PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Blogak martxan daraman denbora honetan pixkanaka-pixkanaka KonMari® metodoaren kategoria bakoitzean sakontzen joan gara: beraietako bakoitzean zer sartzen den ikusi dugu, kontuan izan beharreko puntu garrantzitsuak, ondasunak nola berrikusi eta aukeratu, eta azkenik nola jarri ordenean. Arropa, liburuak, paperak eta komono ikusi ditugu. Orain azkeneko kategoriari ekiteko unea da: objetu sentimentalen kategoria.

 

Pentsa dezakezun moduan, sail hau kudeatzea KonMari® prozesuaren une intentso eta eraldatzaileenetako bat da. Zure objetu guztiek dute emozio eta bizipenekin lotura, baina zalantzarik gabe, objetu sentimentalen kategorian harreman hori are eta agerikoagoa izango da.

 

 

KANPOTIK BARRURA – BARRUTIK KANPORA

 

Objetu sentimentalen kategoria osatzen duten ondasunak berrikustearekin batera zure bizitzaren historia errepasatzeko aukera izango duzu. Objetu horien bitartez, txiki txikitatik hasi eta gaur egun arte bizi izan duzuna, esperientzia ezberdinak, pertsonak, lekuak, egoerak, inflexio puntuak… azaleratuko dira.

 

Bide horretan, objetuei lotutako era guztietako oroitzapenak azalduko dira: pozgarriak, tristeak, gogorrak, arrotasunez beteko zaituztenak…

 

Pixkanaka, epairik gabe eta goxotasunez, azaleratzen den gai bakoitzari helduko diozu. Gora-behera dexente dituen ibilbidea izan ohi da hau, agertzen diren gaiak askotan errazak badira ere beste batzuetan korapilatsuak izan daitezkeelako. Edonola ere, zu zeu joango zara neurtzen bakoitzean noraino sakondu nahi duzun. Izan ere, zure poz eta zaurietan arakatzea zirraragarria izan badaiteke ere, batzuetan ez zara azken muturreraino iristeko indarrez sentituko. Baina ongi dago horrela. Ahaztutak edo baztertuta zenituen objetuei hautsa kendu eta bistan jartzea da kontua, eta bide batez, horien atzean dagoen gai bakoitzari argia ematea.

 

 

UTZI BETI KATEGORIA HAU AMAIERARAKO

 

KonMari® metodoaren kategoriek ordena zehatz bat dute (arropa, liburuak, paperak, komono eta azkenik objtu sentimentalak). Ordena hori errespetatzea garrantzitsua da, izan ere, sailak errezenetik zailenera daude ordenatutak eta haien helburua ibilbidean egingo duzun lana erraztea da. Horregatik, ezinbestekoa da zure objetu kuttunak prozesuaren amaierarako uztea BETI.

 

Kategoriak zehaztutako ordenean kudeatzea lagungarria izango da:

 

  • Zure zoriontasunaren detektagailua trebatzeko. Ibilbidean aurrera zoazen heinean geroz eta errazago eta azkarrago nabarituko duzu zerk egiten zaituen zoriontsu.
  • Gainera aurreko kategorietan bizitutako guztiak ere, azkeneko kategoria hau kudeatzeko tresnak emango dizkizu. Bidean hartuko duzun esperientzia guztiak geroz eta arinago eta sakonago lan egiten lagunduko dizu.
  • Baliabideez gain, oinarrizko ohitura batzuk ere barneratuko dituzu honaino iristen zarenerako. Hasieran harrigarriak edo ezohikoak iruditzen zitzaizkizun jarrera edo jokamoldeak naturaltasunez aterako zaizkizu puntu batetik aurrera.

 

Badakit momenturen batean tentagarria izan daitekeela kategoria batetik bestera salto egitea, bereziki objeturen batek biziki erakartzen zaituenean. Baina objetu sentimentalak behar baino lehenago kudeatzen saiatzea porrot egiteko bide zuzenena da.

 

 

AUKEREN MUNDU BAT

 

Esan bezala objetu sentimentalen kategoria berrikusi eta ordenatzea zure bizitzaren historian murgiltzea bezala da. Lanketa hori egiten ari zaren bitartean aukeren mundu bat zabalduko zaizu:

  • Nor izan zaren, nor zaren orain eta nor izan nahiko zenukeen ikusi eta zehaztu ahal izango duzu.
  • Nortasuna eta autoestimuaren lanketa egingo duzu. Horregatik da horren garrantzitsua zure burua zaintzea eta goxotasunez, epai eta konparaketarik gabe tratatzea.
  • Zure ibilbide pertsonala ulertuko duzu, itxuraz inongo konexiorik ez duten gertaerak nola lotzen diren ohartuko zara.
  • Errepikatzen diren patroi, eredu, jokamolde eta interesak agertuko dira.
  • Harremanak eta harremantzeko moduak azaleratuko dira.
  • Heriotzarekin edo jada gertu ez dituzun pertsonekin izandako bizipenak sendatu, itxi edo balioan jarriko dituzu.
  • Bizi dituzun esperientzia, emozio eta sentimenduak kudeatu ahal izango dituzu, batzuetan argia eta maitasuna emateko eta besteetan osatu eta joaten uzteko.

