TIENES EL AUDIO-VIDEO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Etxeko antolaketak arduratzen al zaitu? Behin betiko ordena bilatu nahi duzu baina ez dakizu nola egin etxeko guztientzat egokia izan dadin? KonMari® aholkulari gisa, ezinbestekoa iruditzen zait ordenari buruz hitz egiten dugunean etxeko harremanek nola eragiten duten kontuan hartzea.

 

Bizikidetzarekin zerikusia duten bestelako gaietan gertatzen den moduan, ordena-prozesu batean besteekiko onarpena eta errespetua ezinbestekoa da. Izan ere, zure harremantzeko moduaren arabera, gainontzekoekin sortzen dituzun dinamika eta loturen arabera, etxeko giroa asko aldatu daiteke. Bat ez etortzeak erabat ekiditea ezinezkoa bada ere, liskar txiki asko saihestu daitezke hainbat ohitura barneratzea lortuz gero.

 

KonMari® metodoan horren zehatz adierazten ez den arren nire lan egiteko moduan, espazio pertsonalak identifikatu eta errespetatzea ardatz nagusietako bat da. Ordena-prozesuaren hasieratik gustatzen zait espazio pertsonal gisa zer ulertzen dudana argitu eta bidelaguntzen dudan pertsonarekin batera horren inguruan hausnartzea. Zergatik? Fokua zurera ekarri eta zure beharretatik hastea, norbere burua zaintzeko modu bat izateaz gain, ingurukoentzat ere onuragarria delako.

 

Blogera iritsi berria bazara, esan espazio pertsonala beste inorekin elkarbanatzen ez duzun gune hori dela. Hau da, zuk bakarrik, zure modura, zure desio, behar eta denboretatik abiatuta, benetan zaren bezelakoa izateko lekua izango litzake. Espazio pertsonalean zu zeu izan zaitezke, kanpoko zein barneko balditza edo epairik gabe. Gune hau era askotakoa izan daiteke: gela propioa, armairuko zure zatia, zure liburu maiteak, gustuko duzun katilu bat edo jaso berri duzun landarea…

 

Gai honen inguruan luze hausnartu izan dut beste artikulu batzuetan, eta gainera, newsletterrean izena emanez gero, espazio pertsonala zer den ulertu eta lantzeko ariketa liburuxka duzu opari. Gehiago sakondu nahi baduzu hemen dituzu lotura guztiak:

 

Eman izena newsletterean eta jetsi ariketa liburua

Artikulua:  «La importancia del espacio personal»

Artikulua: Pertsonala eta indibiduala ez dira gauza bera

 

Kontua da espazio pertsonala eta espazio komuna orekatuta izateak zure burua erdigunean jarri, norberaren kontzientzia hartu eta arazoak gutxitzen lagunduko dizula. Lanketa hori egin ezean beti bestearen gainetik edo azpitik jartzeko arriskua izango duzu, horrek dituen ondorio guztiekin:

 

– Bilatzen duzunaren aurkakoa lortuko duzu kasu gehienetan.

– Aurrez aurreko nahiz ezkutuko konfrontazioak sortuko dira.

– Errespetu falta eragingo du.

– Jarrera honek ia beti, gure gaindi dagoena kontrolatzeko beharra ezkutatzen du.

 

Badakit hitzez guztiok garela pertsona toleranteak. Zalantzarik ez dut ingurukoak maitatu eta on guztia desio diezula. Are gehiago! Haien ongizatea zurea ere bada, ongizatea bi norantzatan doan energia baita. Baina egunerokoan… zenbat gaizki ulertu eta liskar arin izaten dituzu etxekoekin? Zenbatetan sentitu zara egoerak gaindituta?

 

Urte hauetan zehar ordenaren inguruan eta nire garapen pertsonalean ikasi dudanaren arabera, pertsona guztiak gertutasunean erabat desberdinak gara. Geroz eta harreman hurbilagoa, orduan eta handiagoa da dibergentzia hau.

 

Esaten ari naizen hau agerikoa da baina horrek ez du kudeatzeko errazagoa bihurtzen, ezta? Zeren, erantzuidazu zintzoki, zenbatetan pentsatu duzu beste bikote/lankide/pisukide edo dena delako bat aukeratu izan bazenu konpatibleagoak izango zinetela? Zenbatetan desio izan duzu zure haurra/ama/lagun mina hein batean desberdina izatea?

 

Eta behin aitortzen hasita… zenbatetan izan duzu barita magiko bat hartu eta ondoan duzuna une batez desagertarazteko fantasia, guzti-guztia zuk nahi duzun moduan izan dadin? Jijiji, ahots altuan esan daitekeena baino gehiagotan, baietz? Lasai, ez zara bakarra, guztioi gertatzen zaigu momenturen batean.

 

Hortaz, zer gertatzen da batzuen eta besteen arteko desberdintasunak agerian geratu eta talka egiten dutenean? Ohikoena 2 hauek direla esango nuke:

– Begirada aldatu eta zure beharrak zein bestearenak zintzoki ulertzea lor dezakezu. Ez da batere mugimendu erraza, baina geroz eta gehiagotan praktikatu, orduan eta abilezia handiago izango duzu pausu bat atzera eman eta arazoa modu maitakorrago batean kudeatzeko.

– Bietako baten nahia inposatuko da eta liskarra izango duzue. Edo inposaketa horren aurrean, bietako batek erremisiozko jarrera pasiboa agertuko du. Hau da, haserrea tragatu eta besteak nahi duena onartu arren, egonezina mantenduko da. Edozein kasutan, egoera honek harremanean arrakala txiki/handi bat sortuko du.

 

Harremanek bizitzako alor guztiak zeharkatzen dituztenez, etxeko antolaketa ez da salbuespena. Milaka adibide jar ditzaket etxeko objetuen eta ordenaren inguruan: arropa zintzilikatu eta gordetzerako orduan sortzen diren liskarrak; munduko objetu itsusiena iruditzen zaizun arren beste norbaitena izanagatik inolaz ere bota ezingo zenukeen objetu dekoratiboa; egoera txarrean dagoen baina biotako batek biziki maite duen etxeko tresneria… Adibide gehiago bururatzen zaizkizu?

 

Egia esan behar badizut, etengabe praktikatzen ari naizen arren nik neuk ere oraindik ez dut harremanak kudeatzeko modu maitakorra guztiz barneratu. Bidean nagoela sentitzen dut baina, noizean behin, hasierako puntura itzuliko banintza bezala sentitzen naiz.

 

Era berean, argi utzi nahi dut ez dagoela ordena eta harremanen inguruan guztiontzat berdin balioko duen formularik. Hau da, beste bati bere harremanean funtzionatzen dion estrategiak, zuzenean zure harremanera ekartzeak ez du balio. Esan beharrik ez dago harremanak ez direla matematika, 2+2 ez da beti emaitza bera guztiontzat.

 

Hala ere, duela urte batzuetatik hona ikusi eta bizi izan dudanagatik, ohitura eta jarrera batzuen bidez emaitza eraikitzaileagoak lor daitezkeela baieztatu dezaket:

– Aurretik espazio pertsonalen inguruan aipatutakoak izugarri laguntzen du.

– Espazio komunetan komunikazioa lantzea ezinbestekoa da. Batetik, batzuen eta besteen benetako beharrak zeintzuk diren jakiteko. Bestetik, partekatzen dituzuen objetu/espazioak kudeatu eta zaintzearen ardura nork eta nola hartuko duen adosteko. Adostasun horietan aniztasuna mugagabea da.

– Guztia kontrolpean izateko beharra askatu eta, beldurraren edo exijentziaren bidez jokatu beharrean, ilusioz mugitu.

 

Interesatzen zaizu harremanen gaia? Badaezpada gai honen inguruan nire erreferentzia nagusiak utziko dizkizut hemen:

DIRAYA EXPRESION. Bilbon dute kokalekua eta harremanen inguruko mintegi ezberdinak dituzte bai presentzialki baita online formatuan.

BRUNO LOMELE. Harremanetan aditua eta “maitasun maitakorra”ren sustatzailea. Italiarra da baina bere hainbat testu nahiko erraz ulertzen direla uste dut. Gainera, hala-nola gaztelerara itzulitako geroz eta testu gehiago ditu.

 

Ziur nago errespetuzko eta maitasunezko jarrera honetatik, aurrerapausuak eta atzerapausuak emanez, denborarekin benetan betezen zaituen bizilekua sortuko duzula. Ez da fantasian imajinatu duzun bezalakoa izango, ezta hain “pinterest” ere, baina askoz ere zureagoa eta aberasgarriagoa izango dela zalantzarik ez dut.

 

Besarkada bat

Sara

 

 

📸Idophotography
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies