PUEDES LEER LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ

 

Gaurkoan KonMari® metodoa, ordena edo hazkuntza pertsonalari buruzko hausnarketa bat beharrean nire Esentzia home joy zerbitzuaren testigantzetako bat aurkeztu nahiko nizuke. Izan ere, eduki, hausnarketa eta teoria guztien gainetik, horrelako esperientzia bat gorpuztu duen norbaiten hitzak entzuteak balio mugagabea duela iruditzen zait.

 

Agian Marie Kondoren liburuak irakurtzeko aukera izan duzu eta biziki erakargarria iruditu zaizu bere proposamena, baina ez zara praktikan jartzera ausartu. Edo beharbada pausu batzuk eman dituzu baina edozein arrazoi dela eta erdibidean gelditu zara. Edo… metodoaz ezer gutxi badakizu ere, izugarrizko beharra sentitzen duzu zuren etxea -eta bizitza- birrantolatu eta aspaldiko partez arintasuna, poza, goxotasuna sentitzeko.

 

Zure egoera edozein dela ere, jakin zuri laguntzeko irrikitan nagoela. Presentzialki edo online, prozesu osoa edo zati bat bakarrik… Etxea, lantokia, zure gela propioa… Zure espazio pertsonala ordenatzen lagundu nahi dizut, ordena prozesu honek dituen ondorio eta onurak berehala bizitzen has zaitezen. Hartuko dugu kafe birtual bat elkarrekin?

 

Baina lasai, oraingoz, ez duzu esaten dizudan ezer bere horretan sinistu beharrik, I🌷ren esperientzia irakurri besterik ez duzu.

 

Kontestuan jarriko zaitut: I🌷 30 urteen bueltan dagoen emakume gazte bat da. Une horretan alokairuan bizi zen bere bikotearen familiako baten etxean eta egoera horrek bere bizilekua (eta bizitza hein batean) baldintzatzen zuela sentitzen zuen. Etxean bikotea eta beraz aparte, haien lagun bat ere bizi zen.

 

I🌷rekin utziko zaitut, berak kontatuko dizu gainerakoa…

NOLA SENTITZEN ZINEN KONMARI® PROZESUAREN AURRETIK?

 

Etxean objektuak pilatzeko ohitura izan dut urteetan zehar, eta baita txukuntasun gabeziarako tendentzia. Beraz, momentuaren arabera itolarri sentsazioak bizi nituen.

 

Marie Kondoren liburua “La magia del orden” irakurri nuen eta niretzako onuragarria izan zitekeela pentsatu nuen, asko gustatu zitzaidan proposamena. Nire etxea ordenatzeak nire barnea ere ordenatzen lagunduko zidala pentsatu nuen. Hortaz, nire kabuz egin nuen prozesua. Barneratzen hasi nintzen etxearen logika berri hau.

 

Denbora batera, prozesua bidelagunduta egiteko aukera izan nezakeela jakin nuenean, gogo handiz hartu nuen aukera.

 

Sentimenduei dagokionez, emakume askori gertatzen zaigun moduan, munduan nire txokoa egin eta sentitu nahi nuen. Nire gela propioa. Bidean nintzen baina oraindik asko neukan ibiltzeko xede horretara iritsi arte. Oinarri finko eta aldi berean xamur baten desira nuen.

 

Atzera begira, objektu pilaketa etxea propioago sentitzeko estrategia bat zela uste dut, objektu horiek zoriontsu egin ala ez, nik eramandakoak zirenez espazioa nire bilakatuko balute bezala.

 

 

NOLA SENTITU ZARA PROZESUAREN ONDOREN?

 

Orain nire etxea zinez maite dut eta oso harro nago egindako prozesuaz. Aldaketa dexente egin ditut Sararekin lan egin nuenetik eta orain askoz ere propioago sentitzen dut. Atseden hartzeko eta egunerokotasuneko erronkei aurre egiteko adorea eskaintzen dit.

 

Ikaragarria iruditzen zait guztiz arrotzak zitzaizkidan zenbat objektu iristen ziren etxera, bidean oztopoak besterik jartzen ez zizkidatenak. Zenbat irakasle, oroitzapen, ikasketa, egin behar, heriotz, lagun/bikotekide ohi, argazki etb. desatseginekin erlazionatzen nituen zenbat objektuz askatu naizen! Oro har, bizitzan arinago, lasaiago eta zoriontsuago sentitzen naiz Sararekin lan egin ondoren, eta noski, nire bizi kalitatea handitu egin da.

 

Aitortu beharra dut prozesuak ez duela amaierarik, baina esfortzuaren emaitza argi ikusten dut. Hasieran aipatu dudan moduan, nire objektuak kontzienteki aukeratu eta ordenatu izanak nire bizitzako beste eremu batzuetan ere eragina izan du. Positiboa, noski.

 

 

ZERTAN IZAN DA LAGUNGARRIA BIDELAGUNTZA?

 

Batzuetan deserosoa izan bazen ere, Sararekin egin nuen praktikaren bitartez ikasi nuen bereizten zerk egiten ninduen zoriontsu eta zerk ez. Zoriontsu egiten eninduten baina etxean mantentzeko joera nuen objektuen atzean zer zegoen jakiteko bere galderak erabakigarriak izan ziren. Nire burua ezagutzeko tresna izan zen prozesua.

 

Bestalde, etxea txukun mantentzeko joera beste emaitza garrantzitsu bat izan da.

 

 

BIDE HORRETAN ZER GUSTATU ZAIZU GEHIEN?

 

Bidelaguntzaren bidez lan egiten, batere gustatzen ez zitzaidan egin behar bati, txukuntzeari (bere zentzu zabalenean ulertuta), gustoa hartu nion. Oso baliagarria izan da, etxe txukuna edo desordenatua izateak egunerokotasunean asko eragiten didalako. Oraindik ere, etxean lan egiteko gogorik ez dudanean oso presente dut Sara eta bere blog-etik buelta bat ere eman izan dut elkarrekin bizitu genituen uneak oroitzeko.

 

Nire etxean, nire objektu guztiak (eta hauekiko nuen lotura) Sararekin partekatu nituen. Objektuetan, lehen esan bezala bizitzako uneak daude, beldurrak eta itxaropenak. Haurtzarotik orainaldiraino. Guztiak partekatu nituen berarekin. Etxeko lanak egiteko bidelaguntza baino gehiago izan zen; epaiketarik gabe, behar nuen denbora eta espazioa eskaini zidan, bere ikuspuntua ere eman zenidan behin baina gehiagotan, eta asko eskertu nuen. Aldi berean, arin egin genuen lan. Gogor. Eredua izan zen Sara niretzat eta izaten jarraitzen du.

 

Berriki bere etxera itzultzeko aukera izan dut, eta benetan, aldaketa erradikala izan da. Etxearen itxura guztiz aldatu da, ohikoa den moduan KonMari® prozesuak beste bide batzuk ere iriki dituelako. Askotan norberak ere imajinatuko ez lituzkeen jolas eta aukerak zabaldu dira I🌷ren etxean.

 

Baina aldaketa estetiko edo dekoratiboaz gain, gehien hunkitu ninduen eraldaketa etxearen energia izan zen. Dakizun moduan ni ez naiz oso pertsona espirituala baina benetan, etxera sartu orduko nabari den zerbait da… Ez dakit hitz zehatza topatzeko gai naizen baina argi, goxotasun, oreka… desberdin bat duela nabari da.

 

Espero dut hitz hauek zuretzat ere baliagarriak eta inspiratzailea izatea espero dut.

 

Besarkada estu bat

Sara

 

 

✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies