[CAS] TIENES LA GUÍA DE CÓMO REVISAR Y SELECCIONAR ESTA SUBCATEGORÍA AQUÍ
[CAS] TIENES EL VÍDEO DE CÓMO ORDENAR ESTA SUBCATEGORÍA AQUÍ
Ei! Zer moduz? Hasi al zara Komono kategoria kudeatzen? Bai, badakit itxuraz oso kategoria zaila eta korapilatsua dirudiela, baina ikusiko duzu nola martxan jarri orduko uste duzuna baino arinagoa izango den. Aipatu nizun bezala, elementu asko dituen kategoria bada ere aukeratzeko errazak izaten diren objetuak izaten dira eta horrek asko errazten du prozesua.
Halere, iritsi berria bazara, hemen uzten dizkizut kategoria hau kudeatzeko aurretik idatzi ditudan artikuluak. Lagungarria izatea espero dut:
- Komono kudeatzeko hainbat aholku
- Komono: nondik hasi?
- Komono: lehenengo 3 azpikategoriak (ehunak, papergintza eta material elektronikoa)
Gaur kategoria honen beste azpikategoria batean sakonduko dugu: osasungintza, garbitasuna eta edertasunarekin zerikusia duten objetu eta produktuak. Hau da, normalean komunean edo bainugelan izaten ditugun produktuak.
ZER SARTZEN DA?
Azpisail honetan zuretzat osasungintza, higiene edo edertasunarekin zerikusia duten objetu eta produktu guztiak sartuko lirateke. Zuretzat diot, pertsona batetik bestera oso desberdina izan daitekeelako azpikategoria honen barruan dagoena.
Nik hemen ohikoenak aipatu eta multzotan banatu ditut:
1// Ur-oinarria duten produktuak: gelak, txanpuak, tonikoak, hainbat jaboi, hainbat krema, hidrogela, gazura (suero), ur oxigenatua, betadine…
2// Olio-oinarria duten produktuak: olioak, hainbat krema, makillajea, olio esentzialak…
3// Osasungintza eta edertasuneko beste produktuak: kotoiak, gasak, tiritak, kotoidun makilatxoak, konpresak, hilekoaren kopa, komuneko papera…
4// Osasungintza eta edertasuneko osagarriak: pintzak, goraizeak, ileko gomak, ileko euskarriak, makillajerako brotxa eta pintzelak, bizar xaflak, azazkal-moztekoa…
5// Sendagaiak edo botikak (naturopatia erabiliz gero hemen sartuko litzake)
6// Ongizate eta lasaitasunerako produktuak: kandelak, intsentsuak, girotzaileak, difusoreak, kristalak eta mineralak…
PROZEDURA
Beti aipatzen dudan moduan, edozein kategoria edo azpikategoria kudeatzeko garaian talde txikiagoetan banatzea oso lagungarria izan daiteke. Nik goian egin dudan banaketa adibide bat besterik ez da. Beharbada zuri logikak beste banaketa bat eskatzen dizu, beraz, egin kasu zure senari.
Saioa hasi aurretik produktu hauek toki bakarrean bildu beharko zenituzke. Oroitu, gainera, bainu gelatik kanpo izan ditzazkezun horietaz ere, esaterako, kirola egiteko motxilan eramaten duzun nezeserra, edo gaur egun, ohikoa den moduan, poltsan eramaten duzun higrogel eta musukoaz.
Era berean, izan kontutan kasu honetan ziur aski zure objetu pertsonalak berrikusi eta ordenatzeaz gain beharbada etxeko besteekin elkarbanatzen dituzunak ere tartean egon daitezkeela. Kasu horretan, oso garrantzitsua da aurretik etxeko besteekin hitz egin eta adostasunetara iristea. Nola egingo duzue?
– Zuk ordenatuko dituzu objetu-komunak eta gainontzekoak zure irizpideaz fidatuko dira?
– Zuk zureak bakarrik egingo dituzu eta guztionak direnak bere horretan utzi?
– Edo beharbada zuk guztia berrikusiko duzu baina ezer bota baino lehen gainontzekoei berrikusteko aukera emango diezu?
Hauek aukera batzuk besterik ez dira, ziur zu eta zure etxekoen artean beste konponbide sortzaile batzuk topatzeko gai zaretela.
LEHENENGO BERRIKUSI ETA AUKERATU
Jada objetu guztiak bilduta eta multzoetan banatuta izango dituzu. Orain elementu bakoitza banaka-banaka berrikusteko momentua da. Gogoratu! Berrikusi eta aukeratu bakarrik!!! Kokalekua bilatzeaz gero arduratuko gara.
Berrikusterako garaian hauek dira egin ditzazkezun hausnarketa edo galderetako batzuk:
– Gustuko dut produktu hau?
– Nola sentiarazten nau?
– Zer iradokitzen du produktu honek? Bat egiten du nirekin edo niretzat garrantzitsuak diren irizpideekin?
Pentsa adibidez, zure bizitza idealean erabiltzen dituzun produktu guztiak ekologikoak, jasangarriak eta bortizkeriarik gabekoak direla. Zuretzat irizpide hori oinarrizkoa bada, beharbada etxean dituzun bestelako produktuetako asko kendu edo ordezkatu ditzazkezu.
– Nire bizitza idealean produktu edo objetu hauek izango nituzke?
Zure bizitzak idealaren irudiarekin ez badute bat egiten, zein da desberdintasuna eta zergatik ez daude oraindik zure bizitzan?
– Zein egoeratan daude produktu horiek? Zainduta, narrats, epez kanpo edo iraungita…
– Zer helarazten die nire gainontzeko zentzumenei? Izan kontutan, usaimena, ukimena…
Aurreko azpisailetan egin dugun moduan, Komonoren azpikategoria honetan ere oso garrantzitsua da alde praktikoaren eta zoriontasunaren arteko oreka bilatzea. Alde praktikoari begiratuz gero hausnarketa hauek ere egin ditzazkezu:
– Benetan zenbat behar dut lasai bizitzeko?
Konfinamendu garaian komuneko paperarekin egon zen krisia adibide bikaina da galdera hau ulertzeko. Ez dago kantitate zehatz bat guztientzat baliogarria dena baina izan zure buruarekin zintzoa, ziur uste duzuna baino gutxiagorekin ere ongi molda zaitezkeela. Horrek, ordea, ez du esan nahi beste muturrera pasa behar zarenik ezta eskasia-pentsaera izan behar duzunik ere.
– Badaezpadako gordetzen dituzun objetu/produktuak, erakuskariak (“muestras”), erdizka erabiltzeari utzi diozunak etab., gordetzea beharrezkoa da? Zoriontsu egiten zaituzte?
– Produktu/objetu horiengatik ordaindu duzuna ere pentsamendu mugatzaile bat izan daiteke. Badakit garestiak izan diren produktuak botatzea mingarria izan daitekeela, baina prozesu hau egiteak beste era batera kontsumitu eta harremantzen lagunduko dizu. Batetik, ez duzulako berriro erosteagatik erosiko. Bestetik, beharrezkoa ikusten baduzu, ingurukoei ere mugak jartzen lagunduko dizulako. Uste baino ohikoagoa izaten da amek gure hobebearrez behar ez ditugun elementuak -askotan oso garestiak – oparitzea. Baina ez bazaitu zoriontsu egiten, ez al da hobe espazio hori libre uztea?
ERREZEN EGITEN ZAIZUNETIK HASI
Produktu eta objetu guztien aurrean jarri eta bapatean nondik hasi ez dakizula gelditu zara? Orduan, zuretzat errezena den multzotik hasi behar duzu beti. Pertsona bakoitzarentzat desberdina izan daiteke hasiera puntua, garrantzitsuena banaka banaka berrikusi eta pixkanaka aurrera egitea da. Dena den, lehentasunik ez baduzu nik goian proposatu dizudan zerrenda jarrai dezakezu.
Zailtasunak sortu edo blokeatzen zaituen zerbaitekin topo egiten baduzu, berriz, amaierarako utzi eta jarraitu beste objetu batekin. Guztia berrikusteaz bukatzen duzunean egin baztertu dituzun elementu horien errepasoa. Ikusiko duzu nola, denbora batez aukeratzen aritu ondoren, askoz argiago ikusiko duzun zoriontsu egiten zaituzten ala ez.
OBJETU BAKOITZARI BERE LEKUA
Aukeraketa egiten amaituta, objetu/produktu bakoitzari bere lekua bilatu beharko genioke. Osasungintza, higiene eta edertasun produktu guztiak biltegi edo gune berean bateratua izatea oso lagungarria da, denbora aurreztu eta bilatzerako orduan buruhauste asko ekiditen lagunduko dizulako.
Horretarako, produktu eta objetu ezberdinak aurretik aipatutako taldeetan banatuta gordetzea gomendatzen dizut. Baina hau ez da ordenatzeko dagoen era bakarra. Beharbada zure egunerokoan dituzun beharren arabera, nahiago duzu multzoak beste era batean egin. Hemen dituzu beste hainbat adibide:
– Produktuak eta objetuak materialaren edo jatorriaren arabera banatu (ur-oinarridunak, olio-oinarridunak, kotoi-paper jatorria dutenak, plastikozko osagarriak, metalezko osagarriak…)
– Erabiltzen duzun moduaren arabera banatzea (aurpegirako produktuak batetik, gorputzekoak bestetik, osasungintzakoak, lasaitasun edo gozamenerakoak…)
– Erabiltzen duzun maiztasunaren arabera banatzea. Kasu honetan, gehien erabiltzen dituzunak aurreko aldean eta eskura jarri, eta gutxiago erabiltzen dituzunak, berriz, bigarren planoan.
Zure biltegiratzeko sistema edozein dela ere (tiraderak, apalategiak…) produktu/objetuak kaxetan banatzea gomendatzen dizut. Kaxek guztia bertikalki eusten lagunguko dizute, eta banaketa eta ordena mantentzea askoz errazagoa izango da.
Kaxei dagokionean, gaur egun, prezio, kalitate eta material aukera izugarria dago. Gomendio bat ematearren ahal den forma erregularrena erabiltzea esango nizuke, ahal dela laukizuzen edo karratuak. Sakonera eta altuera ezberdinetakoak konbinatu ditzazkezu zure beharren arabera.
Nik hasiera batean ez nuke kaxetan inbertsio handirik egingo, inguruan dituzun horiek aprobetxatu ditzazkezu (zapata kaxak, taparik gabeko tupperrak, mugikor eta gailu-elektronikoen kaxak…). Sistema honekin ongi moldatzen zarela eta zehazki zer behar duzun argi duzunean erosiko dituzu egokiagoak. Ziur herriko dendetan edo denda handiagoetan zehazki behar duzuna topatuko duzula.
ZORIONTASUNERAKO AHOLKU GEHIGARRIAK
✨ Ahal duzun neurrian guztia tiradera edo apalategietan gorde eta utzi gainazalak ahal den libreen. Konketa edo bainuontziko guneak etengabe bustitzen dira eta garbitzerako orduan gune hauek gauzez beteta EZ izateak asko lagunduko dizu.
✨ Aurreko puntuari lotuta, konketa garbitzeko trapu edo baileta bat gertu gordeta izatea oso erabilgarria izaten da. Horrela gainazalak bustitzen diren bakoitzean garbitu edo lehortu ahal izango dituzu. Berdin, dutxako manpararen kasuan, horretarako oso erabilgarria izaten da dutxa-espatula.
✨ Ahal duzun neurrian produktuen etiketa guztiak kentzeak ere lasaitasuna emango dio zure begiradari. Pentsatu gaur egungo ia produktu guztiak mezuz beterik egoten direla eta oharkabean barneratzen ditugula. Hori dena “zarata” da gure buruarentzat. Halere, zentzuz jokatu. Ezinbestekoak edo garrantsituak diren etiketak bere hortan utzi ditzazkezu edo ohar horiek modu atseginagoan gordetzeko moduak bilatu.
✨ Zure zentzumen guztiak zaindu. Zure balore eta sentimenekin bat egiten duten elementuak jar ditzazkezu espazio eta biltegiratzen gune horiek goxatzeko (landareak, usaidun elementuak, irudiak…)
✨ Gailendu beti kalitatea kantitatearen gainetik eta bilatu zoriontasun extra hori ematen dizuna. Ez dira zertan gauza garestiak izan behar, askotan detaile txikiak zaindu eta inguruan dugunari adi egoteak sor dezake desberdintasuna.
Zer iruditu zaizu? Egingarria, ezta? Edozein zalantza baduzu edo informazio gehiago behar baduzu idatzi iruzkinetan eta pozarren lagunduko dizut ahal dudan guztian💕.
Besarkada bat
Sara