KonMari™ Metodoagatik gaindituta sentitzeak beldurtzen zaitu? Momenturen batean prozesua hasi duzu eta etsituta sentitu zara?
Hasteko esan, zeharo ulertzen dudala bizitu duzuna, ni neu eta nire bezero guztiak bertan egon baikara prozesuko momenturen batean.
Dena den, aurrera jarraitu aurretik argi utzi nahi dut momentuko desordena eta etsipena bi egoera zeharo desberdinak direla. Beste artikuluren batean aipatu nuen ezinezkoa dela etxea beti ordenatuta izatea. KonMari Kontsultoreok ez gara salbuespena. Ni behintzat ez naiz inondik inora perfektua, eta hortaz, batzuetan nire etxea ere nahiko desordenatuta egoten da 🤭🙃. Dugun bizi-erritmoagatik edo beste mila arrazoirengatik, normala da momenturen batean etxea hankaz gora topatzea. Baina KonMari™ Prozesuaren abantaila zera da, ordenatzen jartzen zarenean ziztu bizian guztia txukun izango duzula berriro gauza guztiek toki zehatz bat dutelako.
Prozesuarekin jartzen zarenean lehenago ala beranduago inflexio puntu batekin egingo duzu topo. Norberaren arabera une hau kategoria batean edo bestean gerta daiteke. Izan ditudan bezero guztiek momenturen batean komentatu didate “jo, Sara, ez dakit amaierara iristeko gai izango naizen, hasi nintzenean baino askoz okerrago dago etxea orain. Ezin dut gehiago”.
Yeah!✌🏻 Badakit hau hemen jartzea ez da marketing estrategiarik eraginkorrena, baina zergatik ezkutatu beharko nizuke ba? Kontua da, etxea horren sakon ordenatuko duzun lehenengo aldia dela, eta prozesu garrantzitsu guztietan gertatu ohi den moduan, lasaitasunaren eta ordenaren aurretik erabateko kaosa topatuko duzula. Eta kaosarekin batera, noski, era guztietako oztopoak (batzuek erronkak, probak, esfingeak ere deitzen diete): KonMari saioaren egunean lo hartuko duzu, familiakoren bat gaixo jarriko da, utzi ezin dezakezun gertakizun bat jazoko da edo auskalo zer.
Nekatuta zaude? Ez duzu amaiera ikusten? Ezin duzu gehiago? Etsiturik sentitzen zara? ZO-RI-O-NAK. Benetan, zorionak. Batere ironiarik gabe esaten dizut, bihotzez sinisten dut hondoa ikutu duzula sentitzen baduzula, zorteko zaudela. Izan ere, puntu horretatik aurrera, hobera egitea beste aukerarik ez duzu. Garrantzitsuena zera da, amore ez ematea.
Krisi hau aukera zoragarria da. Prozesua batera egiteko aukera badugu, egon lasai, nire bidelaguntza izango baituzu ibilbidea hasi eta amaitzeko. Baina zure aldetik egitea erabaki baduzu, berdina diotsut. ZU ZEUK AHAL DUZU eta ziur nago momentu hau gaindituta etorriko denak merezi duela.
Amaitzeko, lagungarriak izan daitezkeen bi aholkutxo utziko dizkizut:
1// Atera “lehen” eta “ondoren”go argazkiak. Txorakeria dirudi baina oso lagungarria da. Prozesuaren zurrunbiloan sartuta zaudenean perspektiba galtzeko arriskua duzu. Gainera kategoria bakoitzaren aldaketa ikusi eta neurtu ahal izateak, hurrengorako motibazio dosi extra bat emango dizu.
2// Eduki maite duzun koaderno bat ondoan. Bertan zure beldurrak, ezinegonak eta pozak idatzi ahal izango dituzu. Edo objetu maitatuen aukeraketa egiten ari zarela hurrengo faseari dagokion burutapenen bat badatorkizu (aukeratu duzun hori non eta nola gordeko duzun adibidez) ideia apuntatu eta fokua galdu gabe aurrea jarraitu ahalko duzu. Artikulu honetan gehiago sakondu nuen gaiari buruz.
Animo eta besarkada handi bat
Sara
Espero dut artikulu hau interesgarria edo/eta erabilgarria iruditu izana. Horrela bada, asko eskertuko nizuke interesa dakioken edonori zabaltzea. Bestalde, gai hauen inguruan gehiago jakin nahi baduzu eman izena nire newsletterrean; eta zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi badidazu idatzi hemen behean edo bidali iezadazu email bidez, sekulako ilusioa egiten dit zure iritzi, desio eta beharrak ezagutzeak.