PUEDES LEER EL ARTÍCULO EN CASTELLANO AQUÍ

 

Ba al duzu etxeko animaliarik? Nola eragiten du elkarbizitzan eta etxeko ordenean animaliak izateak? Animalia zalea bazara eta maskotak badituzu, KonMari® metodoaren oinarriak lagungarriak izango zaizkizu etxeko oreka eta guztien ongizatea hobetzeko.

 

Ukaezina da animaliek gero eta presentzia handiagoa dutela gure bizitzan. Badirudi, gizartea geroz eta bakartiagoa den heinean, orduan eta garrantzitsuagoak eta lagungarriagoak direla animaliak. Hori dela eta, artikulu hau idatzi aurretik ikerketa txiki bat egin dut animaliak eta etxeko ordenari buruz, baina erabat harrituta gelditu naiz gai honen inguruko ia edukirik ez dagoela ohartu naizenean. Topatu ditudan gutxiek asko azpimarratzen dute etxea garbi edukitzearen beharra baina, hortaz haratago, ia ez dute sakontzen animalien eta pertsonen arteko elkarbizitzak izan ditzakeen erronketan.

 

Aitortu behar dizut bestalde, nik neuk ere ez ditudala animaliak etxean. Nire haurtzaro eta gaztaro osoa animaliez inguratuta pasa dut, baserrian bizita txakurrak, katuak eta bestelako animalia txikiak izan ditut beti inguruan. Baina heldutu nintzenetik, hainbat arrazoi direla medio (bizi baldintzak, ardura, antolaketa…) argi izan dut ez dudala etxean animaliarik nahi. Ziur nago, ordea, artikulu hau irakurtzen ari zareten askok badituzuela. Hortaz, ekarpenik egitera animatzen bazara benetan aberasgarria izango da guztiontzat eta izugarri eskertuko dizut.

 

 

ANIMALIEN HONDASUNAK, KOMONOREN BARRUAN

 

Animaliekin zerikusia duten objetu guztiak KonMari® metodoaren laugarren kategorian sartuko genituzke: komono barruan. Baina duzun animaliaren eta hezteko moduaren arabera, beraiekin zerikusia duten ia kategoria guztietako objetuak topatu genitzazke.

 

Edonola ere, objetu asko edo gutxi izanda ere, lan egiteko modua antzekoa da; eskaini beharreko denbora izango da aldatuko dena. Lehenengo pausua, zure maskotarekin zerikusia duten objetu guztiak elkartzea izango litzake. Kategoriaka banatuta hauek izan daitezke objetu horietatik batzuk:

 

  • Arropa: ohikoak dira adibidez txakurren/katuen jertseak, euritako kapak, osagarri edo apaingarriak… Txakurren edo bestelako animalien uhalak ere hemen sartu genitzazke.
  • Dokumentuak: ziurtagiriak, osasunarekin edo txertoekin zerikusia duten dokumentuak…
  • Komono:
    • Lotarako koltxonetak, tapakiak, ohialak…
    • Dortoka, arrai, narrasti, txori etab.en kasuan: ontziak, akuarioak, terrarioak, kaiolak…
    • Garraiatzeko kutxak.
    • Garbiketarako produktuak eta sendagaiak.
    • Janaria eta jateko tresneria.
    • Jostailuak…
    • Altzariak. Esaterako, katuek eskalatu dezaten jarri ohi diren altzariak etorri zaizkitu burura.
  • Objetu sentimentalak: animalien objetu kuttunak. Badakit batzuek beti izaten dutela objetu kuttunen bat: peluxexko panpinaren bat, etxeko zapatila zahar bat… dena delakoa.

Ikusten duzun moduan, liburuen kategorian izan ezik gainontzeko guztietan topa ditzazkezu objetuak. Hortaz, hasteko proposamena hau da: objetu guztiak bildu, sailkatu eta banaka-banaka berrikusi eta aukeraketa bat egitea.

 

 

ZORIONTSU EGITEN ZAITU?

 

Aukeraketa egiterako orduan, galdera hau izango da oinarria: zoriontsu egiten zaitu?

 

Edo beste modu batera esanda: zure esentziarekin bat egiten du? Zure bizi estiloarekin koherentea da? Alai, pozik, lasai… bizitzen laguntzen dizu?

 

Printzipioz galdera hauek animalien objetu ezberdinen inguruan planteatzeko dira. Baina bururatu zait agian, ez dela inongo erokeria animalia beraren inguruan hausnartzea. Ulertzen dut, printzipioz, etxean maskota bat izateko hautua egin baduzula, benetan zoriontsu egiten zaituelako dela.

 

Ez dut zalantzan jartzen animalia horiekiko sentitzen duzun maitasuna. Are gehiago, hausnarketa egin eta gehiago nahi ez dituzula erabakiko bazenu ere, horrek ez luke haiekiko maitasuna gutxitu edo kolokan jarriko. Iruditzen zait, pertsonekin gertatzen den moduan, maitasun handia sentitu arren batzuetan hobe izaten dela distantzia. Eta horretaz ohartzea benetan onuragarria izan daiteke guztiontzat.

 

Mila arrazoi egon daitezke bizitzako uneren batean animaliak eduki eta gero iritziz aldatzeko. Bikoteen arteko banaketetan esaterako, askotan gertatzen da maite duzun animalia hori joaten utzi behar izatea. Zure bizitzako lehentasunak ere aldatu daitezke eta, agian, ez duzula animalia horrek behar duen arreta eskaintzeko denbora edo indarrik senti dezakezu. Edo beharbada, zure bizitza estiloarekin jada ez duela bat egiten ohartu zaitezke.

 

Argi utzi nahi dut ez naizela balantzaren alde batean ala bestean kokatzen ari. Hausnarketarako ate hau zabaldu nahi dizut bakarrik, gaiak sakonki ukitu zaitzakeela uste baitut, eta beharbada aurriritziak direla medio, ez diozulako zure buruari hortan pentsatzeko aukera ere eman. Beraz, inolako epairik gabe, zintzotasunez, sentitzen duzun horrekiko informazioa biltzea besterik ez da nire desioa.

 

Edonola ere, galdera hauek berak, zure maskotak dituen objetu guztiekin egin beharko zenituzke. Beste galdera lagungarri batzuk ere uzten dizkizut badaezpada:

 

  • Onuragarria da zure animaliarentzat?
  • Zein materialekoa da objetu hori? Gustuko duzu? Atsegina da zure maskotarentzat?
  • Zure baloreekin bat egiten al du? Adibidez, zure buruarentzat janari ekologikoa aukeratzen baduzu, beharbada zure animalientzat ere antzeko zerbait nahiko zenuke? Ala ez?
  • Estetikoki gustuko duzu? Bat egiten du zure etxeko estiloarekin?
  • Benetan horrelako zenbat objetu behar ditu zure animaliak zoriontsu izan dadin?
  • Nola dago zainduta?
  • Zer falta zaio? Zer duzu gustuko? Nolabait eraldatu dezakezu oraindik egokiagoa izan dadin?

 

 

PROZESUA EGITERAKO GARAIAN ZAINDU ZURE MASKOTAK

 

KonMari® prozesua egiterakoan orokorrean, baina bereziki etxeko animaliaren objetuak aukeratu eta ordenatu behar dituzunean, zaindu non eta nola egongo den zure maskota. Izan ere, animaliak, haurren antzera, bereziki sentiberak dira eta segituan nabaritzen dute zure barnean edo etxean egon daitezkeen aldaketak.

 

KonMari® aholkularia izateko jaso nuen formakuntzan aipatu zen animalia batzuk urduri jartzen direla horrelako prozesuak burutzen direnean. Eta egia esan, guztiz logikoa iruditzen zait. Prozesu hau sakona eta intentsoa izan ohi da norberarentzat, eta zuzenean edo zeharka, inguruko guztiei eragiten die (positiboki beti).

 

Hortaz, animaliak badituzu eta ordena prozesua egitera animatzen bazara, izan kontutan beraiengan izan dezakeen ondorio eta eragina ere. Pertsonekin komunikazioa eta entzute aktiboa lantzea gomendatzen dut beti. Animaliekin ezin da horren zuzenean landu, baina pentsatu ea nola egin dezakezun guztiontzat atsegina izan dadin. Aukera baduzu, lan saioa burutzen duzun orduetan, animaliak etxetik atera edo haien ardura beste norbaiten esku uztea oso lagungarria izan daiteke.

 

 

BILATU ANIMALIENTZAT ESPAZIO PROPIOA

 

Nire lan egiteko moduan, espazio pertsonalaren eta komunaren arteko oreka topatzea oinarri garrantzitsuenetako bat da. Blogeko beste artikulu batzuetan luze hitz egin izan dut gai honen inguruan, beraz, ez dut gehiago sakonduko hemen; baina aipamen txiki bat egin nahi dut animaliek beraien espazio propioa izatearen garrantziaren inguruan.

 

Pertsona guztiok gure espazio pertsonala behar dugun moduan, oso interesgarria iruditzen zait animaliek ere beraiena izatea. Horrek, maitatuak eta garrantzitsuak direla sentiarazteaz gain, oreka ekarriko dizue etxeko gainontzeko partaideei ere.

 

Etxe guztietan, txikienetan ere, bilatu daiteke animalientzat egokia den txoko bat. Ez baduzu tokirik topatzen, ziur aski, behar baino objetu gehiago dituzulako da. Eta are gehiago, animaliek inork baino lehen topatzen dute gustuko txoko hori. Bada, egokitu toki hori haientzat egokia izan dadin. Horrela etxe guztia hankaz gora, edo animalien trasteez baldintzaturik, edo ileez, hatz markez etab. beterik izan beharrean, txoko horretan izango du beharrezko guztia.

 

Horrek ez du esan nahi ez denik etxe guztitik ibiliko, eh? Baina behintzat ez da guztia bere beharren arabera bakarrik baldintzatuta egongo. Noski, horrek, ohitura hartze edo ikasketa prozesu bat ekarriko du guztientzat.

 

 

KOKATU ANIMALIEN TXOKOA

 

Aurreko puntuari eta KonMari® metodoaren beste oinarri garrantzitsu bati lotuta, zure animaliarekin zerikusia duten objetu guztiak armairu berean gordetzea gomendatzen dizut.

 

KonMari® prozesuko gainontzeko kategoriekin egin dugun moduan, kategoria berdinekoak edo material berdina/antzekoa duten ondasunak batera kokatzeak gordetzerako eta bilatzerako orduan asko laguntzen du.

 

Armairuan edo apalategian, eta kaxatan banatuta jarri ditzazkezu zure maskotaren arropatxoak, produktuak, jostailuak etab. Bi salbuespen egingo nituzke bakarrik:

  • Dokumentuak: zure gainontzeko dokumentuekin batera gordeko nituzke behin behineko edo behin betiko karpetan, dagokion tokian.
  • Janaria edo jateko tresnak: hauek ziur aski nahiagoko dituzu janariaren biltegian edo sukaldean gorde.

 

Zer iruditu zaizu? Zerbait botatzen duzu faltan? Kontuan hartu beharreko beste aipamenik baduzu? Badakizu zure esperientzia, iritzi edo hausnarketak partekatzeko toki seguru bat duzula hemen.

 

Besarkada bat

Sara

 

 

📸 @sabinasturzu
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

 

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies