[INCLUYE DESCARGABLE] PUEDES VER LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ

 

KonMari® metodoaren komono kategoria aztertzen jarraituko dugu gaurkoan; zehazki, diruaren azpikategoriaz arituko gara hurrengo bi artikuluetan. Izan ere, diruarekin dugun harremana eta antolatzeko modua, gure egunerokoan garrantzitsua izateaz gain, oso gai mamitsua dela iruditzen zait.

 

Gure errealitatean etengabe presente dagoen arren, gizartean orokorrean zaila izaten da diruaz lasai hitz egin edo hausnartu ahal izatea. Familian, lagunartean, lanean… ekiditen den mintzagaia izaten da edo aipatuz gero erdizka edo nahiko modu lausoan aritzen gara horretaz. Salbuespenak salbuespen, txikitatik ikasten dugu gai hau tabu gisa tratatu edo ikusezin bihurtzen. Zeresanik ez emakumea bazara; orduan, orokorrean duen karga negatiboaz gain, dirua etxeko alorrera edo “ekonomia txikira” mugatzen dela dirudi. Kristalezko zapai ospatsuarekin egingo duzu topo gutxien espero duzun unean.

 

Gai honi dagokionez, artikulu honetan KonMari® metodoa baino haratago doazen ariketa edo hausnarketak proposatuko dizkizut. Pertsonalki izugarri interesatzen zaidan gaia da, zeharo harrapatzen nauena, ni neu ere diruarekiko ditudan hainbat muga lantzen bainabil aspalditik. Beharbada, hazkuntza pertsonaleko beste alorrekin gertatzen den moduan, etengabe landu beharreko zerbait izango da.

 

Nire esperientzia pertsonalaz gain, bidelagundu ditudan ordena prozesuetan ere, dirua (kartera, txartelak, kontu korrontea…) berrikusi eta antolatzen behar izaten dut komono kategoriaren barruan. Pertsona horien kasuan ere, oso errealitate ezberdinak dituzten arren, askotan errepikatzen diren joerak, sinismenak edo jarrerak topatu ditut.

 

Hortaz, guztion egunerokoaren parte garrantzitsu bat dela kontuan izanik, zirraragarria eta garrantzitsua iruditzen zait azpikategoria honi merezi duen lekua ematea. Horretarako, artikulua bi zatitan banatuko dut:

– Lehenengoa (hauxe bera) teorikoagoa edo hausnarketara bideratuta egongo da. Azkeneko urteetan zehar landu ditudan hainbat ikastaro, liburu, erritu etab.etan oinarrituta dago. Horrez gain, ariketa liburu bat ere prestatu dut zuretzat, hausnarketa hauetan sakontzen lagunduko dizula espero dut. Bertan topatuko dituzu nire erreferentzia edo iturri ezberdinak.

– Bigarrena, aldiz, KonMari® ikuspegian oinarrituta alde praktikora bideratuko dut.

 

EPAIRIK GABEKO GUNEA

 

Galdera, hausnarketa eta ariketa ezberdinekin bonbardatzen hasi aurretik, argi utzi nahi dut artikulu honen xedea zuretzat baliagarria izan daitekeen informazioa biltzea besterik ez dela. Zoritxarrez ni ez naiz zure alboan egongo hontaz guztiaz zuzenean hitz egiteko, beraz, zure burua izugarri zaintzeko eskatu nahi dizut.

 

Hau ez da zure burua epaitu, gaizki esaka aritu, zigortu edo gutxiesteko lekua.Goxotasunerako, auto-zaintzarako eta gai korapilatsu honi argia emateko unea da. Bai?

 

Bada, ekin iezaiogu lanari!

 

DIRUAREKIN HARREMANA

 

Pentsatu al duzu inoiz zein harreman duzun diruarekin? Ezagutzen ditudan pertsona guztiek, lanketa propio bat egin ez badute behintzat, maitasun-gorroto harremana izaten dute diruarekin.

 

Gutxi dutela sentitzen dutenek eskasia, amorrua, tentsioa, tristura, ziurgabetasuna… sentitzen dute maiz. Egoera berdinaren beste aldea diruari garrantzia kendu, horren gaindi daudela pentsatzea edo dirua txarra dela sentitzea izan daiteke.

 

Diruz lasai bizi direnek, berriz, kulpa, axolagabekeria, ezjakintasuna edo baliorik ez duela aipatzen dute sarritan. Egoera berdinaren beste aldea, lasaitasuna, askatasuna, erosotasuna, aukerak… dituztela nabarmentzen dute.

 

Ikusten duzun moduan diruarekiko sentitzen duguna normalean ez da zuria ala beltza. Kontrajarriak diren emozioak senti ditzazkezu diruaren inguruan eta, ziur aski, momentuan bizitzen ari zarenaren arabera, une honetan duzun aldartearen eta, are gehiago, hilerokodun pertsona bazara zikloaren fase batean edo bestean, desberdin sentituko duzu harreman hori.

 

Eta zuk, pentsatu al duzu inoiz zer sentitzen duzun diruan pentsatzen duzunean? Edo nola sentitzen zara billeteak (geroz eta potoloagoak hobe) esku artean dituzunean? Zein emozio datorkizu gorputzera edo zein emozio sortzen dizu diruak zure egunerokoan?

 

DIRUAREN INGURUKO SINISMENAK

 

Emozioetatik buruak bidaltzen dizkigun mezuetara pasako gara. Jarri al duzu inoiz arreta diruaz hitz egiten duzunean erabiltzen dituzun hitz edo espresioetan? Ziur nago hausnartzeko une bat hartzen baduzula automatikoki esatea ateratzen zaizun esaldiren bat identifikatuko duzula, baita zure inguruan behin eta berriz errepikatzen den espresioren bat…

 

Eta zer gertatzen zaizu diru gehiago izateko grina duzula altuan esaten duzunean? Konfiantza edo lasaitasunez diru gehiago behar, desio, merezi duzula esateko gai zara? Zer egiten duzu horrelako zerbait adierazi ondoren? Beharbada zure burua justifikatu edo zuritzeko beharra sentitzen duzu… Edo ahots altuan esanda ere, erresistentziaren bat badagoela senti dezakezu.

 

Batzuetan erresistentziak ez dira zureak, zure ingurukoenak baizik. Nik ez dakit zure ingurua nolakoa den baina nirean dirua askotan dirua demonizatuta dagoela ikusten dut edo diru-beharra onartzen dutenek ere, maiz atzetik “baina ez gehiegi”, “diru asko edukitzea kaltegarria da”, “diru gehiegi izateak arazoak besterik ez ditu ekartzen”, «diruak pentsonak aldatzen ditu» etab. bezalako esaldiak gehitzen dizkiote.

 

Dirua, ordea, izatez neutroa da. Berekin egiten duguna edo horri jartzen diogun intentzioa da karga positibo edo negatiboa duena. Dirua energia baten gisa ere uler daiteke, oparotasunarekin edo eskasiarekin lotuta dagoena. Esanguratsua iruditzen zait gainera, norberak duen pertzeptzioak baldintzatzen duela ikuspuntu positibo edo negatibo hori (maitasun/gorrotoa, oparotasuna/eskasia…), izan ere, diru kantitate bera izanik ere pertsona batzuk edo besteak balantzaren alde batean edo bestean kokatzen dugu gure burua.

 

 

FAMILIA EREDUEK ZURE BIZITZAN DUTEN ERAGINA

 

Aurreko puntuan aipamen txiki bat egin badiot ere, oraingoan zure familian edo harreman estua duzun pertsona horiekin zaudenean entzun ohi dituzun esaldiak berreskuratzea proposatzen dizut. Zeintzuk dira, diruaren inguruan behin eta berriro entzun dituzun baieztapen horiek? Zerrendatu eta banaka-banaka esaldi horien atzean dagoen karga edo mezua aztertzera gonbidatzen zaitut.

 

Nola eragin dute esaldi horiek zure bizitzan? Horietatik zeintzuk dituzu barneratutak eta nola baldintzatzen dute zure jokamoldea?

 

Beste ariketa interesgarri bat zure familiako pertsona ezberdinek diruarekin izan duten harremana eta bizipen konkretuen inguruan ikertzea izango litzake. Familia guztietan daude diruarekin zerikusia duten bizipen pozgarri edo traumatikoak. Egin atzera zure familiako historian… Nolako harremana du zure amak diruarekin? Zein diru kantitate erabili izan du, nola kudeatu du, zertarako, zein sentimendurekin? Eta zure aitak? Eta alde bateko zein besteko familiek?

 

Eredu, jarrera edo gertaera horietatik bateon bat errepikatzen ari zarela sentitzen duzu? Edo gertaera horiek zure bizitza edo dirua kudeatzeko modua baldintzatu duela uste duzu?

 

Dirua neutroa dela esan dut baina horrekin egiten dugun erabilera norberaren balioen araberakoa izan ohi da. Hau da, diru kantitate zehatz bat balio duen objetu bat garestia iruditu ahal zaizu, baina kantitate bereko formakuntza, bidaia edo esperientzia bat arazorik gabe ordainduko zenuke. Kontestuaren arabera, balio-eskala ere aldatu egingo da. Egungo egoera horren adibide ezin hobea da. Pandemia aurretik, askok etxean inbertitu beharrean nahiago zuen oporretan edo aisian erabili dirua. Egun, telelana, berrogeialdiak, mugak etab. direla eta, bidaietan erabili ezin daitekeen kantitatea etxean gustura egoteko baldintzak izateko erabiltzen dira maiz.

 

Bakoitzak baloratzen duenaren arabera, toki batean edo bestean jarriko du dirua eta gogo, plazer edo esfortzu handiagoa egingo du kantitate hori lortu edo inbertitzeko. Zertan erabiltzen duzu zuk zure dirua? Zertan gastatzen duzu gustura? Eta zerrek izorratzen dizu?

 

DIRUAREKIKO JOERA EZBERDINAK

 

Orokorrean diruarekiko 3 joera nagusi daudela esango nuke:

– Gastatzeko joera dutenak

– Aurrezteko joera dutenak

– Ekiditekoak. Aurreko biak nahiko argi daudela uste dut, baina hirugarren hau, diruaz hitz egin edo ikusi nahi izaten ez dutenak dira. Esaterako, kontu korrontean zehazki zenbat diru duten ez dakitenak, edo hileko gastuak zeintzuk diren jakin nahi ez dutenak, diruaren inguruan eztabaidatu aurretik beretik gehiago jartzeko prest daudenak…

 

Pertsona guztiok dugu 3 joera hauetatik pixka bat. Gai izango zinake bakoitzari ehuneko bat jartzeko? Gertuen dituzun pertsonekin ere egin dezakezu ariketa hau. Ziur aurkikuntza interesgarriren bat egingo duzula honen inguruan.

 

LANKETA LIBURUXKA

Orain bai, lehenengo atal honekin amaitzeko, ariketa liburu batean laburbildu dizkizut aurretik proposatu dizkizudan hausnarketa eta lanketa ezberdinak (eta hainbat gehiago). Oraindik alor asko geldituko lirateke lantzeko… Hori dela eta, zuretzat interesgarriak izango direlakoan nire lanketa pertsonalean topatu ditudan iturri ezberdinak utziko dizkizut hemen. Ez dut guztiekin erabat bat egiten baina zuk zeuk zure ikerketak egin eta ondorioak ateratzeko baliagarriak izango direla uste dut.

Honaino irakurtzera iritsi bazara, eta guztia txukun paperean isladatu nahi baduzu, jeitsi esteka honetako ARIKETA LIBURUXKA

 

 

Besarkada estu bat

Sara

 

📸 @kharp
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies