TIENES EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ
Marie Kondok proposatzen dituen kategorietatik lehenengoa ikusten ari gara azkeneko aste hauetan. Imajinatu al duzu nola izango litzakeen goizero zer jantzi nahi duzun argi ikustea? Zure esentzia eta beharrekin bat datorren arropa edukiatzea? Armairua irekitzen duzun bakoitzean poza sentitzea?
Gaurkoan kategoria hau behin betiko antolatu eta ordena beste maila batera eramateko baliabideak ekarri dizkizut. Zure arropa guztia berrikusi eta ordenatzen hasten zarenean lagungarria izatea espero dut.
AUKERAKETA EGITEKO GALDERA LAGUNGARRIAK
Aurreko artikuluetan aipatu izan dudan moduan lehenengo zure arropa eta osagarri guztiak berrikusi beharko zenituzke. Konturatu zara armairuko arropa batzuekin eta besteekin duzun harreman ezberdinaz? Harreman hori aldatzen joango da gainera zure egoera animikoaren eta gorputzeko aldaketen arabera. Emakumeok gure hilekoaren garai ezberdinei kasu egin besterik ez dugu aldaketa horietatik asko ziklikoki ematen direla ohartzeko.
Ikusten duzun moduan, zure arroparekin duzun harremana oso lotuta dago zure behar, sentipen eta emozioei. Egunerokoan alde praktikoa ere begiratu behar duzu, noski, baina une oro nola sentitzen zaren kontutan hartzera gonbidatzen zaitut.
Horregatik arropa berrikusten ari zaren momentu horretarako galdera hauek lagungarriak izan daitezkeela pentsatzen dut:
- Zer sentitzen duzu zure bihotzera hurbiltzen duzunean?
- Alai, zoriontsu, ahaldunduta… sentitzen zara?
- Jazten duzunean zer imajinatzen duzu? Zein irudi isladatzen dizu?
- Zer sentitzen duzu arropa hori ikutzen duzunean? Gustuko duzu materiala?
- Ba al du lotura emozionalik?
- Dakarkizun oroitzapen hori positiboa da gaur egun?
- Norbaitekin loturarik badu, arropa hori behar al duzu beretaz gogoratu edo gertu sentitzeko?
- Zer duzu gustoko arropa honetaz? Zer falta zaio?
- Arropa honen antza duen baina zuretzat egokiagoa izan litekeenik topa dezakezula uste duzu?
- Zure bizitza idealaren irudi horrekin bat egiten du?
- Zintzotasunez, zoriontsu izateko zenbat arropa beharko zenukeela uste duzu?
Ohartu zara ia ez dudala funtzionaltasunarekin zerikusia duen galderarik egin? Galdera horiek ere lagungarriak izan daitezke baina nik bigarren maila batean uzten ditut. Hauek izango lirateke adibide batzuk:
- Zenbat aldiz jazten duzu?
- Zertarako erabiltzen duzu?
- Zenbat balio du?
- Horrelako zenbat dituzu?
Nire ustez galdera hauek ez dute zertan sortzen duten zoriontasunarekin loturarik izan behar. Hau da, ziur badagoela arroparen bat gustoko ez duzun arren, garestia delako edo bere momentuan inbertsio handi bat egin zenuelako, ez duzuna bota nahi. Edo badaude arropa batzuk orain arte izugarri erabili dituzunak, baina ez zoriontsu egiten zaituztelako, eskura zenuelako baizik; edo egunerokoan zer jarri pentsatzen aritu beharrean erosoagoa delako harrapatzen duzun lehenengo gauza jartzea.
Aurreiritziek ere beren pisua izaten dute, adibidez, ekintza edo lan konkretu bat egiteko modu zehatz batean jantzita joan beharko zenukeela. Zorionez egun, garai bateko molde asko hautsi eta gainditu ditugu (oraindik beste asko gelditzen diren arren) eta horrek arropa eta estiloari dagokionean aukera berriak zabaldu ditu.
Nik garrantzia handia ematen diot gune babestuak sortu edo bilatzeari, mingarriak izan daitezkeen komentario eta iritzietatik salbu egon gaitezkeen guneak alegia. Gai honi lotuta, horrelako espazioak askatasun guneak izan daitezke behar eta nahi duzun moduan zure estilo propioa adierazteko. Bakoitzak gaitasun ezberdina dugu kritikak edo iritziak kudeatzeko baina, nire antzera epaiei beldur dexente diozun horietakoa bazara, pixkanaka barne lanketan bat egin eta babes gune horiek bilatu eta zabaltzera gonbidatzen zaitut.
PUNTU GARRANTZITSU BAT ETA ZORIONTASUNA GEHITUKO DUTEN 4 AHOLKU
Garrantzitsua! Arropa eta kategoria honetako gainontzeko ondasunak berrikusteaz amaitzen duzunean, gorde kategoria honetako gauza guztiak espazio berean edo elkarren ondoan. Hau da, zure arropa, osagarriak, zapatak eta poltsak armairu berean, edo armairuan eta komoda batean, gordetzea izango litzake aukera aproposena. Horrela, kategoria honetako objektu guztiak lokalizatuta izango dituzu, eta minutu bat ere ez duzu galduko bilatzen duzuna aurkitzeko.
1// Zure intuizioari kasu egin eta arropak txukun eta polit ikusteko moduan jarri. Edertasunik garrantzitsuena gure baitan dagoena da, baina ukaezina da gauza politek ematen duten poza.
2// Aurreko ideiari jarraiki, zure arropen artean usain-belarren poltsa bat edo adarren bat jar dezakezu, armairua irekitzean usaina senti dezazun; zure osagarrien artean dagoen harri eder batek edo armairuko atearen atzean dagoen argazki inspiratzaile batek begirada alaituko dizu. Zaindu zure bost zentzumenak, zoriontasun dosi bat ez dago inoiz soberan, ezta?
3// Arropa zintzilikatzean, aurkitu egokiak diren pertxa uniformeak. Uniformetasunak begirada baretzen du eta lasaitasuna helarazten du.
4// Zaindu xehetasunak guztiak ezin hobeto funtzionatu dezan. Zure bizitzara lasaitasuna eta poza ekartzea da helburua. Ez dago ezer astunagorik goizero janztera joan eta ate eta tiraderekin borrokatu behar izatea baino. Armairuaren argiztapena ere zaindu ezazu, ez du ezertarako balio arropa polita edukitzeak armairua irekitzen duzunean iluntasuna bakarrik ikusten baduzu.
EMAN BIDEA SORMENARI
Jolastu, probatu, ikertu, egin eta desegin … ez dago akatsik egiteko arriskurik. Ziur nago baliabide asko (zuk uste baino gehiago) eta sortzeko gaitasun mugagabea duzula (hau ez da nire uste bat, egiaztatuta dagoen baieztapena baizik).
Orain, zehazki zer duzun eta zer behar duzun dakizunez, uste dut oso dibertigarria izan daitekeela kategoria honetarako biltegiratze-sistema perfektua diseinatzea. Gainera, ez duzu dirutza gastatu beharrik, nahi ez baduzu behintzat. Aurkitu inspirazioa, birziklatu altzariak, aprobetxatu DYI tutorialak, aurkitu zure aurrekontuarekin bat datozen dendak …
Batez ere, ez izan presarik, ez erosi ero moduan edo larritu dena ez daukazulako nahi duzun bezala. Oso ondo ulertzen dut nola sentitzen zaren, ni ere bide horretan nago oraindik. KonMari™ Prozesua prozesu sakon eta eraldatzailea da. Eta gainerako bizi-prozesuek bezala, bere denbora behar du finkatu eta nahi ditugun emaitzak emateko. Norberaren eta bizitzaren denborak errespetatzen ikastea eta oraina baloratu eta gozatzea da, zalantzarik gabe, prozesu honetan izan dezakezun ikaskuntzarik garrantzitsuenetako bat.
KONMARI™ METODOAREN BIDEZ ZURE ARROPA ORDENATZEAREN ONURAK
– Zer eta zenbat daukazun konturatuko zara.
– Objetu bakoitza zehazki non gordeta dagoen jakingo duzu.
– Beraz, denbora aurreztuko duzu bilatu eta ordenatzerako garaian.
– Zure kontsumitzeko modua aldatuko da, zehazki zer duzun jakingo duzulako batetik. Eta, bestetik, soberan duzun guztiaz jabetzea izugarri bortitza delako, eta hori guztia botatzea, zeresanik ez. Jada ez duzu berdin erosiko, horrek dituen ondorioen kontzientzia handiagoa izango duzu eta.
– Daukazun guztiak zentzua izango du, zeure esentziarekin konektatuta egongo da, benetako zu irudikatuko du, guztiak zure ukitu pertsonala izango du.
– Zeure burua ezagutzeko modu bat da. Ez da terapia, baina oso eraldatzailea izan daiteke. Zure sinesmenei, pentsamenduei, beldurrei, desioei, ilusioei… buruzko argibide asko emango baitizu. Hortik aurrera, norberaren esku dago zenbat sakondu nahi duen.
– Argia, arintasuna eta autonomia eman, eta ahalduntzen zaituen prozesua da.
– Salbuespena da. Kontzientziaz egiten baduzu eta KonMari™ prozesu osoa burutzen baduzu, nahikoa da bizitzan behin bakarrik egitea. Gainerakoa, ordena mantendu eta eguneratzea izango da. Zure burua aldatzen doan neurrian, zure gauzak ere aldatzen joango dira.
Zer iruditu zaizu? Orain bai blogean kategoria hau lantzeko behar duzun informazio guztia duzula esango nuke. Aurreko artikulu nagusietara eramango dizuten bi loturak utziko dizkizut eskura.
Lehenengo kategoria: ARROPA, 1.zatia
Lehenengo kategoria: ARROPA, 2.zatia
Dena den, prozesuan zehar zalantzarik baduzu edo hau guztia irakurrita oraindik zerbait argi ikusten ez baduzu, mesedez, idatzidazu lasai eta inolako konpromezurik gabe beheko iruzkinetan, harremanetarako emailera edo sare sozialetan. Benetan zoriontsu egiten nau zuen galdera eta beharrei erantzun eta eskura dudan bide guztietatik laguntzeak.
Mila esker beste aldean egoteagatik eta besarkada bat