PUEDES VER LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ

 

Azken asteetan KonMari® metodoaren komono kategoriaren barruan sartzen diren hainbat azpikategoria ikertzen aritu gara, eta hontan, une edo egun bereziei lotutako ondasunen (arropa zein objetuak) antolaketari buruz arituko gara.

 

ZER SARTZEN DA KATEGORIA HONETAN

 

Zure jatorriaren, bizi zaren tokiaren edo ohituren arabera une bereziei lotutako arropa/objetuak asko aldatu daitezke, baina Euskal Herrian egon daitezkeen batzuk aipatzearren hauek izaten dira ohikoenak:

  • Baserritar jantzia
  • Inauterietako mozorroak
  • Jai zehatzetako jantzi eta elementuak
  • Erritual konkretuei lotutako jantzi edo objetuak
  • Ezkontza jantziak eta osagarriak (norberaren ezkontzakoak)
  • Jaunartze edo bestelako erlijio ospakizunetako jantziak
  • Gabonetako apaingarriak
  •  …

 

Objetu edo jantzi horiek hiru berezitasun nagusi izaten dituzte:

1// Ez ditugu ia inoiz erabiltzen; egun zehatz horietan izan ezik, urteko beste egunetan gordeta egoten diren elementuak dira

2// Komunitate edo talde bateko kide izatearen sentimendua indartzen dute

3// Momentu berezi bat ospatu edo aldarrikatzeko balio dute

 

 

BILDU, BERRIKUSI ETA AUKERATU

 

Gainontzeko kategorietan egin dugun moduan, objetu hauekin guztiekin egin behar dugun lehenengo gauza lan-saioa burutuko dugun tokian elkartzea da. Oso gutxi erabiltzen ditugun ondasunak direnez, ohikoa izaten da etxeko toki ezberdinetan sakabanaturik izatea edo etxetik kanpo (garajean, trastelekuan, familiakoen etxean etab.) gordeta edukitzea.

 

Hori dela eta, zuzenean ero moduan toki guztietatik bilatzen hasi beharrean, papera eta boligrafoa hartu eta momentu batean zerrenda bat egitea gomendatzen dizut. Zerrenda eginda duzunean galdeiozu zure buruari: ziur une berezi guztiak zerrendatu dituzula? Oroitu momentu honetan topatzen ez duzun guztia automatikoki baztertuta/botatzeko geldituko dela, eh? … Txantxa da, baina saiatu ahal duzun zorrotzena izaten.

 

Elementu asko badituzu edo horietatik asko etxetik kanpo badaude pausu hau aurretik egitea komeni zaizu, saioaren egunean ez baituzu gora eta behera denbora galtzen aritzeko astirik izango.

 

Eginda? Guztia toki berean bilduta duzunean, azpitalde txikiagoak egin beharko zenituzke. Aurretik aipatu ditudan adibideak erreferentziatzat hartuta: baserritar jantziak talde batean, inauteritako mozorroak bestean, jai zehatzetakoak hirugarren multzo bat izango lirateke… Eta noski, oraindik taldeak oso handiak badira edo kudeatzeko zailak iruditzen bazaizkizu, azpitalde txikiagoak ere egin ditzazkezu: elementuaren arabera, objetu erabiltzen duen pertsonaren arabera etab.

 

 

HASI BETI ERREZENETIK

 

Orain bai, guztia multzotan banatuta duzunez banaka-banaka elementu bakoitza eskuetan hartu, bihotzera hurbildu eta zer sentitzen duzun ikusteko unea da. Beti aukeratzen errezena iruditzen zaizun taldetik hastea gomendatzen dizut. Kasu horretan bi aukera ezberdin izango zenituzke:

 

1. Benetan maite duzula argi duzun objetuetatik hasi zaitezke. Ondasun guzti horietatik identifikatzen duzu biziki atsegin duzun zerbait? ikusi orduko bihotzak buelta ematen dizun zerbait? Objetu hori izango da zure erreferentzia. Beste ondasunak berrikustean zalantza sartzen bazaizu itzuli baiezko borobila sentitu duzun objetura eta sentitu desberdintasuna. Bata eta bestearen artean sentitzen duzun bizipen fisikoak badu antzik? Irekitasuna, poza, lasaitasuna, indarra… sentitzen duzu ala kontrakoa?

 

2. Beste aukera neutroenak diren elementuetatik hastea da, hau da, emozio edo sentimendu gutxien sentiarazten dizuten horietatik alegia. Hauek joaten uzten errazagoak direnez, zure zoriontasun detektagailua trebatzen joango zara.

 

Izan kontutan berrikusten ari zaren bitartean, beharbada itxuraz komono sailekoa dirudien arren, objetu sentimentalen kategoriakoa izan daitekeen objeturen bat topa dezakezula. Adibide ohikoenetako bat ezkontzako jantzia da. Jantzi hau objetiboki begiratuta arroparen kategorian edo komonon egon beharko luke baina askotan karga emozional handia izaten duelako objetu sentimentaletan berrikustea egokiagoa da.

 

 

GALDERA LAGUNGARRIAK

 

Ohikoa den moduan, berrikusten ari zaren unerako hainbat galdera edo hausnarketa utziko dizkizut hemen. Aukeraketa egiterakoan lagungarriak izatea espero dut:

– Noiz erabiltzen duzu jantzi hori? Gustuko duzu momentu hori?

– Nola sentitzen zara arropa/elementu horiek erabiltzen dituzunen?

Beharbada une konkretu hori gustuko duzu baina une horrekin lotutako jantziak deseroso sentiarazten zaitu… Esaterako gabonak izugarri gustatu ahal zaizkizu, baina baserritar jantzia jazten duzunean deseroso, lekuz kanpo… ikusi dezakezu zure burua.

– Ez bazara berekin guztiz eroso sentitzen, topa dezakezu zure beharretara hobeto egokitzen antzeko beste zerbait, alternatibaren bat, edo erdi bideko zerbait?

– Familiako edo inguruko norbaitekin lotura du?

– Zein bizipen, emozio, oroitzapen dago elementu horren atzean?

– Bizitako hori alaitasunez edo goxotasunez gogoratzen duzu?

Batzuetan itxuraz alaiak edo pozgarriak izan daitezkeen momentuak hainbat arrazoiengatik ez dute sentipen bera helarazten. Adibidez, ezkontzako jantziak printzipioz momentu zoriontsu bat iradoki beharko luke, baina beharbada, egun horretan oso urduri edo tentso zinelako zuretzako beste esanahi bat izan dezake. Edo banaketa bat egon bada, agian jantzi horrek bere funtzioa amaitu duela senti dezakezu.

– Zein egoeratan dago elementu hori? Nola zaintzen duzu?

– Non edo nola izan duzu gordeta orain arte? Zenbateko garrantzia du zuretzat?

 

Esan beharrik ere ez dago zoriontsu, alai, ahaldunduta, gustura sentiarazten zaituzten ondasunak aukeratu beharko zenituzkeela. Gainontzekoi zure bizitzan bete duten funtzioa edo beraiei esker bizitakoa eskertu eta joaten uztea komeniko litzaizuke.

 

 

UNE BEREZIETAKO OBJETUAK NOLA GORDE

 

Komonoko beste azpikategoria batzuetan gertatu den moduan, objetu hauek gordetzerako unean ere aukera ezberdinak izango zenituzke zure etxean duzun espazioaren, objetu kopuruaren edo zuretzat duten garrantziaren arabera:

 

– Jantzi eta osagarrien kasuan (baserritar jantzia, inauterietakoak, festetakoa, ezkontzakoa…), espazioa izanez gero, aukera egokiena zure arroparen armairuan gordetzea izango litzake. Tolestu daitezkeen jantziak badira sistema bertikalaren bidez bildu eta oihalezko kaxatan gordeko nituzke. Gutxi erabiltzen diren elementuak izanik armairuaren goiko aldeko apalak aprobetxatuko nituzke horretarako.

Jantziren bat delikatua bada edo nahiago baduzu zintzilikatuta gorde, esekitokiaren amaieran jarriko nuke, traba gutxien egiten duen aldean.

– Azpikategoria honetan objetu asko badituzu eta etxean horretarako propio erabili dezakezun armairu edo armairu-zati bat baduzu, une bereziekin harremanduta dauden elementu guztiak bertan kokatu ditzakezu sistema bertikalaren bidez tolestuta eta kaxa/apala ezberdinetan banatuta.

– Oso elementu gutxi badituzu, beharbada komonoren beste azpikategoriekin batera ere gorde dezakezu, esaterako, zaletasunekin zerikusia duten objetuekin batera.

 

Gogoratu azpikategoria edo multzo bereko elementuak batera gordetzeak (armairu berean, gela berean…) izugarri laguntzen duela aurkitzerako garaian. Geroz eta bateratuago, orduan eta errazagoa da bilatzen ari zaren hori topatzea, ez baituzu etxe guztia hankaz gora jarri beharko, gune zehatz batean begiratu baizik.

 

 

BESTE HAINBAT AUKERA

 

Azpikategoria honetan sartzen diren elementuak oso gutxi erabiltzen ditugunez, geroz eta ohikoagoa da erosi eta gorde beharrean bestelako alternatibak bilatzea. Modu honetan etxean espazioa aurrezteaz gain jarrera jasangarriagoak bultzatuko ditugu. Topatu ditudan alternatiben artean hauek dira esanguratsuenak:

 

– Ezinbesteko aukera berrerabili edo bigarren eskuko elementuak bilatzea izango litzake.

– Kasu batzuetan jada etxean ditugun bestelako elementuei erabilera berria emanez gero, berri bat bilatu beharrik ez dugu izango. Inauterietako zenbat mozorro sortu dituzu horrela?

– Elkartrukea eta sareak sortzea. Zoragarria izango litzake, esaterako, txikiak, zaharkituak edo beste estilo batekoak diren baserritar, inauterietako edo bestelako jantziak elkar trukatu edo oparitu ahal izateko sareak sortzea. Familia edo lagun artean horren ohikoa den jarrera hau eremu handiagoetara zabal liteke. Euskal Herrian, adibidez, Iragarki Laburrak ataria izan daiteke horretarako aukera bat, Wallapop eta antzeko plataformek baino aukera zabalagoa eskaintzen baitu, saldu/erosteaz gain elkartrukatu, oparitu, emateko… aukera baitago.

– Alokairua. Bizitzan behin edo urtean behin erabiliko duzun jantzi edo objetuak alokatzeko aukera ere geroz eta ohikoagoa da. Ezagutzen duzu aukera hori eskaintzen duen denda edo online ataririk?

– Amaitzeko esan, berez une berezietarako gordetzen ditugun hainbat jantzi eta elementu gure egunerokoan erabiltzea ere oso aukera egokia iruditzen zaidala. Baserritar jantziko zapia, ezkontzako bitxiak, inauterietako osagarriren bat, jantziren bateko zati bat… Erokeria iruditzen zaizu ala egin al duzu inoiz?

 

Zalantzarik duzu gai honen inguruan? Zure bizipena partekatu nahiko zenuke? Idatzi iruzkinetan, badakizu hemen behar duzuna elkarbanatzeko toki seguru bat duzula zai☺️💕

 

Besarkada bat

Sara

 

📸@thomasw
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies