LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO DENTRO
Aurreko artikuluan kolorearen erabilerak zure etxean izan dezakeen eraginaren inguruan aritu nintzen hizketan. Alde dekoratiboan sakondu hartan eta oraingoan koloreek etxeko antolaketan nola lagundu ahal dizuten azaldu nahi dizut.
Izan ere, aukeratzen dituzun koloreen arabera edo hauek kokatzeko moduaren arabera, lasaitasuna, armonia, ordena… sentipena areagotu dezakezu edo alderantziz. Edozein modutan aukeratutako eta antolatutako koloreek etxea ordenatuta egon arren kaotiko xamarra izatearen itxura eman dezakete.
ANTOLAKETARI LAGUNTZEN DIOTEN KOLOREAK
Aurrera jarraitu aurretik, ohar garrantzitsu bat gogorarazi nahi dizut. Badakit kolorearen mundu hau oso erakargarria dela eta artikulua irakurtzen hasi orduko zure etxea nola egokitu dezakezun irudikatzen hasia izango zarela. Baina geldi zauden horretan, eutsi irrika horri! Bidelaguntzen ditudan pertsona guztiekin gertatu zait, nahi gabe, burua dauden puntua baino 3 pausu aurretik doala une batzuetan eta honek prozesu guztia zapuztu dezake. Hau da, etxea ordenatu eta zer transmititu nahi duzun zehaztu aurretik, azkeneko pausura salto egiten baduzu iparra galdu eta prozesu osoa blokeatzeko arriskua izango duzu.
Gogoratu, bestalde, KonMari® metodoan 2 fasetan egiten dela lan:
1. Kategoria bakoitzeko objetuak banaka-banaka berrikusi eta aukeratu.
2. Aukeratu dituzun objetu horiei kokalekua bilatu eta ordenean jarri.
Kolorearen erabilera KonMari® prozesuaren bi faseetan da erabilgarria. Lehenengo fasean, kolorea erabili baino gehiago arreta jartzeko esango nizuke. Hau da, zure burua epaitu edo baldintzatu gabe, jarri arreta ea aukeratzen dituzun arropa eta objetuetan errepikatzen den joerarik ikusten duzun.
Bidelagun gisa gertatu izan zait lehen fase honetan hitzez gauza bat esan baina arropak edo objetuak aukeratzerakoan bestelako gustuak ateratzen direla. Batzuetan harrituta geratuko zara zeure buruarekin, beharbada espero ez zenituen kolore, marrazki edo akaberak gustuko dituzula ohartuko zarelako. Euskal Herrian orokorrean oso soilak izateko joera dugun arren, maiz topatu ditut brilli-brilliak, kolore biziak, lumak, tatxuelak eta bestelako ikutuak dituzten arropa edo objetuak gustuko dituzten pertsonak.
Nire esperientziaren arabera, esango nuke gustu hori beti egon dela hor baina ditugun aurreritzi edo beldurrengatik agian ez diogu gure buruari nahi beste espresatzen utzi. Hortaz, izan zaitez zeure buruarekin ahal den zintzoena eta maitatu ateratzen den hori. Ziur zure gustuko koloreak modu orekatuan etxean adierazteko modua topatu dezakezula.
INDARTU ETXEKO ORDENA KOLOREEN BIDEZ
KonMari® metodoaren bigarren fasean koloreek ordena sentipena areagotu eta etxeko espazio ezberdinetan lasaitasuna zein harmonia lortzen lagundu ahal dizute. Kategoriaz kategoria ikusten joango gara.
1. KATEGORIA: ARROPA
Arropa eta osagarri gehienak armairuan eta apaletan gordetzen dira. Bi kasuetan ilunetik argira eta kolore tonu ezberdinak kontuan hartuz elkarren ondoan jarri beharko zenituzke. Zintzilikatuta dagoen arroparen kasuan, arropa ilun, luze eta lodienak ezkerrean doaz, eta eskubiruntz zoazen heinean gradualki argiagoak, arinagoak edo motzagoak direnak jarri ditzazkezu.
Normalean, gainera, neguko arropak (berokiak, soinekoak, jantziak…) lodiagoak, luzeagoak eta ilunagoak izan ohi dira eta aldiz udakoak arinagoak eta argiagoak. Beraz, denboraldi ezberdinetako arropak armairu berean izango bazenituzke ere ordena modu hau lagungarria izango zaizu.
Apaletan dagoen arroparen kasuan, aldiz, arropa ilunenak atzean eta argienak aurrean jarriko dituzu.
Kuriositate moduan jakin, armairua antolatzeko modu hau artean koadroak analizatzerako erabiltzen den moduaren oso antzekoa dela. Izan ere, gizakiaren begiak ezkerretik eskubira eta behetik gora egiten du espazio baten irakurketa orokorra eta bide hori jarraitzen duzunean lasaitasuna ematen diozu begiari.
Irudiak @mariekondoren Instagram kontuan daude ikusgai. Ezkerrekoa orden.arena da eta eskubikoa @dear_messena da
2. KATEGORIA: LIBURUAK
Liburuen apalategia antolatzerako garaian modu ezberdinak topa ditzazkezu. Ziur nago literaturan edo bibliotekonomian adituak direnek antolakuntza modu batzuk besteen gainetik hobesten dituztela alde praktikotik begiratuta bederen.
Baina liburutegi publiko batek edo etxeko liburutegiak ez dute funtzio bera betetzen eta, beraz, etxean askatasun gehiagorekin joka dezakezu. Liburuak antolatzeko moduen artean hauek nabarmenduko nituzke:
- Ordena alfabetikoan egilearen edo izenburuaren arabera.
- Azpikategoria edo gaika multzokatuta eta ondoren egilearen edo izenburuaren arabera.
- Erabileraren arabera
- Sortzen dizuten emozioen arabera
- Koloreen arabera.
Artikulu honetan gehiago azaltzen dut liburuen ordenaren inguruan, baina kasu hontan koloreka ordenatzeko moduan sakondu nahi dut. Koloreka antolatzerako moduan 2 joera nagusi daude:
- Liburuak ohiko moduan jarrita, bizkarraren kolorearen arabera antolatzen dutenak. Kasu horretan ilunetik argira antolatu ditzakezu, kolore gama kontuan hartuta: ilunenak goian eta ezkerrean jartzen hasi eta beheruntz zoazen heinean argiagoak jarriz. Liburu edo liburutegien kasuan mendaldeko joera ezkerretik eskubira eta goitik behera begiratzea da (irakurtzen dugun zentzu berean alegia.
- Liburuen bizkarra apalategiaren barruan jarrita. Kasu horretan orrien kolorea da ikusiko duzuna. Sistema honekin kolore neutroak, txuritik arrera doazenak, bakarrik izango dituzu bistan eta itxura bateratuagoa izango du liburutegiak. Noski, alde praktikotik begiratuta zailagoa da zein liburu duzun jakitea baina liburu gutxi badituzu edo ongi ezagutzen badituzu egingarria da.
Ezkerreko irudia Ana Jimenez artvellanarena da (kontu zoragarria du argazkilaritza eta koloreak gustuko badituzu). Eskubikoa Unsplashetik atera dut, Rhamelyrena da.
3. KATEGORIA: PAPERAK
KonMari® metodoan paperak 3 sailetan banatzen dira: berehala kudeatzekoak, behin behinean gordetzekoak eta behin betiko gordetzekoak.
Material antzekoa duten objetuak batera edo gertu gordetzea gomendatzen du KonMari® metodoak. Hori horrela, etxean liburuen apalategi berean edo bulegorik baduzu aparteko leku batean izango litzake egokiena.
Berehala kudeatu beharreko dokumentuen kasuan nik erretilu edo kaxa bertikalen bat erabiltzea gomendatzen dizut, beti ere inguruko elementuekin bat egiten duen kolore edo materiala aukeratuz.
Behin behineko eta behin betiko dokumentuak, aldiz, bakoitza karpeta batean. Bi karpetak estilo berekoak badira askoz hobe edo bestela ahal den neutroenak izatea esango nizuke (kolore neutro edo gardenak, material naturalak…).
4. KATEGORIA: KOMONO
Komono edo miszelanea, kategoria zabalena da dudarik gabe. Luze joko liguke azpikategoria guztiak banaka aipatzeak baina koloreari dagokionez 3 esanguratsuenak hauk direla esango nuke: papertegia, bainugela eta sukaldea. Kasuan kasu, lanabesak edo bestelako hobbiak ere kontuan hartu beharko lirateke.
Papertetegia: paperak, koadernoak, liburuxkak eta paperarekin zerikusia duten lanabes edo osagarri oro sartuko litzake hemen. Hauek liburuen material berdina dutenez edo osagarriak direnez, ordena sistema bera erabiltzea gomendatuko nizuke. Hortaz, modu bertikalean gordeta eta kolore-gamak errespetatuz.
Komuna eta sukaldea: bi espazio ezberdin diren arren badituzte bateragarriak diren gomendioak.
– Ahal duzun neurrian kristalezko potoetara pasa produktu edo jakiak. Normalean oso deigarriak diren kolore eta mezuekin bilduta egoten dira eta horrek nahi gabe burrumba sortzen du gure buruan. Gainera orokorrean hobeto mantenduko dira produktuak.
Kristalezko potoak aukeratzen dituzunean saiatu guztiak forma edo estilo berekoak izatea. Ez da behar dirutza gastatzea, ziur han-hemendik birziklatu ditzazkezula behar dituzun potoak.
– Jatorrizko potoetan mantenduko badituzu, ahal duzun guztian, etiketa guztiak kendu. Noski, kasu honetan zentzuz jokatu (ez kendu ezinbestekoak edo arriskutsuak diren izen/etiketak).
– Aurreko bi aholkuak bete badituzu, azpikategoriak errespetatuz antolatu ditzazkezu produktu eta jakiak. Praktikoa izateaz gain, ederra da heuren kolore naturalen arabera elkarren ondoan produktu eta jaki ezberdinak ikustea.
– Produktuak bere horretan utziko badituzu (edo bestelako arrazoiak direla medio) kaxatan irekietan gordetzea ere gomendagarria izan daiteke. Kasu horretan kaxen kolorea eta materiala ahal den bateratuena izatea bilatu (edo zu zeuk eraldatu).
Ezkerreko irudia berriro Ana Jímenez artvellanarena da. Eskuinekoa MarieKondoren kontutik jaso dut, @ryddhjemmerena da.
Ezkerreko irudia KonMari.co kontu ofizialetik ateratakoa da eta @cambridgehomecompanyena da. Ezkerrekoa MarieKondoren kontu ofizialekoa da, @lauramitullarena da argazkia.
5. KATEGORIA: OBJETU SENTIMENTALAK
Azkeneko kategoria honetan argazkiak, marrazkiak, txikitako oroigarriak etab. sartuko lirateke. Kategoria honetan bi motako pertsonak topatu izan ditut: bistan jartzea gustuko dutenak edo armairu barruan (modu zainduan, noski) gordetzen dituztenak.
Kategoria honetako objetu nagusia, dena den, argazkiak izan ohi dira. Argazkiak gordetzeko albumak dira ohikoenak, baina nik kaxa batean gordetzen ditut aspalditik. Gutxi ditudanez sistema honek ere oso ongi funtzionatzen du, izan ere, argazki baten bila zoazenean beste batzuekin ere egiten duzu topo nahigabean eta izugarrizko poza ematen du.
Albuma edo kutxa, objetu sentimentalen lekua liburuen apalategian bertan edo gelako toki berezi batean aparte izango litzake. Edonola ere, inguruan duenarekin koherentzia mantentzen duen albuma/kaxa topatu beharko zenuke. Argazkiak (eta objetu sentimentalak orokorrean) zure bihotzetik gertuen dauden objetuak dira eta beraz, ohorezko lekua eta tratamendua izan behar dute. Demagun zure etxean -eta bizitzako beste arloetan – zaintza eta elegantzia helarazi nahi duzula, orduan mesedez, ez gorde argazkiak marrazki infantilizatuak eta kolore kirrikariak dituzten albumetan.
Zer iruditu zaizu? Betetzen dituzu aipatutako gomendio edo irizpide gehienak? Edo batere ez? Etxean ordena handitu eta errazteko baliagarriak izango zaizkizula espero dut. Gustura irakurriko nuke zure iritzi eta esperientzia iruzkinetan👇🏽😊.
Besarkada bat
Sara