PUEDES LEER LA VERSIÓN DE CASTELLANO AQUÍ

 

Nola dago apainduta zure etxea? Garrantzia ematen al diezu landare edo dekorazio objetuei? Zure etxeak zure nortasuna adierazten duela esango zenuke?

 

Zure ordena prozesuaren puntu honetara iritsi bazara, KonMari® metodoaren komono kategoriaren azkeneko fasean sartzen ari zarela esan nahiko du. Orain arteko sail sakon edo zailak alde batera utzi (bainugela, sukaldea, dirua…), eta gelditzen diren azpikategoriak arinagoak izaten hasiko dira: landareak, dekorazio objetuak, altzariak… Ikusiko duzu nola, puntu honetara iristen zarenerako, etxeko antolaketa ere forma hartzen hasia izango dela eta, pixkanaka, zoriontasuna helarazten duen espazio txukun bat bihurtuko da.

 

Oraindik bidea dago egiteko baina tunelaren amaierako argia ikusten hasiko zara✨☺️. Nabarmendu nahi dut ordena prozesu sakonetan, ibilbidearen erdia egin arte behintzat, etxea hasieran baino nahaspilatuago edo kaotikoago ikustea normala dela. Baina lasai egon, ez etsi, une hori gaindituz gero, itxuraz zentzurik ez duten pieza guzti horiek bere lekua topatuko dute eta aipatutako kaosa desagertu egingo da.

 

Horrela bada, landareak eta dekorazio objetuak nola aukeratu eta ordenatu ikusten hasiko gara. Oso desberdinak diren arren, bi azpisail hauen arteko harremana estua da. Finean, biak bizipoza handitu eta etxea gureagoa sentitzen laguntzen baitute. Gainera, orokorrean, nahiko objetu arinak izaten direnez erraza da batera landu ahal izatea. Bestalde, nahi dugulako edo beste aukerarik ez dugulako gehiengoa ohituta gaude bai landareak zein etxeko dekorazioa maiz aldatzen.

 

Noizean behin etxeko altzari txikiak eta dekorazioa aldatzeko ohitura duzu? Gustatzen zaizu banaketa berriak probatu edo etxeari giro ezberdin bat ematea? Errutinarekin haustea? Nik nire aurreko etxean altzari gehienak mugitzeko aukera nuen, are gehiago, nahita aukeratzen nituen arinak edo lekualdatzeko errazak zirenak. Orain aldiz, objetu egonkorragoak behar ditudala ohartzen naiz… heldutasuna izango da? Jiji. Baina ez, serio, ohartu zara inoiz zure beharrek nola eragiten duten etxeko antolaketan? Hausnartu duzu horren inguruan?

 

 

ZER SARTZEN DA AZPIKATEGORIA HONETAN

 

Esan bezala gaurkoan landareak eta dekorazio objetuen inguruan ariko gara. Azpikategoria honetan sartzen dira:

  • Era guztietako landareak
  • Landareak zaintzeko lanabesak eta produktu ezberdinak
  • Margoak, argazki dekoratiboak, ilustrazioak…
  • Figurak, eskulturak…
  • Ontziak, lorontzia…
  • Bestelako objetu dekoratiboak
  • Bururatzen zaizu beste zeozer?

 

Ohar garrantzitsuak!

1// Argazki pertsonalak, hau da, gure bizitza, bidaia, pertsona edo gertakariekin zerikusia dutenak ez ditugu orain berrikusi eta ordenatuko. Horiek objetu sentimentalen kategorian sartzen dira, KonMari®  prozesuaren amaiera-amaieran. Artikulu honetan aipatzen ari naizen argazkiak, argazki estetikoak, dekoratiboak edo neutroagoak dira. Ulertzen da desberdintasuna, ezta?

 

2// Berdin margo, marrazki edo ilustrazioak aipatu ditudanean. Ez naiz zuk edo zure inguruko pertsonaren batek sortu dituen espresio-lanez ari. Zure txikitako edo oraingo marrazkiak, zure haurrek egiten dituztenak etab. Horiek ere, objetu sentimentalen sailera joango lirateke. Hitzez azaltzen zaila bada ere, objetu horiek duten karga emozionalagatik desberdinduko dituzu.

