PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO AQUí
Artikulu honetan bigarren etxeen edo oporretako etxeen inguruan hitz egin nahi dizut. Asko zarete ohiko bizilekuaz gain aisialdirako beste etxe bat duzuenak. Oporretako etxea aipatu dut baina berdin izan liteke kanping bateko bungaloa, familiaren baserria edo partzela txiki bat ere. Jabetza hauek pribilegio bat diren arren, askotan karga emozional handia dakarte beraiekin.
Bidelagundu ditudan prozesuetan ohartu naiz maiz zorionerako gune bat bezain beste izan daitekeela estres iturri bat. Izan ere, ondasun hauek normalean badute berezitasun bat; maiz herentzian jasotakoak dira eta familiako beste kide batzuekin partekatu behar izaten dira, edo zuzenean beraiekin batera edo lagun talde batekin batera erosten dira. Noski, badaude norberak bere kabuz erositako jabetzak ere, baina kasu horietan ere, maiz besteen presentzia – emandako edo fabore moduan gordetako altzari eta objetuen bidez- handia izaten da.
Gainera pentsa, norberaren etxea ordenatuta eta txukun izatea erronka bada, zelako lana bi etxe ezberdin mantendu behar badituzu! Esperientziatik diot, nik neuk ere, oso kontextu desberdinean bizitzako hainbat momentutan bi bizileku mantendu behar izan ditut eta ordena-sistema egoki bat gabe, bertan joaten den denbora eta energia handia dela ziurtatu dezaket.
Goazen bada espazio hauek nola antolatu ikustera, benetan gozamenerako eta zoriontasunerako guneak izan daitezen.
LEHENENGO ZURE ETXEA ANTOLATU
Nire bidelaguntza eskatzen duten pertsonen artean maiz sortzen den galdera da hau: ‘Sara, zurekin ordena-prozesua egingo badut bi etxeak ordenatuko ditugu elkarrekin?’ Nire gomendioa beti, lehengo zure bizilekua, antolatzea da. Bi arrazoi nagusi daude horretara:
1// Garrantzitsuena zure ohiko bizilekua ordenatzen ikastea da. Horretarako nire bidelaguntza oso lagungarria izan daiteke, izan ere, pertsona bat ondoan duzunean prozesua arinago, zailtasun gutxiagorekin eta konpromezu handiagoarekin burutuko duzu.
2// Behin zure etxea KonMari® metodoarekin antolatzen ikasi duzunean, bidean jaso dituzun baliabide guztiak eta barneratu dituzun ohiturak betirako geldituko dira zurekin. Beraz, beste etxe bat ordenatu behar baduzu, edo zure lantokia, edo beste edozein espazio pertsonal, zure kabuz egiteko gai sentituko zara eta prestatuta egongo zara.
Baina bi etxeak hasieratik zure kabuz lantzea erabakiko bazenu ere, berdina esango nizuke. Hasi zure egunerokoan presentzia handiena duen gunetik, zure espazio pertsonaletik, eta gero ikasketa eta baliabide guzti horiekin edozer ordenatzeko gai izango zara.
EZ SUFRITU ALDATU EZIN DEZAKEZUNAGATIK
Lehen aipatu bezala, bigarren etxeetan maiz espazio komuna zure etxean baino askoz ere handiagoa izango da. Izan pertsona gehiagorekin partekatu behar duzulako edo haien ondasun gehiago daudelako, zurea propio sentitzea askoz ere zailagoa izango da.
KonMari® metodoaren oinarri nagusietako bat beti zurea den horretatik, zure espazio pertsonaletik hastea da. Batetik, zurea propio den horrekiko beharrezko erabakiak hartzeko eskumen osoa duzulako. Bestetik, aldaketa guzti horiek eta egin beharreko milaka hautu horiek zure azalean bizitzen dituzunean, askoz ere enpatia handiagoa duzulako besteek senti edo behar dutenarekiko.
Hortaz, esan bezala, zure espazio pertsonaletatik hasi eta aurreragorako utzi besteena dena. Momentua iristen denean oso garrantzitsua da beraiekin hitz egin eta errespetuzko komunikazioa mantentzea. Ez saiatu beraiek konbentzitu edo zure nahia inposatzen. Askotan gure intentzio onenarekin, denon onuran pentsatzen saiatzen gara hori egiten baina gehienetan kontrako eragina sortzen du.
Dena den, nire esperientziaren arabera zintzotasunez hitz egin eta komunikazio irekia mantentzeko gai bazara, normalean beste pertsonak prest egoten dira erdibideko irtenbideak onartzeko. Adibidez, espazio komunetaz zu arduratuko bazara ere, ezer bota aurretik beraiei erakutsi eta haien erabakia errespetatzea. Normalean ordena-prozesua aurrera egin eta aldaketen onurak nabaritzen diren heinean guztiek eskertzen dute eskaini diozun denbora eta konpromezua.
ORDENATZERAKO GARAIAN KATEGORIAK ERRESPETATU
KonMari® metodoaren beste oinarri garrantzitsuenetako bat kategoriaka ordenatzea da, gela edo espazioka beharrean. Hauek dira KonMari® metodoak banatzen dituen kategoriak: arropa, liburuak, paperak, komono – bestelakoak, hau da, gainontzeko kategorietan sartzen ez den guztia- eta objetu sentimentalak. Kategoria hauen ordena errespetatzea garrantzitsua da errezenetik zailenera antolatutak daudelako eta ordena-prozesua askoz azkarrago eta modu eraginkorrean lagunduko dizute.
Beharbada pentsatuko duzu bigarren etxean ez dituzula kategoria guztietako objetuak edo kategoria batzuek ordenatzeak besteak baino premia handiagoa dutenez hobe dela horietatik hastea. Baina ez egin akats hori! Benetan, kategorien ordena aldatzea porrot egiteko bide zuzena da, hasi orduko trabatuta gelditzeko aukera guztiak dituzu eta.
Kategoria bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, orokorrean lan egiteko modua antzekoa da. Pausuz pausu azalduko dizut:
1. Bildu leku bakarrean kategoria horri dagokion material guztia. Atera armairu, apalategi, poltsa, kutxa etab.etatik eta pilatu lanketa egiteko aukeratu duzun espazioan. Behin guztia elkartu duzula multzo txikietan banatu aukeraketa egitea errazagoa izan dadin.
2. Lehenengo kategoria bakoitzean dituzun objetu guztiak berrikusi eta aukeratuko dituzu. Aukeratzerako orduan garrantzitsuena zoriontsu egiten zaituen ala ez da. Pozik, ahaldunduta, zu zeu… sentiarazten zaitu? Emozio pozgarriekin egiten du bat? Ba orduan mantendu egingo duzu.
3. Joaten utziko duzun horri eskertu zure bizitzan bete izan duen funtzioa eta maitasunez joaten utzi. Batzuetan objetu horientzat alternatibak topatuko dituzu, birziklatu, berrerabili, oparitu, saldu, eman… Besteetan zaborretara botatzea beste alternatibarik ez duzu izango, baina kasu horretan ere, era zainduan egin dezakezu.
4. Behin aukeraketa eginda ordenatzeko unea da. Horretarako sistema bertikala erabiltzea oso eraginkorra da. Hau da objetu gehienak (arropak, liburuak, tresneria ezberdina…) bertikalean gordetzen badituzu espazioa aurrezteaz gain errazago ikusi eta gordeko dituzu. Dena den, erabiltzen duzun sistema erabiltzen duzula, garrantzitsuena objetu bakoitzari toki zehatz bat ematea da.
5. Zuretzat bereziak diren objetuei eman ohorezko leku bat, hau da, leku berezi eta zaindu bat. Horrela zoriontasuna izango da etxean nabarmenduko den energia.
Blogean kategoria bakoitza zehazki nola ordenatu azaltzen duten artikuluak topatuko dituzu. Informazio ugari eta oso erabilgarria topatuko duzu bertan.
INOIZ EZ BOTA BESTEENA DENA
Lehen esan dudan moduan, lehenengo zure espazio pertsonaletatik hastea komeni zaizu eta gero, aurrera zoazen heinean kudeatuko dituzu guztienak diren objetuak. Badakit ibilbide horretan behin baino gehiagotan topatuko dituzula besteenak diren objetuak zureekin nahastuta, eta ziur aski, arrazoi ezberdinengatik botatzeko tentazioa izango duzu: hautsita dagoelako, zaharkituta, itsusia iruditzen zaizulako, urteetan erabili ez dutelako, etxean zenutela ere gogoratzen ez zinetelako…
Baina mesedez, botatzea bezalako pausu drastiko bat eman aurretik pentsa ekintza horrek ekar ditzakeen ondorioetan edo bidaltzen ari zaren mezuan:
Batetik, bestearen espazio eta intimitatean sartzen ari zara. Bera ez den beste inork ezin du jakin benetan zer sentitzen duen objetu horrengatik. Zuk pertsona eta objetu horien artean dagoen loturari buruz egin dezakezun interpretazioak gehiago kontatzen du zutaz, beraien errealitateaz baino.
Bestetik, zu besteen gainetik zaudela ere esaten ariko zinake (ez modu kontzientean, noski). Hau da, nahi gabe mezu hauek bidaltzen ariko zinake: “nik zuk baino hobeto dakit zer behar eta nahi duzun”, “nik zuk baino aukeratzeko gaitasun gehiago daukat”, “zure sentimenduak edo bizipenak ez dira nire usteak baino garrantzitsuagoak”…
Ikusten duzun moduan, kaltegabea dirudien ekintza bat errespetu falta bat izan daiteke. Horrelako egoerak ekiditeko, utzi besteen objetuak alde batera eta prozesuaren amaiera hitz egin dagokion pertsonarekin nola kudeatuko duzuen erabakitzeko. Ziur guztiontzat egokiak diren konponbideak topatuko dituzuela.
SISTEMA BERTIKALAREN ABANTAILAK
KonMari® metodoaren berezitasunetako bat ahal diren gauza guztiak sistema bertikalaren bidez gordetzea da. Sistema honek 3 abantaila nabarmen ditu:
• Lekua aurreztuko duzu. Arropa tolestuak esekitokietan zintzilikatuta baino espazio gutxiago hartzen du. Liburu, dokumentu eta bestelako objetuak ere, bertikalean jarrita askoz ere espazio gutxiago okupatzen dute bertikalean jarrita baino.
• Sistema bertikalari esker, modu erosoan hartu eta gorde daiteke guztia. Arroparen kasuan adibidez, sistema tradizionalean ez bezala, non jantziak bata bestearen gainean jartzen diren, sistema bertikalarekin edozein jantzi hartu ahal izango duzu, gainerakoak desordenatu gabe objetu bakoitza bere kabuz eusten baita.
• Guztia egoera hobean mantentzen da, eta gutxiago zimurtu edo deformatzen baita eta ez dute besteen pisua jasan behar izaten.
Hasieran zaila dirudien arren, sistema bertikalarekin gauzak tolestea oso sinplea da. Ikusiko duzu denborarekin trebetasuna hartzen joango zarela eta dena bizkor jasotzeko gai izango zara
OREKA ETA ZORIONTASUNA INDARTU
Bigarren etxeak normalean aisialdiarekin eta oporrekin lotutak daude eta gozamenerako eta lasaitasunerako guneak izaten dira. Hortaz, behin etxean dituzun objetuen aukeraketa eta garbiketa egin ondoren, saiatu kokapenaren bitartez bitartez sentsazio hori indartzen.
Ikusiko duzu nola orain etxea hutsagoa duzunez askoz argiago ikusiko duzula objtu bakoitzaren funtzioa eta lekua. Ziur aski, prozesua amaitzen duzunean giroa hobetzen eta etxea goxatzen jarraitu nahiko duzu. Ziur aldaketa txikien bitartez zure helburua lortzeko gai izango zarela. Askotan ez da diru inbertsio handirik egin behar espazioa zuenagoa sentitzeko, irudimena, ilusia eta saiatzeko gogoa izango dira zure aliatu handienak.
Opor eta aisialdi zoriontsua opa dizut!
Besarkada bat
Sara