ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Zure KonMari™ prozesua hasi duzu baina Komono kategoriara iritsi zarenean nola kudeatu ez dakizula gelditu zara? Komono barruan sartzen diren objetu guztiak begiratzearekin batera izugarrizko larritasuna sartzen zaizu? Ez arduratu, aurrekoan aipatzen nizun moduan artikulu honetan eta etorriko diren beste hainbatetan kategoria honen xehetasun guztiak azalduko dizkizut.

 

Hasi aurretik gogoratu nahi dizut aurreko artikuluan Komono lantzerako orduan porrot ez egiteko hainbat aholku utzi nizkizula. Biziki gomendatzen dizut ezertan hasi aurretik gomendio horiek irakurtzea.

 

Orain bai, Komonoren hasierako pausuetan sakontzeko prest? Aurrera!

 

 

AURRETIKO PAUSUAK

 

Dakizun moduan KonMari™ metodoaren edozein kategoria kudeatzerako garaian lehenengo pausua kategoria horri dagokizkion elementu guztiak biltzea izango litzake. Baina kasu honetan, Komono kategoria hain zabala denez, multzo txikitan lantzea gomendatzen dizut.

 

Komonoren barruan azpikategoria asko sartzen dira, aurreko artikuluan aipatu nizkizun ohikoenak. Azpikategoria horien barruan oraindik ere multzo gehiago egiteko aukera izango zenuke. Guztiak batera ateratzea espazio aldetik konplikatua izan daiteke eta dena batera pilatuta ikustea are eta gogaikarriagoa. Horregatik, nire gomendioa lehenengo 3 azpikategorietatik hastea izango litzake. Behin horiek berrikusi eta aukeratu dituzunean, hurrengo hiruekin jarraituko zenuke. Eta horrela pixkanaka guztia amaitzen duzun arte.

 

“Baina nondik hasiko naiz?” Konplexua dirudien arren, oso erantzun sinplea duen galdera da honakoa. Nondik hasi? BETI ERREZENA iruditzen zaizun azpikategoriatik. Agerikoa dirudi baina prozesuaren puntu honetara iristen diren guztiek sentitu ohi dute kezka hau hasierako momentuan.

 

Aurrekoan aipatzen nizkizun kategorien artean, nik nire bezeroei normalean hiru edo lau azpikategoria hauetatik hastea gomendatzen diet:

 

– Arroparekin zerikusia duten beste azpikategoriak (arroparen kategorian landu ez bazenituen): maindireak, eskuoihalak, mahai zapiak eta bestelako oihalak…

– Papergintzarekin zerikusia duten azpikategoriak (paperen kategorian landu ez bazenituen): mota guztietako koadernoak, orriak, karpetak, errotulagailu eta boligrafoak, papergintzako gainerako material eta osagarriak…

– Material elektroniko txikia: USB, CD, DVD eta bestelako memoria digitalak batetik. Eta bestetik, mugikorrak, argazki kamarak, ordenagailuak, kableak, bateriak, aurikularrak…

– Garbiketa eta osasunarekin zerikusia duten produktuak (normalean komunean izaten ditugunak): jaboiak, kremak, tonikoak, makillajea, orrazeak, kotoizko diskoak, sendagaiak etab.

 

Baina esan bezala, Komono barruan sartzen diren azpikategorien zerrenda horretatik errezenak iruditzen zaizkizunetatik hasi zaitezke. Garrantzisua da zure beharretara egokitzea.

 

 

ARINTASUNEZ LAN EGIN

 

Gogoratzen duzu zein den KonMari™ metodoan aukeraketa egiterako orduan erabiltzen den irizpidea? Hori da, sortzen dizun ZORIONTASUN maila (zoriontasuna bere zentzu zabalenean ulertuta).

 

Hori horrela izanik, eta kategoria honetan zoriontasunak pisu handia badu ere, alde praktiko edo errealistari harreta jarri eta zure buruarekin zintzotasunez jokatzea gomendatzen dizut. Adibide batekin errazago ulertuko duzu:

 

Pentsa zure maindireak eta eskuoihalak berrikusten ari zarela. Batetik, garrantzitsua da elementu horiek zure gustukoak izatea. Hau da, atsegin duzun materiala edo ehundura izatea, kolore edo estanpatu erakargarria, goxotasuna eta garbitasuna helaraztea… Esku artean hartzen dituzunean, benetan pozik eta etxean sentiarazten zaituzten objetuak izan beharko lirateke.

 

Bestetik, ahal duzun objetibotasun handienarekin benetan horrelako zenbat behar dituzun galdetu beharko zenioke zeure buruari. Zintzotasunez erantzun, benetan zure oherako zenbat maindire behar dituzu? Gehiengoarentzat ohe bakoitzeko 3 nahikoak dira (jarrita duzuna, garbitzen dagoena eta badaezpadako hirugarren bat). Ikusten duzun moduan, zoriontasunaren eta praktikotasunaren arteko oreka bilatu behar duzu kategoria honetan zehar.

 

Bestalde, izan dezakezun aurreiritzi bat argitu nahi dizut:

 

Komono (beste kategorietarako berdin balio du) asko izateak ez du zertan kudeatzeko denbora asko beharko duzunik esan nahi.

 

Objetu ezberdin asko izanagatik Komonok oso kategoria astuna dirudi baina aldiz, nirekin lan egin dutenen esperientziaren arabera, oso arin landu daiteke. Aurreko kategorietan hartu duzun esperientziak eta orokorrean joaten uzten errezak diren ondasunak direnez, arintasunez eta era dinamiko batean lan egiteko aukera ematen du.

 

 

OSPATU BIZITZA EGUNERO

 

KonMari™ metodoaz izugarri gustatzen zaidan puntu bat hauxe da, dugun guztiaz egunerokoan gozatzeko ohitura bultzatzen duela.

 

Arropa erosi eta etiketa kendu gabe denbora luzez armairuan gordeta edukitzen duzun horietakoa zara? Ospakizun berezietan bakarrik erabiltzen duzun baxera bat duzu etxean? Idazteko zerbait berezia ez duzulako hutsik dituzun koadernoak pilatzen zaizkizu?

 

Pentsa une batez, momentu berezietarako gordetzen dituzun ondasun horiek zure egunerokoan erabiltzen hasiko bazina nola sentituko zinatekeen. Ohartzen bazara, hautu horren atzean oso mezu garrantzitsuak bidaltzen ari dizkiozu zeure buruari:

 

– Garrantzitsua naiz, baliotsua naiz eta inguruan dudan ongizate guztia merezi dut.
– Egun guztiak dira bereziak eta mometua gozatzeko gai naiz
– Eskertuta nago inguruan dudan guztiaz eta horregatik, nire buruari hortaz guztiaz gozatzeko baimena ematen diot
– Bizitzako momentu txiki guztiak ospatzen ditut, ez soilik salbuespeneko gertakizun handiak

 

 

PLANGINTZA

 

Saioaren alde praktikoari begiratuta, zure lan eguna ahal den gehien probesteko 10 ohitura eta pausu azalduko dizkizut jarraian:

1// Ongi deskantsatuta etorri saiora. Badakizu nola diren kontu hauek: goiz oheratu, hartu lasaitzen lagunduko dizun infusioren bat edo eman olio esentzialen bat, deskonektatu aparatu digitaletatik ohera sartu baino ordu batzuk lehenago…

 

2// Saioaren aurretik egin Komonoren barruan topatzen dituzun azpisail guztien zerrenda eta aukeratu errezenak iruditzen zaizkizun lehenengo 3 edo 4ak.

 

3// Aukeratu dituzun azpisail horietan sartzen den guztia bildu etxeko gune bakarrean, hurrengo egunean lanerako erabiliko duzun gela bada askoz hobe.

 

4// Era berean prestatu lanerako erabiliko duzun gela edo txokoa. Nik normalean egongelan, logelan edo gonbidatuen gelan egin ohi dut nire bezeroekin.

 

5// Saioa goizean goiz egitea oso gomendagarria da. Ordu horretan burua oraindik nahiko lasai egoten da eta gorputza askoz ere sentikorragoa da.

 

6// Ahal duzun neurrian itzali mugikorra edo jakinarazpenak, blokeatu zure denbora eta delegatu besteen eskuetan utzi daitezkeen ardura guztiak. Denbora hau zure zaintzarako eta ongizaterako garrantzitsua da.

 

7// Lehenengo berrikusi eta aukeratu azpikategoria bakoitzeko ondasun guztiak eta gero ordenatu. Ez hasi ordenatzen aukeraketa egiten ari zaren bitartean horrek zure lan dinamika guztia pikutara bidaliko du eta.

 

8// Zailtasuna sortzen dizun edozerrekin topo egiten baduzu, utzi saioaren amaierarako eta jarraitu aurrera. Gogoratu! Beti errezenetik zailenera egin behar duzu lan.

 

9// Bilatu kokaleku bat objetu bakoitzarentzat. Ez larritu oraintxe bertan ez baduzu leku perfektua topatzen. Denborak emango dio bere behin betiko lekua. Gainera guztia ezin daiteke momentuan bertan lortu.

 

10// Jolastu, ikertu eta landu. Saiatu ahal duzun neurrian zure auto-exijentzia, auto-kritika eta mugako perfekzionismoa alde batera uzten eta konektatu barruan duzun jolasteko gaitasunarekin. Prozesu honetan ez dago akatsik eta zuretzako baliagarria den orden-sistema saiakera ezberdinen bitartez lortuko duzu.

 

Beno, honezkero informazio gaindosia izango duzula pentsatzen dut. Oraindik asko dago Komonoren inguruan hitz egiteko, baina lasai, datozen artikuluetan azpikategoria bakoitza zehaztasunez ikusteko aukera izango dugu eta.

 

Bitartean, besarkada bat

Sara

 

 

📸@brookelark
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies