Azkeneko artikuluetan zoriontasuna, beldurra eta beste hainbat emozioren inguruan hitz egin ondoren, gaurkoan KonMari™ Metodoak duen onura handienetako batetaz hitz egin nahi dizut: autoestimua.
Ez nuke autoestimuaren inguruko azaleko diskurtso bat egin nahi, ez bainaiz psikologoa, gai hauetan aditua edota inolako pertsona iluminatua ere. Oso kontziente naiz bakoitzak, ibilbide, baldintza eta esperientzia ezberdinak ditugula. Horregatik, kontatuko dudan guztia ahal dudan umiltasun guztiarekin egingo dut eta nik pertsonalki edo nire bezeroekin bizitako esperietzian oinarrituko da.
Argi dut autoestimua bizitzan eginten ari naizen konkista handienetako bat dela. Bide horretan KonMari™ metodoa baliagarria izan denez zuk ere eskuragarri izatea nahi dut.
Zure ondasunak eta etxea ordenatzea zure autoestimuarekin harremanduta dago
Noski, zure espazio pertsonala ordenatzea ez da nahikoa autoestimu arazo guztiak konpontzeko, baina hasiera bat izan daiteke. Izan ere, zure ondasun guztiak pilatu eta kategoriaka berriskusten ari zaren bitartean, zure bizitzako momentu ezberdinen errepasoa egiten ariko zara. Bizipen horiek mota guztietako emozioekin loturik daude: poza, ustekabea, tristura eta tartean egon daitezkeen ñabardura guztiak.
Egun hauetan, “C”ren prozesua bidelaguntzen ari naiz eta arropa ordenatzen ari ginela zera esan dit “Sara, ohartu naiz ez dudala ia espazio pertsonalik. Uste nuen baietz etxeaz gain eremu zabal bat dugulako, eta behar izanez gero, nire kasa ibiltzeko aukera dudalako. Baina benetan, beharko nukeena baino gutxiago dut. Espazio hori izateak, lasaitasuna eta oreka handiagoa emango lidakeela uste dut”.
Edo “I”rekin batera bere liburuak berrikusten aritu ginenekoa. Kategoria hau erronka handia izan zen beretzat, izan ere, liburuen inguruan gainontzeko kategorietan baino aurreritzi gehiago daude gizartean. Baina hurrengo saioan elkar ikusi genuenean zera aipatu zidan “Konturatu naiz uste nuena baino gehiago dakidala! Liburuak inguruan edukitzeak plazerra ematen dit eta hein batean ziurtasuna ere bai. Baina ohartu naiz horietatik asko ez ditudala inoiz begiratzen, bertan dagoen informazioa barneratuta baitut jada, eta nire espazioa okupatu besterik ez dute egiten”.
Buruan dut “M”k bere argazkiak berrikusten amaitu zuenean begietara begiratu eta “Badakizu? Ohartu naiz uste nuena baino askoz bizitza alaiagoa izan dudala. Benetan oso momentu dibertigarriak bizi izan ditut, eta azken aldian, gauza bat eta beste, horrelako uneak sortzeko aukerari geroz eta toki txikiagoa uzten ari naizela ikusi dut”.
Ikusten duzun moduan, prozesuan zehar, besteak beste, zure autonomia eta espazio propioa konkistatu ditzazkezu; benetan eskaintzeko zenbat duzun eta zein baliotsua zaren ohartuko zara; zure bizitzan garrantzitsuak diren jarrerak indartu eta berreskuratuko dituzu… Hauek, autoestimuarekin zuzenean eta zeharka loturik dauden konkista erraldoiak dira. Imajinatzen duzu nolako aurkikuntzak egin ahalko dituzun zuk?
Ondasunak antolatzen ari zarenean zure bizipenak ere ordenatzen ari zara
Emozio horiek zuzenean zure bizipenekin lotutak daude, eta hauek, esku artean dituzun objetuekin. Hortaz, zure ondasunak antolatzen dituzunean atzera bidea ere egiten ari zara hein batean.
Gizarte super-arrazional honek askotan ez digu ikusten uzten objetuek ia beti lotura handiagoa dutela alde emozionalarekin zentzu praktikorekin edo benetako beharrarekin baino.
Halere, zientziak behin baino gehiagotan ikusarazi du emozioetatik abiatuta hartzen ditugula erabakiak nahiz eta gero arrazoiaren bidez zuritu edo berresten dugun egindakoa. Horregatik, zure buruaren hitz jarioa alde batera uztea lortzen duzunean, buruak jartzen dizkizun oztopo txikiak gainditzen dituzunean, horren atzean dagoena ikus dezakezu.
Ordena bi norantzako ekintza da, kanpotik barrura eta barrutik kanpora. Zure ondasunak berrikusi, aukeratu eta kokapen zehatz bat ematen diezunean, aldi berean, objetu horiei lotuta dauden bizipen eta emozioei argia ematen ari zara.
Harreta zuregana bideratuko duzu
Zu zara zure bizitzako pertsonarik garrantzitsuena. Ikusi duzun moduan KonMari™ Prozesua egiten ari zaren bitartean ezinbestez fokua zuregan jarri beharko duzu.
Nolakoa zara? Zer nahi duzu benetan? Nola begiratzen duzu zure burua? Nola zaintzen zara? Zu izango zara pelikula honen protagonista. Besteek zuri buruz zer pentsatu edo esaten duten aztertzen denbora galdu beharrean, zure esentziarekin konektatu ahal izango duzu.
Hitzez azalduta beharbada oso prozesu konplexua badirudi ere, benetan oso modu natural eta arinean egingo duzu kanpotik barrurako ibilbide hau.
KonMari™ Metodoa zure burua sakonki ezagutzeko aukera bat da. Beno, sakonki baino gehiago zuk nahi duzun neurriraino. Baina, zalantzarik gabe, abiapuntu bat izango da. Gero zuk erabakiko duzu zertan sakontzeko prest zauden eta zer utzi nahi duzun bere hortan oraingoz.
Zentzu horretan zera esan nahi dizut, erabakitzen duzuna erabakitzen duzula perfektua dela. Iruditzen zait batzuetan gure buruarekiko exijentzia maila altua dugula eta, eroso gauden egoerak gainditzea hazteko ezinbestekoa den arren, noizean behin gure konfort gunean mantentzea ere oso aberasgarria da. Prozesua egiten ari zaren bitartean, momenturen batean objetu baten atzean dagoen bizipena kudeatzeko gai ez zarela sentitzen baduzu, nire gomendioa mantentzea erabaki duzun gauzekin batera gordetzea da. Are gehiago, eskaini iezaiozu arreta berezia, zaindu mimo handiagoarekin. Ikusiko duzu nola, denborak bere tokia emango dion.
Ba al dago zure burua maitatu eta bizitzan gozatzea baino ezer garrantzitsuagorik?
Besarkada bat
Sara
Espero dut artikulu hau interesgarria edo/eta erabilgarria iruditu izana. Horrela bada,
👉🏼 Asko eskertuko nizuke interesa dakioken edonori zabaltzea.
👉🏼 Gai hauen inguruan gehiago jakin nahi baduzu eman izena nire newsletterrean
👉🏼 Eta zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi badidazu idatzi hemen behean edo bidali iezadazu email bidez, sekulako ilusioa egiten dit zure iritzi, desio eta beharrak ezagutzeak.