Marie Kondoren telebistako “Tidyin un with Marie Kondo” programa igorri denetik ez dut uste pertsona asko geratzen direnik fenomeno honen inguruan ezer ez dakienik. Hori KonMari™ Consultant Agiridunak bihurtu garenontzat abantaila bat izan da. Marie Kondoren liburuak nahiko ezagunak izan badira ere, programa honek izugarrizko ospea eman baitio.
Aro digitalean gertatu ohi den moduan ordea, informazio ugari zabaldu da baina ez da beti oso fidagarria izan. Horregatik, aurrera jarraitu aurretik proposamen hau zer EZ den argitu nahi dut. Zer den definitu eta sakontzeko denboraldi osoa izango dugu, baina gainera, askotan errazagoa da zer ez garen zehaztea eta hortik garen hori eraikitzen hastea.
Hortaz, zer EZ da KonMari Metodoa™?
1// Ez du Minimalismoarekin zerikusirik. Egia da kasu askotan prozesuan zehar gauza asko botako ditugula. Baina hori ez da inondik inora ere helburua, ondorio bat baizik. Hau da, badaude pertsonak (ni esaterako) prozesuan zehar ohartuko direnak dituzten ondasunetatik gehienak ez dutela berekin zerikusirik: beste garai batekin lotutak daude, ez dira bereak, ez dituzte behar edo ez diete zoriontsu egiten. Hortaz, ordura arte bildu duten guztitik asko bota beharko dute eta ziur aski, prozesua amaituta beraien beharren arabera (arropa, liburu, lanabes etab. berriak erosi beharko dituzte).
Baina badaude beste pertsona batzuk gauza asko dituztenak eta gainera, dituzten ondasun horietako askorekin zoriontsu direnak. Kasu horretan, beraien etxean aldaketa ez da horrenbeste kantitatean nabarituko, duten horren antolakuntzan baizik. Zer duzun garrantzitsua da baina hori bezain beste baloratu behar duzu nola eta non gordetzen dituzun.
Azken aldian badirudi iparraldeko estilo minimalista (etxe txuri argitsuak, altzari sinple eta simetrikoak, espazio hutsak etab.) modan jarri dela. Baina ez baduzu atsegin, gaur lasai egin dezakezu lo, gune hau eta Esentzia Home Joy zerbitzua zuretzat ere baita.
2// KonMari™ Metodoak ez du Feng Shui-arekin zerikusirik nahiz eta osatu egiten diren. Feng Shui-a Asiatik datorren antzinako filosofia konplexua da eta KonMari™ Metodoa praktikan jartzeko ez duzu honen inguruko inongo jakintzarik izan behar. Zentzu horretan KonMari™ Metodoa oso simplea eta argia dela iruditzen zait. Dena den, Feng Shui-a ezagutzen baduzu ziur lagungarria izango zaizula behin baino gehiagotan. Marie Kondo berak, bere teoria edo sena baieztatzeko erabili izan du maiz.
3// Ez ditut “urte betez erabili ez baduzu bota egin behar duzu” bezalako teoriak erabiltzen. KonMari™ Metodoan ez da garrantzitsua zenbateko erabilera ematen diezun zure ondasunei, nola sentiarazten zaituzten baizik. Beharbada egunero erabiltzen duzun kamisetaren bat izango duzu baina ez zaitu ahaldundu eta pozik sentiarazten. Eta aldiz, txikitatik gordeta duzun kamiseta berezi bat izan dezakezu armairuan. Beharbada kamixteta hori gaur egun ezin duzu erabili (txikia duzulako esaterako) baina ikusten duzun bakoitzean goxotasun izugarria sentitzen duzu, kamiseta ikutu orduko etxean sentitzen zara. Hortaz zergatik bota behar duzu horrelako sentimendu sakon eta lasaigarria ematen dizun zerbait?
Ikusten duzu aldea? Jarri dudan adibideetakoren batekin identifikatu zara? Edo irakurtzen ari zinen bitartean horri lotutako beste bizipenik etorri zaizu burura? Horrela bada, eta nirekin elkarbanatu nahi baduzu, gustura irakurriko ditut zure esperientzia guztiak.
Besarka bat
Sara