu puntual batean energia txute bat ematen duela ezin daiteke uka.
Soberan dago esatea, barrukoa lantzea kanpokoa baino garrantzitsuagoa iruditzen zaidala. Baina, nire ustez, bi norantzako ibilbidea da. Barrukoak kanpokoa eraldatu dezake eta kanpokoak barruan behar duguna identifikatzen lagundu.
Nik neuk urte askotan zehar alde materialari jaramon gutxi egin izan diot. Baina KonMari™ Metodoarekin ohartu nintzen horren kasu gutxi egiteak desoreka sortu zuela nire barnean. Nire kasuan, arropan, teknologian edo etxean dirua gastatu nahi ez izatearen atzean merezimendu falta, eskasia sentimendua, balio eza… ezkutatzen ziren.
Ordutik, zoriontasunean oreka bilatzen saiatzen naiz. Gertaera txiki zein handien balioa ikusten (hau “work in progress” da, Miss Exijentziak pisu handia du oraindik, baina banoa bidean) eta zoriontsu egiten nauten gauzatxoak bilatzen. Badakizu, kalitatea kantitatearen gainetik jartzea eta era burujabean erostea dira nire oinarrizko zutabeak.
Bide horretan, zertarako eta zergatik galdetzea ere oso erabilgarria izan da. Adibidez, azken aldian bueltaka nabilen erosketa:
@Nieves Villenaren liburua. Zertarako erosi nahi dut? Nire ekonomiari ere beste buelta bat eman eta oparotasunarekin harremana hobetu nahi dudalako. Zergatik hobetu nahi dut nire ekonomia? Nire negozioa eta bizi proiektua (Kokoro Tailerra) aurrera ateratzeko baliagarria delako. Zergatik atera nahi dut Kokoro Tailerra aurrera? Niretzat oso garrantzitsuak izan diren baliabideak (KonMari™ Metodoa eta Hezkuntza Sortzailea) beste pertsonentzat ere lagungarriak izan daitezkeelako. Zergatik nahi ditut baliabide horiek elkarbanatu? Niretzat lagungarriak izan badira besteentzat ere izan daitezkeela uste dudalako.
Egin al diozu kasu inoiz zure zoriontasunaren ideiari? Zeri jarri diozu arreta handiagoa orain arte, gertaera eta emozioei ala alde materialari? Galdetu diozu inoiz zure buruari zergatik eta zertarako bilatzen duzun ustez zoriontsua egiten zaituen hori?
Zure bizipenak elkarbanatu nahi badituzu gustura irakurriko ditut zure mezuak hemen👇🏽👇🏽. Ziur hemen elkarbanatzen duzun guztia guztiontzat aberasgarria izango dela. Animatu☺️😉
Besarkada bat
Sara