 

ZER SARTZEN DA KATEGORIA HONETAN

 

Zure objetu kuttun guztiak, karga emozional handia dutenak, sartuko lirateke kategoria honetan. Hauek izan ohi dira ohikoenak:

 

  • Argazkiak eta bideoak
  • Egunerokoak
  • Gutunak
  • Postalak edo oroitzapen txartelak
  • Une edo momentu ezberdinetako oroitzapenak
  • Txikia zineneko ondasunak (pelutxeak, panpinak, liburuak, arroparen bat…)
  • Familiakoen edo maite dituzunen eskutik jasotako objektu pertsonalak
  • Dominak, sariak…
  • Marrazkiak edo bestelako espresio lanak

 

Aipatutako guztiaz gain, izan kontuan itxuraz beste kategoria batzuetakoak diren objektuak, duten lotura emozionalagatik, kategoria honetakoak izan daitezkeela. Hau da, dena edo ezer ez izan daiteke objetu kuttun bat. Adibide batekin errazago ulertuko duzu: jertse bat edo liburu bat, izatez, arroparen sailari eta liburuen sailari dagokio. Baina arropa edo liburu hori pertsona, oroitzapen edo bizitzako une garrantzitsu bati estuki lotuta badago, objektu sentimentalen kategoriakoa bihurtuko da.

 

Berrikusi eta aukeratzeko garaian, sentimendu indartsuak edo erabakiak hartzeko zailtasunak senti ditzakezulako identifikatuko dituzu.

 

Gerta dakizuken beste egoera bat zera da, une batean objetu sentimentala izandako zerbait jada horrela ez sentitzea. Bidelagundu ditudan emakume batzuen adibidea jarriko dizut: ama izan direnen kasuan, haurdunaldiko froga positiboa beharbada lehen urteetan oso objetu berezia izan zen. Baina urteak aurrera doazen heinean objetu horrek garrantzia galdu duela sentitu dute esanguratsuak diren beste milaka agertu direlako.

 

Horregatik da horren garrantzitsua, prozesua egiten ari zaren unean etxean duzun guzti-guztia aztertu eta pentsamolde irekia mantentzea, ez jo ezer ziurtzat, batzuetan txundituko zaituzten ondorioetara iritsiko zara eta.

 

SAIOAREN PRESTAKETA

 

Aurretik prestatu dezakezuna aurreratu

Materiala aurretik prestatzeko tartetxo bat hartzea komeniko zaizu, izan ere, kasu honetan bai ia ziur zure etxetik kanpo dauden hainbat objetu berreskuratu beharko dituzu. Esaterako, txikia zineneko argazkiak, panpina edo pelutxeak, gaztaroko oroitzapenen bat… Objetu horietatik asko gurasoen etxean, trasteroan edo beste tokiren batean gordetak izaten ditugu askotan.

 

Beraz, hartu tartea lan horiek aurreratu eta saioaren egunerako dena prest izateko. Horrela, lan saioko orduei askoz ere etekin handiagoa atera ahalko diezu.

 

Bildutako material guztia azpisailetan banatu

Zure etxean duzuna baita beste guneetatik ekarritakoa talde txikietan multzokatu beharko zenuke. Goian utzi dizudan zerrenda erabili dezakezu horretarako: argazkiak alde batetik, gutunak bestetik, egunerokoak, panpinak…

 

Betiko moduan, multzoren bat oraindik handiegia iruditzen bazaizu azpitalde txikiagoak egin ditzakezu horien barruan: argazkiak adibidez, garaika banatuta, gutunak pertsonaka etab.

 

Zorroetatik atera eta banaka-banaka berrikusteko prest utzi

Argazkien, gutunen edo bilduta dagoen beste edozein objeturen kasuan garrantzitsua da objetu bakoitza atera eta banaka-banaka berrikusi ahal izateko moduan jartzea. Hau da, argazki albumak badituzu, adibidez, argazki bakoitza atera beharko zenuke eta multzoka bildu. Gutunen kasuan, berdin, gutun-azaletik atera beharko zenituzke guztiak… Eta horrela bilduta dagoen beste edozerekin.

 

Zer iruditzen zaizu objetu sentimentalen kategoria? Honaino nahiko erraza dirudi, ezta? Hurrengo artikuluetan gehiago sakondu eta beste gako praktiko batzuk eskainiko dizkizut. Benetan zirraragarria da azkeneko sail hau eta zure ibilbidea arinagoa egiten laguntzea espero dut.

Besarkada bat

Sara

 

 

📸 Idoia Telleria
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies