TIENES EL AUDIO DEL ARTÍCULO EN CASTELLANO AQUÍ👇🏽👇🏽✨

 

 

Duela aste batzuk KonMari®️ metodoaren bidez Black Fridayeko erosketak nola kudeatu azaltzen zuen artikulu bat idatzi nuen. Aipatutako oinarri guztiek, edozein motako opariak erosi behar dituzunerako erabalgarriak izango dira. Gabonak gainean ditugun momentu honetan artikulu hori benetan erabilgarria izan dakizukela uste dut, ziur erosketaren bat egiterako orduan lagungarria izango zaizun gako berriren bat topatuko duzula.

 

Gaurkoan, ordea, ez dizut egingo dituzun oparien inguruan hitz egin nahi, egun hauetan jasoko dituzun opariez baizik.

 

Zer nahiago duzu opariak egin ala opariak jasotzea?

 

Oso kuriosoa egiten zait zelako harreman bitxia dugun oparien kontu honekin. Izan ere, berez plazerrerako edo maitasuna adierazteko jaioa den ekintza bat, maiz kudeatzen zaila den pisua bihurtzen baita. Esango nuke gehienok atsegin dugula opariak jasotzea, beti ere gure behar edo gustuekin asmatzen dutenean. Baina oso gutxi dira, gustuko ez duten oparien aurrean naturaltasunez jokatu eta beraiekin zer egin asmatzen dutenak.

 

Era berean badaude, opariak egitea izugarri maite duten pertsonak, erraztasun berezi bat dute ingurukoek nahi edo behar duten horri adi egon eta momentua iristen denean opari moduan eskaintzeko. Baina beste askorentzat opariak lortzea larritasun eta presio handiko una izaten da.

 

Finean eskaini, eskatu, zaindu edo zaindua izatearen artean sentitzen dugun plazer eta zailtasunak nahasten zaizkigu berez karga berezirik ez duten objetu edo esperientzien atzean.

 

 

OPARIEN FUNTZIOA

 

Aurreko artikuluan aipatzen nuen moduan, opari baten funtzioa oparitua izatea da. Behin bestearen eskuetara iritsi denean, bere betebeharra bete du, eta hortaz, mantendu edo joaten uzteko libre da.

 

Marie Kondok bere lehenengo liburuan aipatzen duen moduan ondasunek zure bizitza hobetu nahi dute beti. Duzun guztiak lagungarria izan nahi du zuretzat, horregatik zerbait zoko batean baztertuta eta ahaztuta uzten duzunean bere zentzua galtzen du erabat. Kasu horretan hobe izaten da beste norbaitentzat erabilgarria izango den moduren batean joaten uztea.

 

Horrekin ez dut esan nahi betetzen ez zaituena edonori eta edonola oparitu behar duzunik. Oso garrantzitsua da arduratsu jokatzea zuk nahi ez duzun horren zama nori pasako diozun aukeratzerako orduan. Beste horren bizitzan ekarpen positiboa egingo badu zoragarri, baina bestela egokiagoa joaten da uzteko beste bide batzuk topatzea.

 

 

NOLA SENTITZEN ZARA OPARIAK JASOTZERAKOAN?

 

Nolako lotura senitzen duzu opariekiko? Zoriontsu egiten ez zaituzten arren joaten uztea kostatzen zaizu? Edo zentzu horretan burua eta bihotz hotz mantentzeko gai zara eta beharrezkoa denean interbide egoki bat bilatzen al diozu?

 

KonMari®️ prozesuak bidelaguntzen ditudanean opari moduan iritsi ziren objetuekin topo egiten dugu maiz. Objetu hauek prozesuaren amaieran, objetu sentimentalen kategorian, kudeatzeko uzten ditugu, izan ere, objetua berak zoriontsu egin edo ez egin arren oparia egin zuen pertsonarekin lotura nahiko handia izan ohi da.

 

Ordenaren prozesua egiten ari den pertsonarentzat erlatiboki erraza izaten garai bateko opariek zoriontsu egiten dioten ala ez identifikatzea. Kategoriaz kategoria etxeko objetu gehienak banaka-banaka berrikusi dituzunean “zoriontasunaren detektagailua” erabat garatuta izatea lortuko baituzu. Beraz, prozesuaren amaierako fasera iristen zarenerako ziur nago zuk zeuk opari horiek kudeatzeko nahikoa baliabide izango dituzula.

 

 

OPARIAK ETA HARREMANAK

 

Oparien atzean topatu dudan beste jarrera errepikakor bat ingurukoekin, bereziki oso gertukoak diren pertsonekin, harremanak kudeatzeko zailtasuna da.

 

Urtegun bereziak albo batera utzita (urtebetetzeak, urteurrenak, gabonak…) edozein egunetan opariak egiten dizkizun norbait baduzu? Bidelagundu ditudan pertsonen artean ohikoena rol hori amek betetzea izaten da; zure ongizatea zaintzeko nahiagatik behar baino gauza gehiago ekartzen dizkizu etxera. Baina zoriontsu egiten al dizute gauza horiek guztiek? Benetan behar al dituzu? Berak ekarri ez balizkizu, zuk ezaugarri horiek dituen objetu hori erosiko al zenuke?

 

Benetan zaila izaten da horrelako dinamikei amaiera ematea eta egitekotan maitasun eta enpatia handiz egin beharko litzakeela uste dut. Gainera tartean bi aldeetatik ikasketa ikaragarriak egiten direla esango nuke:

 

– Batetik, benetan zer nahi eta behar duzun argi izatea.

– Izan edo eduki nahi duzun hori nolakoa izatea nahi duzun erabaki.

– Zer eta nolakoa erabakita, zenbat behar duzun jakin beharko zenuke.

– Aurreko puntuak kontuan edukita maitasunez adierazteko eta mugak jartzeko gai ikusten zara?

– Besteak zergatik jokatzen duen modu horretan ulertzen duzu?

– Eta beharbada zailena, hori guztia modu errespetatsua komunikatzea

 

 

ETA EZ BANAIZ OPARIAK JOATEN UZTEKO GAI?

 

Hau ere oso galdera ohikoa izaten da. Zer egin zerbait joaten uzteko gai ez banaiz? Nire ustez egoera horri aurre egiteko gako hauek garrantzitsuak dira oparien kasuan:

 

1// Oparia gustuko ez baduzu baina halere joaten uzteko gai sentitzen ez bazara emaiozu denbora bat. Batzutan zailtasuna ez da pertsona horrekin dugun lotura edo beste maila bateko konpromezua, pasa den denbora baizik. Jaso eta berehala joaten uztea bada zailtasuna sortzen dizuna, gorde toki egoki batean oparia eta hartu hemendik X denborara berrikusteko konpromezua.

 

2// Joaten uzteko momentu eta modu egokia topatzeak izugarri laguntzen du. Hau da, bilatu momentu intimo bat, beste inork baldintzatuko ez zaituen une bat, eta egin askatzeko erritual txiki bat. Ez da ezer konplikatua izan behar, joaten utzi aurretik bete duen funtzioa eskertzea bera nahikoa izan daiteke. Nik nire barruan horrelako esaldi bat esan ohi dut: “Mila esker …………… (objetua) denbora honetan zehar ……………………………………..bizitzen lagundu didazulako. Orain joaten utziko dizut beste pertsona bat zoriontsu egin iezaiozun edo niregana benetan behar dudan beste zerbaitetan eraldatuta etor zaitezen”.

 

3// Objetu horrentzat alternatiba ezberdinak bilatzea ere oso lagungarria izan daitekeela uste dut. Ez da berdina edozein modutan zuzenean zakarretara botatzea edo objetu horrek bigarren bizitza bat izan dezan alternatibak pentsatzeko denbora bat eskaintzea. Agian ez duzu konponbide perfektua topatuko baina ahaleginak merezi izango du.

 

4// Aurreko pausuak emanda ere oraindik muga handia sentitzen baduzu, lasai. Bilatu zure objetu maiteen artean gordetzeko toki egoki bat. Eta ez hori bakarrik! Ohorezko toki bat bilatzeaz gain kontu bereziarekin zaintzen baduzu ikusiko duzu nola denborarekin argiago sentituko duzun zure etxean egoten jarraitu behar duen ala ez.

 

Kontatuko didazu gabonen bueltan ea egun hauek nola igaro dituzuen eta nola bizitu duzun aurten oparien kudeaketa. Plazerra izango da zu entzutea.

 

Besarka bat

Sara

 

 

📸IdoPhotography
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies