Aurreko artikuluan espazio pertsonalaren inguruan ausnartzen aritu ginen. Aipatzen nizun nola askotan espazio pertsonala eta komuna desorekatu egiten diren, normalean espazio komunak pertsonala irensten baitu. Desoreka horretan maiz (bereziki emakumeok) inbadituak izaten gara. Baina besteetan gu gara ingurukoen gainetik jartzen garenak. Hau ez da egoera absolutua izaten, noski, inkontzienteki kontestuaren arabera posizio batean ala bestean kokatzen gara. Egoera batean ala bestean noiz egoten zaren identifikatzeko gai izango zinake?
Espazio pertsonala eta indibiduala desberdinak direla ere aipatu nizun. Izan ere, espazio pertsonalak ingurukoak ere kontutan hartzen ditu (indibidualak ez). Gogoratzen nola esaten nuen, izan zu zeu, zu zeu gainontzekoen artean? Bada, hau azaltzeko adibide garbienetako bat aurrekoan aipatzen nuen Hezkuntza Sortzaileko tailerretan topa dezakegu.
Duela urte batzuk, nik ere izan nuen horrelako pintura tailer bat. Tailer hauetan, txintxetekin hormara eusten diren paperetan margotzen da. Egunen batean pertsona gutxi etortzen badira ere, eta nahiz eta tailerrean tokia soberan dagoen, partaide guztiak bata bestearen ondo-ondoan jarri ohi dira, paperen artean 2cm-ko distantzia besterik ez dagoela. Horrela, norberak bere espazio pertsonala duen arren, ezinbestez ondoan duena kontutan izan behar du.
Errespetu eta zaintza une izugarriak sortzen dira, eta espazio faltaren aurrean bilatzen dituzten konponbideak anitzak dira. Batzuetan pertsona batek goiko aldean margotzen du ondokoa behekaldean lanean ari den bitartean; edo, bat hormatik pixkat urruntzen da besteak tokia izan dezan; edo, besterik gabe, margotzen ari den bitartean, ondokoarengana hurbiltzen den heinean bizkarra ukitzen dio gerturatzen ari dela jakin dezan… adibideak jartzen jarrai nezake infinituraino.
Nire tailerra iriki nuenean egoera hauek txunditu egiten ninduten, maitasun handia esnatzen zuten nigan. Gaur egun, horrelako espazioetan egoera hauek ikustera ohitu naizela esango nuke. Baina ez litzake zoragarria izango toki guztietan horrela izango balitz? Horregatik, KonMari™ Metodoa eta Esentzia home joy zerbitzuaren bitartez, benetako elkarbizitza eta errespetuzko baldintza hauek sortzen saiatzen naiz.
Ziur nago zure etxean behin baino gehiagotan izan dituzula espazioen pertsonal eta komunaren desorekagatik desadostasunak. Zure ingurukoekin desadostasunak ekiditea ezinezkoa da. Nire lagun Bruno Lomelek dioen moduan, guztia desberdinak gara eta gertutasunean gure dibergentzia areagotu egiten da. Brunok gertu bizi diren pertsonak trikuekin konparatzen ditu. Norberaren berezitasunak trikuaren arantzak izango lirateke. Gertu bizi garenean, norberaren arantzek ondoko trikuari ziztatzen diote. Kontua ez da arantzak kentzea, arantza horiek besteari minik ez egiteko moduan jartzea baizik 🦔🦔🦔❤️. Hau da, zarena izateari utzi gabe elkarbizitzen laguntzen duten erabaki sortzaileak topatzeko gai izan behar gara.
Badakit momentu batzuetan zaila dela, baina ez zaude bakarrik. Esentzia home joy zerbitzuarekin KonMari™ Prozesua elkarrekin egiten badugu jarrera hauek landuko ditugu. Nire bidelaguntza izateko interesa baduzu eskura duzun edozein bidetatik jar zaitezke nirekin harremanetan👇🏽💌📞☺️ . Eta bestela, beti izango dugu blog hau elkarrekin hazten jarraitzeko.
Besarkada bat
Sara