 

Margolanak eta marrazkiak aipatu ditut, baina berdin balio dute beste edozein euskarritan egindako espresio lanentzat ere, adibidez, haurrek eskolan edo eskolaz kanpoko ekintzetan egiten dituzten eskulanak, buztinezko objetuak etab.

 

3// Oroitu alderantziz ere gerta daitekeela. Itxuraz beste kategorietakoak diruditen objetuak, dekorazio objetuak bihurtu daitezkeela, alegia. Esaterako ilustrazio liburu bat, beharbada, eduki aldetik ez zaizu oso interesgarria irudituko baina, azal ederra badu, apalategia dekoratzeko erabili dezakezu. Edo agian baduzu lepoko eder bat kalerako asko erabiltzen ez duzuna, baina gelako paretaren batean eder gelditu daitekeena. Garai bateko objetu zaharrekin ere gerta daiteke hau, jada funtzionatzen ez duten kamara reflex zaharrak etab. Ziur beste milaka adibide topatu ditzazkezula.

 

 

GUSTUKO DUZUNA ETA MAITASUNEZ ZAINDUKO DUZUNA GORDE

 

Erlatiboki txikiak diren objetuak direnez, betiko moduan, lehenengo pausua guztia lan-saioa burutuko duzun gelan elkartzea izango litzake. Kasu honetan, landare guztiak bertara eraman beharko zenituzke, baita paretetan eskegita dituzun koadroak kendu, leku ezberdinetan dituzun dekorazio objetuak bildu etab.

 

Behin objetu horiek guztiak gela berean dituzula, azpisailetan banatu dezakezu, esaterako, goian aipatu dudan zerrendan bezala. Hurrengo pausua, errezen egiten zaizun azpisailetik hasi eta objetuak banaka-banaka hartuz bihotzera hurbiltzea izango litzake. Zer sentitzen duzu? Zoriontsu egiten zaitu landare, margo, objetu… horrek?

 

Aukeraketa egiterako orduan benetan gustuko duzuna eta maitasunez zainduko duzuna gordetzea gomendatzen dizut. Puntu hau oso garrantzitsua iruditzen zait, izan ere, askotan ez botatzeagatik edo gure benetako gaitasunak neurtzeko zailtasunak ditugulako, zoriontsu egiten gaituena baino askoz gehiago mantentzen dugu gure alboan. Adibide bat jarriko dizut: nori ez zaizkio landareak gustatzen? Bereziki koronabirusaren garai honetan inoiz baino gehiago estimatzen ditugu naturarekin lotura egiten laguntzen digun guztia… Baina benetan zenbat denbora duzu haiei eskaintzeko? Ez al da hobe 5 landare maitasunez beterik izatea eta ez 25 erdi hilda?

 

Landareen kasua oso esanguratsua iruditzen zait, izaki bizidunak direnez erraz ulertzen delako maitatu edo zaintzearen kontzeptua. Baina, nire ustez, jarrera hau objetuentzako ere baliagarria da. Zure objetuak zaintzeko modua, zure buruari eta inguruari eskaintzen diozun arretaz mintzo da. Batak besteari eragiten dio zuzenean.

 

 

HAUTAKETA EGITEKO GALDERA LAGUNGARRIAK

 

  • Zoriontsu egiten zaitu landare, margo, argazki, objetu… horrek?
  • Nola iritsi da zure etxera?
  • Bat egiten du gaur egun zaren horrekin?
  • Norbaitek oparitutakoa da? Edo badu lotura berezirik?
  • Gustuko duzu gaur egun? Hainbat ikuspegietatik begiratu dezakezu, estetikoki, helarazten dizkizun emozioak…
  • Nola dago zainduta?
  • Zer sentitzen duzu ikutzen duzunean, usaitzen duzunean…? Hau da, ikusmena ez den gainontzeko zentzumenak erabiltzen dituzunean.
  • Zerbait eraldatu zenezake zoriontsua egin zaitzan?

 

 

BIHURTU ZURE ETXEA ZORIONTASUNAREN ERAKUSTOKI

 

Behin aukeraketa eginda etxea goxo jartzeko unea da. Horretarako zure etxea zoriontasunaren erakustoki bihurtzea proposatzen dizut. Arte galerietan egiten den moduan, nolabait esateko.

 

Zoriontsu egiten zaituzten objetuek energia berezi bat helarazten dute. Aukeratu dituzun arrazoiaren arabera, begiratzearekin bakarrik lasaitasuna, plazera, edertasuna, oreka, poza, indarra… transmitituko dizute. Horregatik, kokaleku bat bilatzeko orduan ere zuretzat ederra edo estrategikoa den modu batean jartzea gomendatzen dizut. Arte galerietan ikuslearen esperientzia kontuan izaten den moduan, zuk etxean zure ongizatea jarri erdigunean.

 

Horretarako, alde estetikoaren eta praktikotasunaren arteko oreka bilatzea ezinbestekoa da eta KonMari® prozesuan egin duzun lanketa guztiak baita zure buruaren ezagutzak asko lagunduko dizute.

 

Dena den, argitu nahi dut etxea zoriontasunaren erakustoki bihurtzeak ez duela esan nahi maite duzun guztia bistan egon behar duenik. Objetu batzuk era diskretuago edo intimoago batean jarri nahi izatea ulergarria da. Eta gainera, pentsa! Armairuak, tiraderak etab. zabaltzen dituzunean ere zoriontasun dosi bat jasoko duzu!

 

✨👉🏼 Landare eta dekorazio objetuak kokatzerako garaian azken aholku bat✨. Gainontzeko kategorietan behin eta berriro errepikatu dizut garrantzitsua dela kategoria edo material antzekoa duten objetuak batera gordetzea. Kasu hau salbuespena izango litzake. Ziur aski landare eta dekorazio objetuak etxe guztian zehar jarri nahiko dituzu eta. Gune batzuetan besteetan baino gehiago, noski. Bainugela edo sukaldean, esaterako, praktikotasunagatik dekorazio objetuak gutxitzea gomendatzen dizut. Batzuk jar ditzakezu baina, zikinkeria asko pilatzen den guneak direnez, beharbada hobe da minimalismora jotzea.

 

 

NORTASUNA

 

Gertatu zaizu inoiz norbaiten etxera joan eta estetikoki oso eder duen arren nortasuna falta zaiola sentitzea? Ezer ez dizula esaten sentitzea? Ez daude munduan bi pertsona gauza bera, modu berean, une berean gustatzen zaiena… orduan, nola da posible horrenbeste etxek kalkamoniak ematea?

 

Pinterest, instragram eta bestelako sareek eragin handia dute gure ikuspegi estetikoan, eta normala da hein batean, inspirazio iturri edo erreferentzia gisa erabiltzea. Baina hor gelditzen bazara, benetan zu zeu egiten zaituena kontutan izan gabe, etxeari zerbait falta zaiola sentituko duzu. Zure esentzia, arima, goxotasuna… faltako zaio.

 

Azkeneko urte hauetan nire hautua objetu gutxi baina ahal den neurrian zaindua, berezia edo ederra dena aukeratzea izan da. Horregatik, dekorazioari dagokionez, nire apustua denda-kateetatik aldendu eta artisau, artista edo negozio berezietan inbertitzea da. Denbora baduzu, gainera, oso baliabide gutxirekin eskulan zoragarriak egin ditzakezu.

 

Pentsatu al duzu inoiz, esaterako, landareekin zure etxean oihan txiki bat sortzea? Edo argazki eta koadroak erabiliz horman konposaketa bat sortzea?

Zein ideia gehiago etorri zaizkizu burura?

 

Besarkada bat!

Sara

 

 

📸 Idoia Telleria
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies