VIDEO EN CASTELLANO AQUÍ
Zure KonMari™ prozesua burutzen ari zara baina komonora iritsi zarenean nondik jarraitu ez dakizula gelditu zara? Ezagutzen al dituzu Komonoren azpikategoria guztiak? Zein iruditzen zaizu errazena?
Duela aste batzuetatik Komono kategoriaren inguruan ari gara hizketan. Badakit kategoria hau itxuraz astuna edo itogarria dela senti dezakezula. Horregatik nire asmoa artikulu hauen bitartez, apurka-apurka kategoria honen xehetasun guztiak azaltzea da.
Aurreko artikuluetan Komonori buruzko hausnarketa orokor batzuk bildu nituen. Bertan azaltzen nizun moduan, kategoria honekin nondik hasi ez badakizu, beti errezenak iruditzen zaizkizun azpikategoriak aukeratu behar dituzula. Marie Kondo eta beste milaka aholkulariek dugun esperientziaren arabera ondorengo hauek izan ohi dira kudeatzeko errezenak: ehunak, papergintza eta material elektronikoa.
Artikulu honetan hiru azpikategoria hauek nola antolatu erakutsiko dizut.
EHUNAK
Azpisail honetan ehunezkoak diren elementuak sartuko lirateke: maindireak, eskuoihalak, mahai-zapiak, mota guztietako ohialak…
Baliteke zuk azpisail hau arroparekin batera berrikusi eta ordenatu izana, material berdinarekin sortuak direnez lehenengo kategoria horren jarraipen naturala izango litzake eta. Baina horrela ez bada, arroparekin lan nahikoa izan bazenuen eta zati hau orain kudeatu nahi baduzu ere, zoragarri!
Betiko moduan egin beharreko pausuak hauek dira:
– Aipatutako material guztia puntu bakarrean bildu. Hortaz, atera guztia armairu, apalategi eta kutxetatik. Oroitu trastelekuan, oporretako etxean, furgonetan… etab.dituzunetaz ere. Helburua zurea den guztia bateratu eta kolpe batez antolatzea da.
– Guztia eskura duzunean talde txikitan banatu: maindireak (nordikoak, maindireak, bururdi-azalak…); eskuhoialak (eskutakoak, gorputzekoak, baino-soinekoak…); mahai-zapiak (esku-zapiak, mahai-zapiak, garbiketarako trapuak…); bestelako oihalak (josteko erabiltzen dituzunak, esaterako).
– Multzoak eginda bakoitzean dagoena banaka-banaka berrikusi beharko zenuke. Zer mantendu nahi duzun erabakitzerako orduan, aurreko artikuluan aipatzen nizun moduan, zoriontasunaren eta praktikotasunaren arteko oreka bilatu behar duzu. Hauek izan daitezke galdera lagungarri batzuk:
· Gustuko duzu zein materialekoa den? Atsegina al da ukipena?
· Ikusten duzunean zoriontsu egiten al zaitu? Gustuko duzu kolorea, estanpatua, itxura?
· Zein ideia helarazten du? Goxotasuna, elegantzia, utzikeria…
· Zein egoeratan dago? Berria da, ongi zainduta dago, zaharkituta, hautsita, narrats…
· Zer eragiten dizu gainontzeko zentzumenetan? Nola usaintzen du? Nolako ukimena du?
· Norbaitekin lotura du? Zein oroitzapen dakarkizu? Zein da bere historia?
· Oroitzapen horrek zoriontsu egiten zaitu?
· Benetan zenbat behar duzu? Horrelako zenbat erabiltzen dituzu egunerokoan? Bataz beste, aipatu ditugun azpisail guztietan pertsona bakoitzeko 3 ale izatearekin nahikoa da (momentuan erabiltzen ari zarena, garbitzen dagoena eta badaezpadako beste bat).
· Zoriontsu egiten al zaitu okupatzen duen espazio guztiak?
– Badaezpada gordetzen dituzun horiek kentzea gomendatzen dizut. Badakit zalantzak izan ditzakezula, agian, momenturen batean, edozein arrazoigatik behar dezakezulako. Baina ziurtatzen dizut, behin botaz gero ez duzula inoiz faltan izango. Eta horrela balitz ere, argi dut alternatibak asmatu edo lortzeko moduan egongo zarela.
– Tolesterako garaian sistema bertikala erabiltzea oso lagungarria izango da. Lekua aurrezteaz gain, modu erosoan eskuratu eta gorde ahal izango duzu, eta gainera, begi bistan izango duzu guztia.
– Gordetzeko lekuari dagokionean, azpisail honetan sartzen den guztia leku berean jartzea gomendatzen dizut. Talde bakoitza erabiltzen dugun lekuan gordetzeko ohitura handia dugu, hau da, maindireak gelan, eskuoihalak komunean, mahai-zapiak sukaldean… baina askoz txukunagoa da guztiak batera armairu berean edukitzea.
Puntu honetan zure pentsamoldea zabaltzea eskatu nahi dizut. Ziur aski zure lehenengo erreakzioa ezezkoa izango da, aurreritzi bat baino gehiago aktibatuko zaizu: “guztia armairu berean? Erokeria!”, “Zerbait behar dudan bakoitzean gelara joan beharra? Denbora galtzea!”…
Baina aukera bat ematen badiozu ohartuko zara, erabiltzen ari zaren oihal hori izan ezik gainontzekoa leku berean izatea, benetan praktikoa dela. Espazioa eta denbora aurreztuko duzu, izan ere, guztia bateratuta izanik armairu gutxiago beharko dituzu eta beti toki berean topatuko duzu bilatzen ari zarena.
– Kokalekuari dagokionean, lekua baduzu behintzat, nik arroparen armairu nagusian edo gela nagusian gordetzea gomendatuko nizuke. Horrela oihalaren materialarekin zerikusia duen guztia bateratuta izango duzu. Bertan lekurik ez baduzu, beharbada beste gela bateko armairua erabili dezakezu guztia gordetzeko (gonbidatuen gela, garbigela…).
PAPERGINTZA
Papergintzaren barruan paperarekin eta bere osagarriekin zerikusia duen guztia sartuko litzateke: orriak, koadernoak, “sticker”ak; karpetak, zorroak, sailkagailuak, gutunak; agendak eta plangintzarako materiala; idatzi edo marrazteko materiala (arkatzak, boligrafoak, errotulagaiuak, margoak…); osagarriak (txorroskiloa, borragoma, goraizeak, erregelak, zeloak, grapagailua…) etab.
Ehunekin aipatu bezala, kasu honetan ere, beharbada azpisail hau aurretik egiteko aukera izan duzu, paperaren kategorian hain zuzen.
Papergintzako materialarekin aurreko prozesua errepikatu beharko zenuke:
– Lehenengo hiru puntuak berdinak izango dira. Papergintzaren kasuan ordea, materialak funtzionatzen duen ala ez eta zein egoeratan dagoen erabakigarria izango da. Ez badu funtzionatzen (boligrafoak ez badu margotzen edo goraizeek ez badute ongi mozten adibidez) edo egoera txarrean badago (orri zimurtuak, isten ez duten karpetak, kola narratsak etab.), zuzenean badoaz.
– Egin ditzakezun hausnarketa lagungarriak hauek dira:
· Gustuko dut material hau?
· Nire benetako beharrak asetzen ditu? Zertarako behar dut? Bat egiten du ni naizen horrekin edo izan nahi dudanarekin? Badaezpada gordetzeak ez du zentzurik, momentu hori ez da inoiz iritsiko eta.
· Gustura erabiltzen dut? Funtzio bera betetzen duen baina kalitate hobea, egokiagoa, ederragoa edo dena delakoa den beste material bat topa nezake?
· Ni naizena eta proiektatu nahi dudanarekin bat egiten du? Adibide txoro bat jartzeagatik, imajinatu pertsona sofistikatua izan nahi duzula baina zure boligrafo guztiak propagandakoak direla eta ez daudela batere zainduak (tapa falta zaie, hautsita daude, zikin…), ez litzake batere koherentea izango ezta? Adibide hau beste edozein egoeratara eraman dezakezu.
· Egiten ditudan ekintza edo gauzekin bat egiten du?
· Benetan zenbat behar dut? Nik nire prozesua egin nuenean ia 100 boligrafo bic topatu nituen. Zenbat urte beharko nituzke horiek guztiak gastatzeko? Zorionez asko agortu ditut jada, baina ordutik ez dut bat bera ere erosi bene-benetan zoriontsu egiten nauten salbuespen txiki batzuk izan ezik.
– Antolatzerako orduan ahal duzun neurrian sistema bertikala erabiltzea gomendatzen dizut. Horretarako orri solteak, gutunak etab. karpeta batean bildu ditzazkezu, gainontzekoa bertikalean gorde dezakezu kaxa txikiak eta potoak erabiliaz.
– Material hori tiraderetan gordetzeko ohitura baduzu, berriz, materiala etzanda gorde dezakezu baina elkarri oztopo egiten ez diotela ziurtatu beharko zenuke.
– Kokalekuari dagokionean, arropa eta ehunen artean lotura dagoen moduan, papergintza paperen eta liburuen kategorien ondoan gordetzea izango litzake egokiena. Material guztia toki berean bateratua izan dezakezu, esaterako, egongelako apalategiko apal edo tiradera batean edo zure bulegoan.
Badakit zer ari zaren pentsatzen… Eta boligrafo bat behar dudan bakoitzean bertara joan beharko nuke? Ordenari dagokoinean hori litzake ohitura egokiena, bai. Beste aukera bat, gordeta duzun materialaz gain egunerokoan zure lan-txokoan izateko, kalera edo beste tokietara eramateko estutxe bat prestatzea litzake baina oso zehatz aukeratu behar duzu bertan sartzen duzuna eta pilatzeak ekidin.
MATERIAL ELEKTRONIKOA
Hemen elektronikarekin zerikusia duen oro baita euren osagarriak sartuko lirateke: mugikorrak, kableak, kargagailuak, pilak, argazki kamarak, USB, CD, DVD eta gainerako memoriak, ordenagailuak, imprimagailuak, router eta modemak, aurikularrak… Osagarriei dagokionean: zorroak, tripodeak, fokoak eta bururatzen zaizun guztia.
Prozesua aurreko ataletako bera izango litzake baina premisa nagusia zera da:
– Bikotea ez duen guztia, funtziorik betetzen ez duena edo hautsita dagoena, automatikoki badoa. Hortaz, kable solteak, mugikor eta ordenagailu zaharrak, bazdaezpada ere gordetzen dituzun modem-ak, agortutako pilak etab. agurtu beharko zenituzke.
– Material horren artean, beharbada, objetu sentimentalak topatuko dituzu. Maitasun berezia diezun musika CDak, argazkiz beteriko memoriak edo dena delakoa. Horiek utzi objetu sentimentalen kategoriarako.
– Kasu honetan bai, praktikotasuna gailenduko litzake eta helburua material kantitatea ahal den gehien murriztea izango da. Zoriontasunak ere badu bere garrantzia noski, bereziki, puntako teknologia edo marka konkretu bat erabiltzea gustuko baduzu.
– Era berean, garrantzitsua da material horren egoera kontutan izatea: zartatutako zatiak konpondu, zikinak dauden kable, aurikular eta gailuak garbitu…
– Ordenari dagokionez, material guzti hau gordetzeko toki bakarra bilatu beharko zenuke, beharbada egongelako apalategiko edo bulegoko tiradera batean.
– Betiko moduan ahal den neurrian sistema bertikala erabiltzen saiatuko zara. Material ezberdina banatu eta sostengatzeko praktikoa izaten da kaxa baten barruan beste kaxa txikiagoak jartzea. Horrela, guztia txukun banatuta geldituko da eta materiala hartu edo jasotzea erraztuko dizu.
Horrela bada, Komonoren lehenengo 3 azpikategoriak antolatutak izango zenituzke. Ez da hain zaila izan, ezta? Zalantzarik baduzu, informazio osagarria behar baduzu edo zure esperientzia kontatu nahi badidazu idatzidazu iruzkinetan👇🏽👇🏽. Pozarren irakurriko dut zure bizipena💕
Besarkada bat✨
Sara
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 
Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 
Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 