LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Liburuen kategoria garatzen jarraituko dugu gaurkoan, gai honen inguruan KonMari Metodoak ematen dituen aholku guztiak izan ditzazun. Galdetu al diozu inoiz zure buruari ea nolakoa den liburuekin duzun harremana? Zailtasunik sortzen dizu liburuak botatzea? Zeintzuk dira liburuen inguruan dituzun sinesmenak?

 

Gai hauen inguruan hausnartzen hasi aurretik, blogera iritsi berria bazara edo KonMari™ Metodoaren bidez etxea ordenatzeko ideia baduzu, lehenengo liburuen kategoriari buruz idatzi dudan artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizut. Bertan, kategoria hau kudeatzeko lehenengo pausu garrantzitsuak topatuko dituzu.

 

Ea ba, ekin diezaiogun dagokigun gaiari.

 

 

 

LIBURUEN INGURUKO SINISMENAK

 

Marie Kondok proposatzen duen ordenatzeko moduan liburuak dira bigarren kategoria, eta hortaz, bigarren kategoria errazena. Sail guztiak kudeatzeko modua antzekoa bada ere, bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta esango nuke, hau dela guztietan sinismen mugatzaile gehienak dituena. Edo behintzat, gure baitan (norbanako gisa zein gizartean orokorrean) apenas zalantzan jarri ditugun balizko baieztapen gehienak dituena.

 

Zein pentsamendu edo ideia datorkizu burura zure liburuak bota behar dituzula esango banizu? Ez da inoiz gertatuko, eh? KonMari aholkulari batek ez dizu inoiz zer bota edo zer gorde behar duzun esango. Baina momentu batez zure barneko diskurtsoaz kontziente izatea nahi dut. Ziur nago galdera horren aurrean erantzun automatikoa ezezko borobila dela. “Liburuak bota, nola? Etxean liburuak edukitzea ezinbestekoa da, liburuak kultura dira.”; “Geroz eta liburu gehiago orduan eta pertsona landuagoa, interesgarriagoa, inportanteagoa… izango zara”; “Etxean liburuak eduki behar dira irakurzaletasuna bultzatzeko” etab.luze bat.

 

Baina aztertu dezagun egoera une batez. Benetan uste duzu apalategiak liburuz lepo edukitzeagatik zure seme-alabek irakurtzeko gogo handiagoa izango dutela? Edo liburu asko izateagatik pertsona landuagoa zarela? Ohartu zara? Liburuak eduki esan dut, ez irakurri. Askotan handicap honekin egiten dut topo, liburuak edukitzea gustuko dugu baina gero ez dugu hauek irakurtzeko denbora edo gogorik izaten. Nahi beste liburu erosteko aukera dugun garai honetan (zeresanik ez liburu digitalak agertu direnetik) liburuak edukitzea fetixismo era bat bihurtu dela esango nuke.

 

Ohiko beste aurriritzietako bat lanbide, pentsaera, ideologia edo mugimendu batekin bat egiten duzulako, horri lotutako liburu piloa izan behar duzula da. Bereziki zerbaitetan “aditua” bazara, ezinbestekotzat hartzen dugu irizpide hau. Baina ez gaizki ulertu, ez naiz esaten ari liburu horiek ez dituzunik eduki behar. Zalantzan jartzen ari naizena ea guzti horiek benetan erabilgarriak diren edo zurekin bat egiten duten da.

 

Dirua ere mugatzaile handi bat izan ohi da. Izan liburua oso garestia delako edo denboran zehar diru asko inbertitu duzulako hauek erosten, zaila izaten da maiz beraietaz desegitea. Baina kasu honetan liburua bera beharrean, horren atzean dagoen dirua ari zara baloratzen, eta honek maiz, ez du benetan sentitzen duzunarekin zerikusirik. Liburu batek duen balio ekonomikoa ez da sortzen dizun zoriontasunarekiko proportzionala kasu guztietan.

 

Azkeneko ideia zabalduenetakoa badaezpada ere liburuak gordetzea da. “Uda iritsi eta denbora dudanerako”, “berriro beste pandemia bizi behar dugunerako”, “bidaian joaten naizenerako”, “inspiratuago nagoenerako”, “nire seme-alabak handitzen direnerako” etab. Amaigabeak dira gure buruari kontatzen dizkiogun aitzakiak.

 

 

 

LIBURUEN FUNTZIO NAGUSIA

 

Liburuek, beren jatorrian funtzio bakarra betetzen dute. Aurrerago ikusiko dugu bigarren mailako beste funtzio batzuk ere badaudela baina hau da garrantzitsuena: irakurtzen duen horri esperientzia bat biziarazi eta informazioa helaraztea. Behin hori eginda, beren funtzioa amaitu dutela esan genezake, eta ondorioz, joaten utzi ahalko genieke.

 

Zertarako balio du apalategian urteak edo hamarkadak geldirik dagoen liburuak? Horietatik zenbat irakurri dituzu bigarren aldiz? Zenbat kasu egin diezu denbora guzti horretan?

 

Proiektu alternatiboko hezitzaile, liburutegiko liburuzaina eta KonMari aholkularia izan naiz, besteak beste. Kasu guztietan egiaztatu ahal izan dut hobe dela liburu gutxi eta modu eroso batean antolatuta edukitzea, badaezpada asko edukitzea baino. Liburu bat hartzeko ondoko liburuekin borrokan ibili behar baduzu, bat hartu eta hiru erortzen bazaizkizu edo liburu konkretu bat bilatzeko 10 minutu baino gehiago behar badituzu, ziurtatzen dizut frustrazioa besterik ez duzula sentituko. Agur irakurzaletasuna.

 

 

 

BESTELAKO FUNTZIOAK

 

Aipatu dizudan moduan liburuek bigarren mailako beste funtzio batzuk ere izan ditzazkete. Kasuren batean adibidez, liburu konkretu bat bereziki ederra irudituko zaizu ez horrenbeste duen edukiagatik duen diseinuagatik baizik. Kasu horretan, liburu hori dekorazio-objetu gisa gorde ahalko zenuke eta apalategian kokatzerako orduan irizpide hori erabili beharko zenuke.

 

Beste funtzio bat, estatus soziala azpimarratzea izan daiteke. Ikusi dituzu abokatuen telesailetan bulegora sartzen direnean beti dituztela liburuz betetako apalategiak? Edo intelektualen etxeak irudikatzen dituztenean berdin… Lehen esaten nuen moduan, zerbaitetan “aditua” zarela adierazteko modu bat ere bada gaiari lotutako liburuak edukitzea. Baina ez gaitezen engainatu, liburu guzti horiek edukitzeak ez du esan nahi irakurri dituzunik edo erabilgarriak direnik, eta are gutxiago, denak barneratu edo atsegin dituzunik.

 

 

 

LIBURUEN AUKERAKETA EGITEKO GALDERA LAGUNGARRIAK

 

Arroparen kategorian aipatu nizun bezala, jarraian jarriko ditudan galderak iradokizun bat besterik ez dira. Eskura utzi nahi dizkizut zuretzat erabilgarriak izango direlakoan. Baina ziur nago zuk zure galdera eta ausnarketa propioak izango dituzula, beraz, egokitu atal hau behar duzun bezain beste. Zure burua ez baldintzatzeko ez irakurtzea erabakitzen baduzu ere erabat egoki deritzot:

 

  • Zer sentitzen duzu liburu hori ikutu edo irakurtzen duzunean?
  • Zein bizipen edo oroitzapen dakarkizu? Bizipen edo oroitzapen horrek zoriontsu egiten zaitu gaur egun?
  • Lotura-emozionala duzu liburu horrekiko? Nolako lotura da? Nola sentiarazten zaitu?
  • Liburu hori behar duzu informazio hori jasotzeko?
  • Irudikatu duzun bizitza ideal horretan, liburu hori zure apalategian egongo litzake?
  • Zergatik ez duzu inoiz irakurri? Edo zergatik utzi zenuen erdibidean? Zerk geldiarazten zaitu?
  • Benetan gustuko duzu gaia edo nola dagoen azalduta?
  • Zintzotasunez erantzun, zenbateko garrantzia du liburu horrek zuretzat?
  • Zein funtzio betetzen du liburu honek zuretzat?
  • … (bururatzen zaizun beste edozein galdera)

 

Liburuak aukeratzeko orduan egin kasu zure gorputzak adierazten dituen jarrerei. Zerbait gustuko duzunean edo bizipen/oroitzapen zoriontsu batekin lotura egiten duenean, zure gorputza erlaxatu egiten da, sorbaldek tentsioa askatzen dute eta masailezurra askatu egiten da. Nahi gabe irriparretxo batek ihes egingo dizu eta zure jarrerak orokorrean irekiera adieraziko du.

 

Ahal duzun neurrian egon adi zure gorputzak adierazten duenari. Niri bezeroekin lan egiten dudanean askotan gertatu zait ahoz gauza bat esaten duten bitartean bere espresioak erabat kontrakoa adierazten duela. Kontraesan hori islatzen diedanean beren hasierako argudioaren atzetik benetan sentitzen dutena atera ohi da.

 

Zure kasuan, prozesu hau bakarrik egitea erabaki baduzu behintzat, ni ez naiz bertan egongo antzematen ditudan kontraesanak ikustarazteko. Horregatik, zure buruarekin ahal duzun zintzoena izaten saiatu beharko duzu.

 

 

 

GARRANTZITSUA!

 

Gaurkoz amaitzen joateko azkeneko aholkua eskaini nahi dizut. Aurreko artikuluan aipatu nizun moduan liburuak berrikusterako garaian guztiak apalategitik atera eta azpisailetan banatu behar dituzu. Hori eginda duzunean, banaka-banaka hartu eta zure bihotzera hurbildu behar dituzu. Beharbada, ez duzu argi izango bihotzak zer esaten dizun eta horregatik, liburua ireki eta irakurtzen hasteko tentazioa izango duzu.

 

Ez egin akats hori! Libura irakurtzen hasten bazara fokua galduko duzu eta lan-erritmoa moteldu egingo da. Irakurtzen hasiz gero atal hori amaitu gabe uzteko arrisku handia izango duzu, izan ere, ohartzen zarenerako denborak aurrera egingo du eta ez duzu saio bakarrean burutzeko astirik izango. Baina, batez ere, zure buruarekin lortu duzun sintonia eta kontzentrazio maila galtzeko arriskua duzu eta gero izugarri kostatuko zaizu jarrera hori berreskuratzea.

 

Horregatik, sentitzen duzunarekiko zalantza baduzu nire gomendioa liburuaren atzekaldean egon ohi den laburpena edo asko jota aurkibidea irakurtzea da. Liburua iriki, orriak atzera eta aurrea pasa edo liburua usaitzea ere lagungarria izan daiteke. Beharbada tontokeria irudituko zaizu baina ikusmenaz gain, gainontzeko zentzumenen bidez senti dezakegunak argibide asko eskaini ahal dizkizu.

 

Aldizkarien edo bildumen kasuan, berriz, blokean begiratu ditzazkezu, bakarra izango balira bezala. Edo horietatik zuretzat garrantzitsuena izan dena aukeratu gainontzekoen ordezkari gisa.

 

Beno, zer moduz zaude? Erraz egiteko modukoa iruditu zaizu? Honezkero eman dizudan informazio guztiarekin liburuen aukeraketa egiteko prest zaude. Gehiegi ez luzatzeko hurrengo artikulurako utziko dut liburuak ordenatzeko moduaren azalpena. Nahiago dut informazioa dosi txikietan eman, gehiegi luzatu eta gaindituta sentitzea baino. Dena den, ohiko moduan, edozer behar baduzu idatzidazu blogeko iruzkinetan edo email bidez. Benetan pozik lagunduko dizut behar duzun guztian.

 

Besarkada bat

 

📸@gaellemarcel
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies