PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ
Ei, kaixo! Zer moduz daramazu KonMari™ Metodaren 3.kategoria? Zure paperak berrikusten hasi al zara jada? Blogera iritsi berria bazara jakin aurretik kategoria honi buruzko beste bi artikulu dituzula zai. Lehenengo artikuluan, besteak beste, kategoria honetan zehazki zer sartzen den eta saioa prestatzeko hainbat aholku topatuko dituzu. Bigarrenean, aldiz, paperak nola berrikusi, aukeratu eta ordenatu azaldu nizun.
Artikulu honetan paperen kategorian sakontzen jarraitu nahiko nuke. Izan ere, itxuraz kategoria hotz edo objetiboena bada ere, zure buruari buruzko eta zure ibilbide pertsonalari buruzko informazio jaso dezakezu berrikusi eta ordenatzen duzun momentuan.
Ekingo diogu bada?
ZURE AURKIKUNTZAK
Pentsatu al duzu inoiz zer kontatzen duten zure dokumentuek zuretaz? Zein irakurketa egingo zenuke zure dokumentu guztiak begiratuta? Nolako pertsona edo ibilbidea izan duzula esango zenuke?
Beharbada oso pertsona metodikoa zarela ohartuko zara, guztia eguneratuta eta kontrolpean edukitzea gustatzen zaizu. Zentzu horretan ez zara inprobisazioaren aldekoa. Gustuko duzu hemendik egun, hilabete, urte batzuetara gerta daitekeena aurrikustea. Hein batean pertsona arrazional, estrukturatu, zorrotz batekin identifikazu dezakezu zeure burua.
Edo, zentzu horretan malgutasun handiagoarekin jokatzen duzun horietakoa zara? Egunean egunekoa aurrera ateratzen eta “askatasun” handiagoarekin jokatzea nahiago duzu. Kakotsen artean jartzen dut, izan ere, askatasun hori batzuetan errealitatea ekidin nahiarekin ere lotu baitaiteke.
Edonola ere zure dokumentuek , bizi izan zaren tokiei buruz hitz egiten dute, zure ikasketa, lan eta ametsei buruz. Zure dokumentuak aztertuz, zure ilusioa, denbora eta dirua zein proiekturi eskaini diozun ohartuko zara. Zerk mugitzen zaitu? Ikusten duzun moduan paper hotz horien atzean zure bizitzako historia errepasatzeko aukera zoragarria ezkutatzen da.
GALDERA LAGUNGARRIAK
Ohiko moduan paperak aukeratzerako garaian lagungarriak izan ahal diren hainbat galdera proposatuko dizkizut jarraian. Galdera hauek iradokizun bat besterik ez dira, ez dituzu zertan zehatz-meatz jarraitu behar. Gainera, ziur dokumentuak errepasatzen hasi orduko zuk zeuk galdera berri ugari izango dituzula:
- Dokumentu hau zenbateraino da garrantzitsua?
- Ezinbestekoa da gordetzea? Zenbat denboran zehar?
- Dokumentu honek badu baliorik gaur egun?
- Zer behar duzu dokumentu hau lehen bait lehen kudeatzeko?
- Dokumentu hau bera eskuragarri duzu beste formaturen batean? Online formatuan, adibidez?
- Nola sentitzen zara dokumentu hau esku artean duzunean? Zer kontatzen du zeure buruari buruz?
- Zure dokumentuak orain arte bezala gordetzea erosoa da zuretzat? Edo nagikeria edo erresistentziak sortzen dizkizu?
- Zure bizitza idealean izango zenuke gai konkretu horri lotutako dokumenturik?
- Zertaz ohartu zara zure dokumentuak errepasatzen?
- Zerbait aldatzeko beharra sentitzen duzu? Zergatik? Zertarako?
NOLA ORDENATU DOKUMENTU MOTA BAKOITZA
Hausnarketa hauek guztiak egin ondoren, zer iruditzen zaizu kategoria honetako dokumentu nagusien errepaso azkar bat egiten badugu? Aurreko artikuluan aipatzen nuen moduan, behin zure dokumentuak berrikusi eta aukeratu dituzula, 3 karpetatan banatu beharko zenituzke: betirako gordetzekoak, behin behinekoak eta kudeatzeke daudenak. Orain ere orden horretan errespetatuko ditugu:
1// BETIRAKO GORDETZEKOAK (garrantzia handiko dokumentuak izan ohi dira)
- Nortasun agiriak eta pasaporteak
- Salerosketa dokumentuak: hauek jabetza hori duzun bitartean eta legeak markatzen duen denboran zehar gordetzea komeni da.
- Bankuko dokumentazioa (maileguak, hipotekak, aurrezki planak, banku-txartelen kontratua): guztia altan dagoen bitartean eta legeak esaten duen denboran zehar gorde beharko zenituzke.
- Seguruak: segurua aktibo dagoen bitartean gordetzea komeni da. Bajan emanez gero ziurtatu ez duzula zintzilik seguru horri lotutako gairik.
- Lan kontratuak: lan horretan zauden bitartean ezinbestekoa da dokumentu horiek gordetzea. Behin amaituta edo lanez aldatzeko asmoa baduzu, zure esperientziaren ziurtagiri gisa ere erabili ditzazkezu. Zenbait kasutan, gizarte segurantzako lan-txostena ere horren baliokidea izan daiteke.
- Senipartea: hau ere gordetzea ezinbestekoa da, zure ondasunen ziurtagiria izan daitezke eta.
- Formakuntza tituluak: hauek ere garrantzitsuak dira eta betirako gorde beharko zenituzke.
2// BEHIN BEHINEKOAK (garrantzia handia duten arren, ez dituzu hain denbora luzez gorde beharrik)
- Nominak: denbora batez gordetzea nahikoa da nahiz eta gaur egun ohikoena online jasotzea den.
- Fakturak: hauek ere denbora batez gorde beharko zenituzke, edozein arazo izanez gero erosi edo kotratatutakoaren ziurtagiri gisa balio dezaketelako. Kasu batzuetan (argia, gasa, ura, telefonoa…) fakturak zuzenean weborrian kontsultatzeko aukera dagoenez ez dituzu zertan paperean gorde behar.
- Bermeak: iraungitasun data amaitu arte bakarrik gorde behar dira. Nik ziurtagirian bertan erosketa data eta bermearen iraupena azpimarratzeko ohitura dut.
- Ikastaroetako materiala edo zure ohar pertsonalak: hauek ere duten informazioagatik garrantzitsuak izan daitezke. Halere, izan kontutan ikastaro horietan jasoko duzun garrantzitsuena, esperientzia eta ikasitakoa praktikan jartzea dela. Behin informazio hori barneratuta duzula ez du zentzurik gordetzen jarraitzeak. Badaezpada, noizbait, aurrerago etab. bezalako ideiak bururatzen bazaizkizu, ohartu zaitez momentu hori ziur aski ez dela inoiz iritsiko. Gainera informazioa etengabe berritu eta eguneratzen da. Nora joko zenuke gai bati buruzko informazioa beharko bazenu? Gaur egun, internet izaten da bilaketa gune nagusia.
- Zorion gutunak, postalak etab.: zuretzako duten balioari buruz hausnartzera gonbidatzen zaitut? Zein funtzio betetzen dute (dekorazio-objetu, objetu sentimentala, mezu bat helaraztea)? Zuretzako balio berezirik ez badu eta beren funtzioa informazioa helaraztea bada, ziur aski ez du zentzu gehiegi gordetzeak.
3// KUDEATZEKE
- Isunak: ageriko arrazoiengatik, hauek dira kudeatzeko presa handiena duten dokumentuak.
- Erosketen tiketak: erositakoa baldintza egokietan dagoela ziurtatu orduko bota dezakezu.
- Bankuko ziurtagiriak: egindako mugimenduetan arazorik ez dagoela ziurtatu orduko bota daitezke. Gainera gaur egun behar dituzun ziurtagiri gehienak online lor ditzazkezu.
- Erabilbide eskuliburuak: gaur egun etxean dituzun ia produktu guztien erabilbide eskuliburuak topa ditzazkezu interneten, beraz, ez du zentzurik gordetzeak.
- Bonuak, opari txartelak etab.: gehienez iraungipen data arte gorde ditzazkezu baina lehenago erabili edo beste norbaiti oparitzea komeni zaizu.
- Propaganda, eskuorriak etab.: etxera sartu orduko gainbegiratu eta, benetan zerbait konkretua gogoratzeko behar ez baduzu, berehala bota ditzazkezu.
¿KARPETA IDEALA BILATZEN LAGUNDUKO?
Esan bezala, hiru dokumentu multzo hauek karpeta ezberdinetan banatu beharko zenituzke. Karpeta bakoitzaren ezaugarriak kontatuko dizkizut orain, baina izugarri eskertuko nizuke karpeta egoki edo ideal horiek bilatzen laguntzen badidazu? Horrelako zerbait saldu dezaketen paper-denda zoragarririk ezagutzen baduzu utziko duzu lotura iruzkinetan?👇🏽👇🏽 Mila esker✨🙏🏽✨
1// Behin betikoak: gutxien erabiltzen direnak direnez plastikozko karpeta batean gordetzea komeni da. Karpeta gardena bada askoz hobe, horrela kolpe batez barruan dagoena ikusi ahal izango duzu eta. Duzun dokumentu kantitatearen arabera, beste aukera bat karpeta-sailkatzaile batean gordetzea da. Niri izugarri gustatzen zaizkit @charuca -k dituenak baina une honetan agorturik daude.
2// Behin behinekoak: aurreko kasuan bezala 2 aukera ezberdin izango zenituzke, plastikozko karpeta edo karpeta-sailkatzailea, beti ere, gorde behar dituzun dokumentuen bolumenaren arabera.
3// Kudeatzeke: kasu honetan karpeta bat baino gehiago kaxa bat edo estalkidun sailkagailu batean gordetzea gomendatzen dizut. Bertikalki jarri daitekeen bat topatzen baduzu askoz hobe. Nik oraindik ez dut hemen inguruan horrelako sailkagailu egoki eta ederrik saltzen duen dendarik topatu. Hortaz, zure iradokizunak ezagutzeko irrikitan nago☺️.
Informazio guzti honekin jada prest egongo zinake kategoria hau erabat berrikusi, aukeraketa egin eta antolatzeko. Zer diozu, animatuko zara? Bihotzez espero dut paperen inguruan izan ditzakezun erresistentzia edo mugak gainditu izana eta, dokumentuen kudeaketa begirada berri batekin ikusteko lagungarria izatea.
Besarkada bat✨