PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ
Gaurkoan niri buruzko artikulu bat idatzi nahi nizun, Kokorobloga osatzen duzuen komunitate honetako partaide batzuk pertsonalki ezagutzeko plazerra dudan arren, zuetako asko ez zaituztedalako zuzenean ezagutzen. Oraingoz zuengana hurbiltzeko beste modurik ez dudanez, niri buruzko artikulu hauek dira gure arteko loturak estutzeko bide bakarra. Baina onartu behar dizut ez dela erraza… batere erraza. Niri buruzko artikulu bat idatzi nahi dudan bakoitzean ordenagailuaren aurrean blokeatuta gelditzen bainaiz paper zuriaren sindromearekin bueltaka.
Oraingoan, hala ere, nahiko argi nuen zertaz aritu nahi nuen. Nire hastapenetaz edo KonMari® metodoarekin horrelako lotura sakona egiteko ezinbestekoa izan den proposamenaren inguruan hitz egin nahi dizut: Hezkuntza Sortzailea.
Aspalditik ezagutzen nauzuenok badakizue Hezkuntza Sortzailea zeinen berezia izan den niretzat, proposamen hau ezagutzeak errotik aldatu baitzuen nire ibilbide pertsonala. Are gehiago, esango nuke KonMari® metodoa niretzat horren garrantzitsua eta eraldatzailea izan bada, zalantzarik gabe, aurretik Hezkuntza Sortzailearekin izan dudan ezagutza eta esperientziagatik izan dela.
Proposamen honen inguruan lehenengo aldiz entzun nuenean 2011. urtea zen (hamarkada bat igaro da ordutik, sinestezina da!), Zaragozan bizi nintzen eta arte-zaharberritzailea nintzen. Arratsalde hartan, egiteko besterik ez nuela eta, lagun batek hezkuntza alternatiboarekin zerikusia zuen hitzaldi batera eraman ninduen. Pentsa zelako aldaketa eman duen nire bizitzak ordutik… guztiaren detonatzailea, hitzaldi horrek sortutako barne-eztanda izan da.
Hitzaldi horren ondoren argi ikusi nuen gaian sakondu eta formatu nahi nuela. Horrekin batera zaharberritzea alde batera utzi eta heziketa alternatiboko proiektuetan lanean hasi nintzen baita 2013an nire espresio tailerrak ireki ere.
Baina zer da hezkuntza sortzailea eta zeintzuk dira bere oinarriak?
HEZKUNTZA SORTZAILEAREN SORRERA
Hezkuntza Sortzailea kontzeptua Arno Stern -ek sortu zuen. Arno Stern, 1924an jaio zen Kasselen (Alemania) eta 9 urte inguru zituen Hitler boterera iritsi zenean. Stern familia judutarra izaki Alemaniatik ihes egitea erabaki zuten, eta herrialde batetik bestera ezkutuan igaro zituzten gerra amaitu arteko urteak.
1946an, 22 urte zituela, umezurztegi batean lan egiteko eskaintza egin zioten; gurasoak gudan galdu zituzten haurrak jasotzen zituzten bertan. Arnok ez zuen formakuntzarik lanpostu horretarako (ez zuen ohiko hezkuntzarik jaso). Hortaz, ez zuen garaian haurrak hezitzeko zeuden praktika edo jakintzek sortutako aurreritzirik. Bere jarrera eta begirada gardena ziren eta zentzumen guztiak jarri zituen haurren beharrak (material eta emozionalak) asetzeko. Haurren zerbitzura jarri zen.
Urte horietan zehar margo batzuk lortu zituen eta haurrek bideraturik epairik gabeko gune bat sortu zuen, non, baldintzarik gabeko onarpena sentitzea eta ondorioz askatasunez adieraztea ahalbidetzen zen. 1949an, baldintza horiek Pariseko tailer batera eraman zituen: “L’Académie du Jeudi” (gaur egun “Closlieu” deiturikoa). Jarraian, margotzearen jolasean agertzen diren espresio-trazuen inguruko ikerketa hasi zuen. Munduko hainbat komunitate isolatuetara egindako bidaien ostean, kode unibertsal baten existentzia baieztatu zuen; “Formulazioa” kontzeptua erabiliko du kode hori izendatzeko.
Ordutik Closlieu-n lanean darrai, Europan zehar ikastaro eta hitzaldiak eman izan ditu, eta “Institut de Recherche en Semiologia del’Expresion” sortu du.
TALDE HETEROGENEOAREN GARRANTZIA
Arno Sternek lehenik, eta berekin formatu garenok ondoren, aurrera eramaten dituzten tailerrek baldintza zehatz batzuk izaten dituzte.
Baldintza horietatik garrantzitsuenetako bat taldea da. Talde heterogeneoa bilatzen da beti, adin eta baldintza ezberdineko pertsonez osatua. Aniztasun horrek bakar, ezberdin eta orijinal ikusarazten zaitu. Gainontzekoetaz erradikalki ezberdina zarenean ezin duzu zeure burua inorekin alderatu, eta ondorioz, benetan behar, nahi eta ahal duzuna egiten hasiko zara.
Gainera espresio tailer hauetan ez dira proposamenak egiten, ez da modelurik eskaintzen edota kopiatzera bultzatzen. Tailerraren estrukturak berak bakoitzak bere beharren, erritmoen eta interesen arabera lan egitea dakar.
JOLASA OINARRI
Tailer hauen beste baldintza garrantzitsu bat espazio pertsonalaren eta komunaren arteko oreka da.
Gelaren erdian dagoen paleta-mahaia espazio komuna izano litzake, pertsonak topatu eta harremantzen diren lekua. Duen formagatik (estua, kolore eta pintzela guztiak batera eta modu zehatzean kokatuta…) parte hartzaileek ezin dute nolanahi erabili materiala eta inguruan dituzten pertsonak kontuan hartu behar dituzte. Ezinbestean arreta eta errespetuz jokatu behar duzu gune horretan.
Bestetik, margotzeko erabiltzen den euskarria, papera, espazio pertsonala izango litzake eta ez da inorekin elkarbanatzen. Espazio pertsonal hau mugagabea da eta norberak izan ditzakeen beharrei erantzuten die. Badaude haur txikiak, espazio pertsonal erraldoia behar dutenak, eta pertsona handiak espazio pertsonal urria nahi dutenak. Espazio pertsonal txikia behar duten pertsona txikiak ere badira, baita alderantziz ere. Konbinaketa posibleak pertsonak bezain anitzak dirak.
Espazio pertsonalaren eta komunaren arteko dantza horretan, prozesu sakon bat hasten da, non, jolasa, ikerketa eta lana gauza bera diren; esfortzuz, konpromisoz eta plazerrez burutzen den barne-jarduera. Tailerrean izugarri ikasten da baina ez da ezer erakusten. Norberak ikertuz, proba ezberdinak eginez, lan-ohitura batzuen bitartez topatzen ditu momentuan behar dituen irtenbideak. Garrantzitsua da inori ikasketa, bizipen edo ikerkuntzarik ez lapurtzea.
Beharbada parte hartzaileak nolabait abandonaturik edo bakarrik senti daitezkeela pentsa dezakezu, baina inolaz ere ez! Alderantziz, bidelagunaren papera ezinbestekoa da, epai, modelu edo aurreritzirik gabe, laguntzen du partehartzaile bakoitzaren prozesu pertsonala.
BIDELAGUNTZAILEAREN PAPERA
Tailerrera eramaten duen bidelaguntzailaren eginbeharra gainontzekoan zerbitzura jartzea da. Hau da, partehartzaileen alboan dago prozesuan zehar, eta maila ezberdinetako beharrak asetzeko baliabideak eskaintzen dizkie beren ikerketa prozesuan murgildu daitezen.
Esan bezala bidelaguntzaileak ez du erakusten, ez du zuzentzen edota proposamenik egiten. Berak ez du tailerrera datozen pertsonekiko helbururik, beraien ongizateaz haratago. Baina era berean bere presentzia ezinbestekoa da, bere bitartez autonomia landu, jolasaz (ikerkuntza, ikasketa… deitu nahi bezala) sakonki gozatu eta norberaren erritmo eta beharren arabera garatzea ahalbidetzen duelako.
ONDORIOAK
Blog honetan denbora bat badaramazu ohartuko zara oinarri hauetako asko, nire KonMari® aholkularitza zerbitzura eta metodo honen ikuspegira egokitu ditudala.
Esentzia home joy zerbitzuaren bidez zure ordena prozesuan bidelagundu nahiko nizuke, desio duzun etxea eta bizitzara hurbil zaitezen. Hezkuntza sortzailean bezala, nire bidelaguntza erabat errespetuzkoa da, aurreritzi, epai eta kritikarik gabekoa. Nik lan-ohitura batzuk eskainiko dizkizut modu arin eta atseginean lan egin ahal izan dezazun, baina zu izango zara erritmoa eta sakontasuna zehaztuko dituena. Ordenatzea jolas bat izan daitekeela ikusarazi nahi dizut, garapen pertsonala, lasaitasuna, denbora eta autonomia ekar ditzakeen ibilbide bat.
Gai hauen inguruan gehiago jakin nahi duzu? Badakizu, inolako konpromezurik gabe jarri zaitezkeela nirekin harremanetan eta kafe birtual (edo presentzial) baten bueltan zure beharrak aztertu eta behar duzun informazio guztia eskainiko dizut.
Besarkada bat
Sara