LEE EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO DENTRO
Jarri al diozu inoiz arreta koloreak zure bizitzan, eta konkretuki, etxean duen presentziari? Nola eragiten du kolore batek ala besteak zure aldartean?
Izan dekorazioaren ikuspuntutik baita antolaketaren aldetik ere kolorearen erabilerak berebiziko garrantzia du etxean. Espazio batean sartzen zarenean koloreek informazioa bidaltzen dute zure garunera eta emozio bat edo beste sortzeko gaitasuna izango dute.
Alde dekoratibotik, gune horrek izan dezakeen giroa baldintzatzeaz gain gela horren ezaugarriak nola hautematen dituzun eraldatu dezake. Horrela, erabiltzen diren koloreen bitartez lasaitasuna, poza, sofistikazioa… helarazi dezakezu baina baita gela bat itxuraz handiagoa, argitsuagoa, estuagoa… bihurtu ere.
Antolaketari dagokionez, berriz, koloreen erabilera zure alde erabili dezakezu ordenaren sentipena handitu eta begiari lasaitasuna eta harmonia helarazteko.
Artikulu honetan koloreek etxeko dekorazioan orokorrean izan dezaketen eraginari buruz arituko gara. Informazio gehiegirekin gaindituta sentitu ez zaitezen bigarren artikulu batean kolorea etxeko antolaketan nola erabili erakutsiko dizut.
KOLOREAREN INGURUKO OINARRI BATZUK
Ez dut koloreen teorian sakonduko informazio ugari eta oso interesgarria baituzu horren inguruan beste euskarri batzuetan. Baina oinarrizkoena aipatze aldera:
– Orokorrean kolore gorri, laranja, horiak… kolore berotzat hartzen dira eta berotasuna, alaitasuna, goxotasuna, gertutasuna sentiarazten dute.
– Orokorrean kolore urdin eta berdeak… kolore hotzak izango lirateke eta hauek freskotasuna, distantzia, lasaitasuna helarazten dute.
– Txuria, grisa, beltza eta beige… heuren tonu ezberdinetan neutroak direla esaten da eta aurreko biak osatzeko erabiltzen dira.
Koloreen esanahiaren eta konbinatzeko moduen inguruan teoria eta arau ugari daude, batzuk nahiko sinpleak (koloreen eskemak: monokromatikoa, armonikoa eta kontrasteak) eta beste batzuk landuagoak (Feng Shuia, esaterako). Baina praktikara eramateko erraza den bat nabarmentzekotan gera zaitez hurrengo puntuan azaltzen dizudan honekin.
60-30-10 ARAUA
Dekorazioan asko erabiltzen den araua da hau, izan ere, sinplea da, aplikatzeko erraza eta oso emaitza onak ematen ditu:
– Teoria honen arabera, zure etxearen %60an kolore neutro edo nagusi bat erabili beharko zenuke.
– %30ean bigarren mailako kolore bat aukeratu beharko zenuke. Bizitasun pixkat emango dion kolorea baina gehiegi nabarmendu gabe.
– Geratzen den %10ean beste kolore batekin (edo tonu bereko kolore are biziago batekin) azentua emango diozu.
Aukeratzen duzun kolore bakoitzean, kolore-gama horretan dauden tonu ezberdinak erabili ahalko zenituzke. Hau da, pentsa %30 horretarako laranja aukeratzen duzula, ez da beharrezkoa altzari edo osagarrietan laranja tonu bera erabiltzea, argitasun eta saturazioarekin joka dezakezu. Hala ere, nire gomendioa ahal den sinpleen (baina ez horregatik aspergarri) mantentzea da. Irudietan dituzu hainbat adibide.
Irudiak Instagrameko @ambito_arquitectos kontukoak dira.
ZER HELARAZI NAHI DUZU KOLOREAREN BITARTEZ?
Etxean edozein aldaketa egin aurretik, ohi bezala, hausnarketa txiki bat egitera gonbidatu nahi zaitut. Zer sentitu nahi duzu etxean? Edo zer helarazi nahi diozu kanpotik datorrenari?
Niretzat, etxea babeslekua, kabia, intimitatea… da. Goxotasun hori sortze aldera, kolore/argi gogor eta hotzak alde batera uztea komeni da. Baina horrek esan nahi du ezin dituzula kolore berde, urdin edo moreak erabili? Inondik inora ere. Lehen aipatu dut kolore horiek orokorrean hotzen barruan sartzen direla, baina erabiltzen duzun tonuaren arabera goxoagoak izan daitezke. Gakoa kalitate handiko pinturak aukeratzea da, pigmentu asko dutenak alegia, eta tonu egokia aukeratzea.
Etxeko antolaketan bidelaguntzen pertsona oso ezberdinak ezagutu ditut. Benetan ederra da ikustea KonMari® prozesua amaitu eta denbora batera nola heuren etxeek beste maila batean eraldatzen jarraitzen duten eta bertan bizi direnen esentzia transmititzen duten detaile hauen bitartez. Pertsona horien artean esaterako, bezero batek etxeko ateak eta paretak dekoratzeko kolore hori bizia eta marrazkiak erabili zituen. Bere bizi proiektua natura eta ekologiari eskaintzen dion beste baten etxean, aldiz, kolore berdea, laranja eta marroistak gailentzen dira. Beste pare batek, sinpletasuna eta minimalismorako joera dute eta hauen etxeetan kolore naturalak nagusitzen dira, nahiz eta neutraltasun horrekin hausten duten beste kolore batzuk ere sartzen dituzten.
Nik neuk ere azken honekin egiten dut bat. Egia esan behar badizut izugarri erakartzen dit horren modan dagoen ‘estilo japandi’ delakoak, baina gero bere horretan nire etxera trasladatzea gehitxo iruditzen zait, ez naiz ni neu sentitzen horrelako etxe hain neutroetan. Horregatik, kolore-gama eta estilo neutro ‘perfektu’ hori pixkat hausten duen elementuak sartu behar ditut han hemenka. Badakizu puntuek txoratzen nautela (kontuz ibili behar dut bizio horrekin zeren bestela nire etxeak eta ni neuk beti inauterietan bizi garela dirudigu) eta azken aldian, kolore marroi-laranjatsu eta urdin ilunen arteko konbinaketak ere izugarri erakartzen naute. Goxoa eta aldi berean elegantea iruditzen zait kolore konbinaketa hau.
Eta zu? %100 estilo batekin identifika zaitezke? Edo nahasketa gustatzen zaizu? Zein da ‘horren zu’ egiten zaituen kolore edo estanpatua? Izugarri poztuko ninduke gai honen inguruan zure bizipena ezagutzea, kontaidazu iruzkinetan gustu baduzu ✍︎.
Ikusten duzun moduan, koloreen aukeraketa etxeari zure izaera emateko estrategia erraz (eta ekonomikoa) izan daiteke.
Besarkada bat ♥︎
Sara