LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Honezkero konturatuko zinen bezala, KonMari™ Prozesuan askotan errepikatzen dut eskertzeak duen garrantzia. Izan ere, metodo honen inguruan interesa duzuen askok behin eta berriz galdetzen didazue ea zein den gure ondasunak lasaitasunez joaten uzteko modua. Ea badagoen, nolabait esateko, “diogenes potentzialak” direnei laguntzeko moduren bat.

 

Niretzat, zalantzarik gabe, eskertza da baliabide erraz eta garrantzitsuena. Hain da ariketa sinplea, ezen sinestezia dirudiela. Instagrameko zuzenekoetan aipatzen dudanean, asko harritu egiten dira, eta hortaz gain beste baliabide batzuk eskatzen dizkidate, teknika elaboratu edo konplikatuagoen bila. Zorionez, askotan baliabide sinpleena izaten da eraginkorrena ^_^.

 

 

ONDASUNEKIN DUZUN HARREMANA

 

Nolakoa da zure ondasunekin duzun harrenana? Materialki eskaintzen dizutenaz gain, zure barruko zein behar edo nahi betetzen dute zure objetuek? Blog honetan denbora bat badaramazu edo zure ondasunen inguruan hausnartzen hasi bazara jada, ohartuko zinen beraiekin duzun harremana beharrizan materiala baino haratago doala:

 

  • Batzuetan gure oinarrizko beharrekin dute zerikusia: onartua izatea, maitatua sentitzea, talde baten parte izatea… Mugimendu sozial bateko kamiseta izan daiteke horren adibide, ezta? Edo futbol ekipo batena, zergatik ez.
  • Besteetan ingurukoekin dugun harremanari lotuta dago, pertsona horiekin izan duzun harremana da lotura. Esaterako, zure amonak josi zizun jertsea, lagun minak oparitu zizun liburua edo bikoteak aisialdian elkarrekin egiten duzuen zerbaitetarako oparitu zizun osagarria.
  • Momentu konkretu batean izan duzun bizipenari ere lotuta egon daitezke objetuak. Bidaietatik ekartzen dituzun opariak dira adibide garbiena.
  • Estatus soziala edo gizartean gure tokia adierazteko balio duten objetuak ere badaude. Adibidez beti maoizko galtzekin doan pertsona langile klasearekin indetifikatzen dela ulertzen dugu guztiok, ezta? Edo norbaiten etxera joan eta ezker-eskuin eta goitik behera liburuz betetako apalategiak baditu, pertsona landua edo jantzia dela interpretatuko zenuke.

 

Ikusten duzun moduan, zure ondasunekin duzun lotura uste baino sakonagoa eta konplikatuagoa da askotan. Horregatik da horren zaila pertsona batzuentzat objetu horiek joaten uztea, modu batean beren bizitzaren zati batekin hausten ariko balira bezala sentitzen dutelako. Ez bizitzako zati batekin bakarrik, pertsona batekin hausten ari zarela ere senti dezakezu, edo okerrago, traizioa egiten ari zarela. Eta nola ez, horri memoriaren hauskortasuna ere gehitu beharko genioke. Gorde izan duzu inoiz zerbait, pertsona edo momentu hori zurekin “betirako” mantendu nahi duzulako?

 

 

PRAKTIKATU ESKERTZA EGUNEROKOAN

 

Pertsona bakoitza mundu bat gara, horregatik artikulu honetan ematen ari naizen adibideak azalekoak dira eta ez dituzte egon daitezkeen egoera eta ñabardura guztiak adierazten. Baina uste dut ideia orokor bat egiteko balioko dizutela. Finean ulertzea nahi dudana zera da, objetu gehienean atzean emozio, sentimendu eta bizipenak daudela.

 

Horren aurrean, eskertza etengabe praktikatzeak hainbat ondorio edo onura dituela esango nuke. Batetik, ohitura hori zure barruan praktikatzen duzunean egunerokoan bizitzen dituzun gertaera txiki guztiak beste maila batera igoko dituzu. Eskertzak bizipen eta lorpen txiki horiek balorean jarri eta osotasunarekin konektatzen lagunduko dizu. Konkista xume, eta aldi berean, bereziak egiteko gai zarela konturatuko zara. Horren ondorio zuzena, bestek beste zure autoestimua indartu eta zoriontasunaren pertzeptzioa zabaldu egingo dela da.

 

Horretarako ariketa bat proposatu nahi dizut. Nik nire errutinan barneratu dut (nahiz eta garai batzuetan pixkat alboratuta izaten dudan) eta benetan lagungarria dela uste dut:

 

✨Gauero oheratu aurretik edo esnatzen zarenean hartu minutu batzuk inguruan duzuna eskertzeko. Nik minimo-minimo 3 ideia pentsatzen ditut, baina nahi beste pentsa ditzazkezu. Eskertzerakoan edozer gauza eduki dezakezu kontutan: babesa ematen dizun etxea, osasuntsu mantentzen zaituen janaria, berotasuna ematen dizun manta, eguna alaitzen dizun laguna, eder sentiarazten zaituen ezpainetakoa… Ikusten duzun moduan bizirauteko oinarrizkoak diren beharretatik hasi eta azalekoenetaraino iristen da eskertu ahal daitezkeen kontuen zerrenda.

 

Zer iruditzen zaizu? Egingarria da, ezta? Egunean 2 minutu besterik ez dizkizu kenduko gainera.

 

 

ZURE LEHENTASUNAK ARGITUKO DITU

 

Zure egunerokoan inguruan duzuna eskertu eta balorean jartzeak, bestalde, zure lehentasunak argitzen lagunduko dizu. Nik, adibidez, izugarri gozatzen dut te goxo bat hartzen dudanean. Ziur aski ez dugu elkar ezagutzen, baina jakin ezazu tea prestatzeko denbora asko behar dudala, izan ere, tearen inguruko erritual oso bat dut (kontatuko dizut noizbait interesa baduzu). Beste adibide bat, arropa sistema bertikalarekin tolesten igarotzen dudan denbora izan liteke. Plazerra da benetan eta, nahiz eta badakidan, gauzak beste modu batera eginda, beharbada azkarrago, efizienteago, denbora aurreztu eta askoz ere produktiboagoa izan nintekeela, ez ditut une horiek ezerrengatik aldatu nahi.

 

Egunero eskertza praktikatzeak piloto automatikotik atera eta zure beharrak nola eraldatzen diren ohartzen lagunduko dizu. Aurreko adibideari jarraituta, beharbada orain izugarri estimatzen dut te goxo bat hartzen “galtzen” dudan denbora baina hemendik hilabetera X arrazoigatik denbora hori beste zerbaitetan inbertitzea erabakiko dut. Edonola ere, praktika honek erabakiak hartu edo nire hautu pertsonalak egiten laguntzen dit.

 

Zeintzuk dira zure eguneroko plazer txiki-erraldoiak? Zeri ematen diozu balorea? Zeintzuk dira zure bizitzan egiten dituzun hautuak?

 

 

ASKATZEN LAGUNDUKO DIZU

 

KonMari™ Prozesuari dagokionez, benetan zuretzat garrantzitsua dena argi izateak, soberan duzuna joaten uzten lagunduko dizu. Kasu honetan ere eskertza oso baliabide garrantzitsua iruditzen zait. Pentsa zein desberdina den zure amonak jositako jertsea, ia begiratu gabe zuzenean zakar boltsa batean sartzea. Edo, eskuetan hartu, bihotzera hurbildu eta eskerrak eman ondoren, maitasunez zakar poltsa berean uztea.

 

KonMari™ aholkulariok eskertzeko formula hau erabiltzen dugu:

 

“Eskerrik asko …………………………. (dena delako objetua) nirekin igaro duzun denboran …………………………………. (eman dizun hori: “goxo sentiarazi didazulako”, “x jakintza eman didazulako”, “x esperientzia bizitzeko aukera eman didazulako” etab.) eskaini didazulako. Orain joaten utziko dizut beste norbaiten bizitza zorionez betetzen jarrai dezazun. Bizitzak behar dudan guztia ekarriko didanaren uste osoa dut”

 

Probatu duzu? Horrela errazagoa da zure ondasunak joaten uztea, ezta? Bereziki ondasun minak direnean.

 

 

BEGIRADA ALDATUKO DIZU

 

KonMari™ Prozesua egiten amaitu genuenean, M-k oso esanguratsuak iruditu zitzaizkidan aipamen bat egin zizkidan. Etxera sartzen nintzen bakoitzean bere ondasunak desberdin begiratzen nituela ohartu zen, objetu arruntena ere, nik berezia eta baliotsua balitz bezala begiratu eta tratatzen nuen. Horrela, egunetik egunera, bere begirada ere eraldatzen joan zen eta inguruan zuena errespetuz erabiltzen hasi zen. Ikusten duzu, beraz, objetu batek duen balioak ez duela mailarekin, kalitatearekin edo prezioarekin zerikusirik. Zure begirada edo zaintzeko moduarekin baizik.

 

Gure ondasunak tratatzeko dugun modua gure burua zaintzeko dugun moduarekin erabat lotuta dagoela uste dut, eta alderantziz. Zure objetuak maitasunez erabili eta gordetzen dituzunean, zeure buruari zaintza eta maitasun hori merezi duzula esaten ari diozu. Berdin kontrako norantzan. Zuk zure burua garrantzitsua dela sentitzen baduzu, ziur aski zure ondasunak ere era berean tratatuko dituzu. Aukeratu dituzun objetuak zure izanaren luzapena dira.

 

Espero dut proposamen hauek baliagarriak izango zaizkizula eta hein batean zure begirada eraldatzeko baliagarriak izango zaizkula.

 

Besarkada bat💕

 

 

📸@ellienelie
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies