LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO DENTRO.

 

Urte berria gainean dugun honetan, balantzea egin eta datorren urterako asmo edo helburuak zehazten hasia izango zara agian. Beste alor guztietan bezala, interesgarria litzake zure etxea nola dagoen eta bertan nola sentitzen zaren hausnartzea.

 

Niretzat helburu nagusia etxean eta bizitzan orokorrean zoriontsu sentitzea izango litzake. Baina zer da zoriontasuna? Nola jakin egiazki zoriontsu zaren ala ez? Nola neurtu? Hausnarketa hauei bueltaka aritzen naiz maiz eta atera dudan ondorioa sinplea da zinez. Zoriontsu naizela esan dezaket, maila ezberdinetan nire esentziarekin lerrokatuta nagoela sentitzen badut. Baina adi! Horrek ez du esan nahi beti pozik, alai, energia altuarekin… sentitu behar zarenik, tristuran edo baxu zaudenean ere sentitu baizaitezke zu zeu, momentuko bizipen horri zilegitasuna emanez.

 

Maila materialean berriz, etxearen kasuan esaterako, nire hitz gakoa oreka da. Oreka dudanaren eta lortu nahi dudanaren artean, oreka etxeko eginbeharren eta gozamenaren artean, oreka ekintzaren eta deskantsuaren artean…

 

Eta zurea? Zein hitz jarriko zenioke etxean duzun/lortu nahi duzun giroari?

 

 

NOLA EGIN URTEKO BALANTZEA

 

Balantzea egiterako garaian sistema arin bat bilatzea gomendatzen dizut.

 

Normalean balantze horiek urte amaieran, opor egunak izan ohi ditugula probestuz, egin ohi ditugu. Baina gabonak aldi berean nahiko garai estresagarria izan daitezke, izan ere, egun berezi guztiez gain opor egunetan atzeratutako lan eta plan ugari izaten ditugu egiteko.

 

3 gai hauetan jartzen dut indarra:

 

– Nire buruarekin nola sentitzen naizen.

– Bizitza orokorrean (denbora librea, lana, harremanak -era guztietakoak-, hazkuntza pertsonala, dirua…) nola sentitzen dudan.

– Nire etxea nola dagoen.

 

Ikusten duzun moduan, etxeari berebiziko garrantzia ematen diot, aparteko atal bat eskainiz. Izan ere, etxea habia, babeslekua, intimitatea eta oinarria da niretzat. Etxean ongi banago lasaitasun, adore eta poz handiagoarekin ateratzen naiz mundura. Etxean oreka badut, kalean ere hobeto sentitzen naiz. Eta alderantziz, etxean giroa ez bada ona, horrek gainontzeko alorrei izugarri eragiten diela ohartu naiz.

 

Gainera, azken urteetan telelanak eta online munduak hartu duen indarra dela medio, inoiz baino denbora gehiago pasatzen dut hemen. Etxea bizitzaren zutabe garrantzitsua bihurtu da ezinbestean. Zuri ere gertatu zaizu?

 

 

ZURE BURUAREKIN NOLA ZAUDEN BALIOZTATU

 

Arin egiteko ariketa bat proposatuko dizut. Hartu lasai, etenaldirik gabe eta bakarrik egon ahal izateko minutu batzuk.

 

Jarri toki goxo eta postura eroso batean, arnastu sakon hainbat alditan eta egin zure buruari galdera ezberdinak. Galdera batetik bestera utzi momentu bat gorputzak nola erantzuten duen bizitzeko.

 

Berriki gorputza entzutea zer den praktikatzen ari naiz, eta oraindik kostata lortzen dudan zerbait bada ere, ematen duen informazioa oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

 

Gainera, KonMari® metodoak etxea berrikusi eta antolatzerako garaian sistema bera erabiltzen du, arropa edo objetu ezberdinak eskuetan hartuta gorputzak nola erantzuten duen behatzera gonbidatzen zaitu.

Probatu al duzu KonMari® metodoa? Zer egiten zaizu errazago bizipenekin edo objetuekin gorputzak nola erreakzionatzen duen sentitzea? Nabaritu duzu ezberdintasunik? Niretzat, esaterako, argiagoa da objetuekiko irrika ezberdinak identifikatzea. Bizipenekin buruak burrunba handiagoa egiten dit eta zailagoa egiten zait gorputzak bidaltzen dituen mezuak jasotzea.

 

 

BIZITZAKO ALOR EZBERDINAK BALIOZTATZEKO

 

Kasu honetan are sistema errazagoa erabiltzen dut. Urte honetan zehar bizitu ditudan gertakariak zerrendatzen ditut ahal dudan modu zehatzenean. Bizitzako alor ezberdinetan gertatutakoak, garrantzitsuak eta hutsalak, karga positibo edo negatiboa dutenak… Denak hartzen ditut kontutan.

 

Gero beheko irudian agertzen den gisako grafiko batean 1-10 bitarteko balioa ematen diet zirkuluak koloreztatuz. Horrela, modu ikusgarri batean orokorrean nola sentitu naizen ikus dezaket eta datorren urterako lehentasunak ezarri.

 

 

ETXEAN NOLA SENTITZEN ZAREN JAKITEKO

 

Etxeari dagokionez, ariketa arina izan dadin bi pausutan egitea proposatzen dizut:

1. Eman buelta bat etxetik, gelaz gela. Ireki armairuak, biltegiak, gelditu gela bakoitzaren erdian eta erabili ahal dituzun zentzumen guztiak. Utzi gorputzari sentitzen: hutsik/beteta ikusten da gela, giroa arina/astuna da, pisutsu/arin sentiarazten dizu, irekitasuna/itxitura helarazten dizu, mugimendua nabari duzu edo energia blokeatuta dago…

 

2. Behin etxe guztitik igaro zarenean hartu tarte bat eta 3 zerrenda hauek betetzera animatzen zaitut, geroz eta zehatzago bete orduan eta ikuspegi zabalagoa eta informazio errealagoa atera ahalko duzu:

 

  • Orain nola dago etxea edo/eta gela bakoitza
  • Zer desio duzu zure habirako
  • Zein baliabide dituzu eskura. Baliabideak mota askotakoak izan daitezke: inguruko sareak/harremanak, ekonomikoak, profesionalen laguntza, elkarlanak, trukeak… bururatzen zaizun edozer! Ziur uste duzuna baino gehiago duzula eskura.

 

 

ONDORIOAK ATERA EMAN PAUSU BAT GEHIAGO

 

Nola sentitzen zara zure etxean? Zure egunerokoan atsegin duzuna egiteko askatasuna duzula sentitzen duzu? Ala, eginbeharren eta desio duzunaren arteko oreka bilatzea kostatzen zaizu? Etxeko ordenak zure benetako lehentasunak zeintzuk diren identifikatu eta gustuko duzun bizitza eraikitzen lagundu ahal dizu.

 

Baina zer zerikusi du ba etxeko ordenak askatasunarekin? Dirudiena baino gehiago. Ordena prozesu sakon bat egitera animatzen bazara, berehala ohartuko zara zure egunerokoan zenbatetan egiten duzun lan pilotu automatikoan, benetan zeregin horiek guztiek zentzua duten ala ez zalantzan jarri gabe.

 

Normala da; guztioi gertatzen zaigu bizitzako punturen batean edo, egoeraren arabera, ziklikoki itzultzen gara puntu horretara. Etxean, lanean, are denbora librean… egiteko asko dugu eta denbora mugatua da. Bizi garen gizarte kontsumista honek ez du laguntzen, beti zerbait gehiago erosi, lortu, ikasi, hobetu… egin behar dugula dirudi eta pixkanaka bizitza katramilatzen zaigu.

 

KonMari® prozesua egiteak etxearekiko eta zure bizitzarekiko ikuspegi berri bat ematen lagunduko dizu. Ez da helburu nagusia izango, ondorio garrantzitsu bat baizik. Etxean ordena prozesu bat egitera animatzen denak normalean gauza gehiegi dituela sentitzen du, etxea ez dagola inoiz nahi bezala, deskantsatzeko edo plazererako eduki nahi zenukeen denbora eginbeharretan joaten zaizula.

 

Baina behin kategoriaz kategoria zure hondasunak banaka berrikusi eta aukeratzen jartzen zarenean, joera etxeko ondasunak gutxitu eta bizitza sinplifikatzea da. Pilotu automatikotik esnatuko bazina bezala sentituko duzu. Zertan ez duzu denbora gehiago galdu nahi? Zerk egiten zaitu zoriontsu?

 

Urte berria aukera zoragarria izan daiteke etxea zuk desio eta merezi duzun moduan jartzeko. Goitik behera edo kategoriaka, zure erritmoa eta beharrak errespetatuz, pozarren bidelagunduko zaitut KonMari® prozesuan zehar. Irrika sortzen badizu, nirekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitut.

 

Besarkada bat💕

 

 

✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies