LA TRADUCCIÓN EN CASTELLANO ES EN FORMATO AUDIO. LO PUEDES ESCUCHAR AQUÍ👇🏽👇🏽

 

 

Urte amaiera gainean dugu jada eta ziur nago batek baino gehiagok izango duzuela etxeari buelta bat eman eta txukun jartzeko desioa. Are gehiago aurten, 2020ak ekarri duen pandemia honek etxeko hautsa baino askoz ere gehiago harrotu baitu. Onerako eta txarrerako, ziur gutako askorentzat urte hau azken urteetan bizi izan dugun intentsoenetako bat izan dela (bai, badakit… urtero berdina esaten dut, baina honek marka guztiak hautsi dituela ez didazu ukatuko, ezta?). Horregatik, nik behintzat inoiz baino behar handiagoa dut etxea txukundu eta urtea energia berriarekin hasteko. Zeren gauzak nola dauden ikusita, uste dut gure jarrera positibo mantendu eta benetan gure esku dagoena zaintzea dela egin dezakegun garrantzitsuena.

 

Urte amaieran etxeko txukunketa potente bat egiteko beharra sentitu al duzu inoiz? Eta horrela bada, zer moduz joan zaizu? Lortu duzu urtea etxea erabat ordenatuta eta garbi duzula hastea? Ala urte hasierako beste hainbat asmorekin gertatu ohi den moduan erdibidean utzi duzu?

 

Zenbat galdera, ezta? Gaurkoan KonMari®️ prozesuarekin zuzenean lotuta dauden bi kontzeptu argitu nahi ditut. Duela denbora batetik Kokorobloga edo nire instagram kontua jarraitzen baduzu, ziur behin baino gehiagotan entzun didazula ordena eta garbiketa bi prozesu erabat ezberdin direla esaten. Bi kontzeptu hauen arteko nahastea da, hain zuzen ere, etxea txukuntzerako orduan porrotera garamatzan arrazoi nagusietako bat.

 

 

ORDENA ETA GARBIKETA EZBERDINAK DIRA

 

Maiz sinonimo gisa erabiltzen ditugun arren, bi prozesuak guztiz ezberdinak dira, eta ondorioz, kudeatzeko modua eta eskaini beharreko denbora ere desberdina da. Oinarri hau argi ez baduzu eta bi prozesuak nahasten jarraitzen baduzu, inoiz ez duzu etxea guztiz garbi edo/eta guztiz ordenatuta izatea lortuko.

 

Zenbatetan gertatu zaizu zerbait ordenatzen hasi orduko, apalategiak hautsez beteta daudela ikusi eta garbitzen hastea? Hori egin duzunean, lortu al duzu inoiz bi prozesuetako bat erabat amaitzea? Apustu egingo nuke ezetz, biak erdizka utzi eta erabat gogaituta amaitu duzula.

 

Ordenatzearen ekintza objetuekin loturik dago, garbikea aldiz zinkikeriarekin.

 

 

ORDENAK ZEURE BURUAREKIN DU ZERIKUSIA

 

Aipatu bezala garbitzea eta ordenatzea bi prozesu erabat ezberdin dira. Sinpleki azalduta, ordenatzea zure ondasunak berrikusi eta aukeraketa bat egin ondoren, beste toki batera mugitu edo aurreko tokian mantentzean datza. Gogoratu bai aukeraketa egiterako orduan eta baita kokatzeko momentuan ere, garrantzitsua dela zure ondasun guztiak banaka banaka errepasatu eta kategorien arabera lan egitea.

 

Ordenaren ardura norberarena da erabat. Zure objetu pertsonalak ohartu gabe biderkatu bazaizkizu, erosi edo beste pertsonengandik jaso dituzulako da. Beharbada ez zara guztiz kontziente izan pilatzen joan zaren guztiaz, baina horren erantzunkizuna zeurea da.

 

Zorionez konpultsiboki erosten duten geroz eta pertsona gutxiago ezagutzen ditut. Beharbada jasangarritasunak geroz eta presentzia handiagoa duelako, edo orokorrean, maila ekonomikoa eta erosteko gaitasuna jeitsi egin delako izango daiteke. Baina, aldi berean, opariak, bigarren eskuko materiala edo dohaintzak jasotzerako orduan ezetz esateko arazoak dituzten pertsona asko ezagutu ditut KonMari®️ metodoarekin lanean daramadan denbora honetan. Bi jarrera horietakoren batekin identifikatu duzu zeure burua? Kosta egiten zaizu norbaitek zerbait (arropa, liburu edo dena delakoa) eskaintzen dizunean ezetz esatea? Zer egiten duzu gustuko ez dituzun opariekin?

 

Kontua da objetuak ez direla beren borondatez biderkatzen, eta desordena nabarmenki handitzen da objetu horiek leku zehatz bat ez dutenean. Zeresanik ez erabili ondoren beren lekura itzultzen ez badituzu. Sentitzen dut horren zorrotza izatea baina, zure espazio pertsonala desordenatzen denean, kaos horren sortzaile bakarra zeu zara.

 

Ummm… badakit zer ari zaren pentsatzen… ez zarela bakarrik bizi, eta hortaz, zu ez zarela eragile bakarra. Ziur hein batean arrazoia duzula, beti dago ardura hori partekatzen duen beste norbait: pisukideak, bikotea, haurrak… baita animaliak ere! Baina edonola ere, arreta zuregan jartzea gomendatzen dizut. Nola daude zure espazio pertsonalak? Zintzoki, nola kudeatzen dituzu zuk zure ondasunak? Zeintzuk dira zure ohiturak? Nola kudeatu ditzazkezue elkarbanatzen dituzuen objetu/espazioak guztia ordenatuago egon dadin?

 

Hau guztia kontutan izanik, ordenatzea zure buruarekin aurrez aurre jartzea izango litzake. KonMari®️ prozesuan, objetu guztiak kategorien ordena jarraituaz banaka-banaka berrikusi eta aukeratzen dituzunean, zure balore, izaera, esentzia eta desioekin bat egiten duzu. Emozio eta bizipen horiek gorputza zeharkatzen dute, zure burua ezagutzeko aukera bikaina eskainiz. Horregatik da horren garrantzitsua benetan betetzen dizuten edo zurekin bat egiten duten objetuak aukeratzea.

 

Objetu bakoitzari eman beharreko lekuari dagokionean, nahiz eta kanpotik hainbat aholku eskaini ahal dizkizudan (honezkero milaka dituzu nire blogean ^_^ ) garrantzitsuena zure modua topatzea da. Objetuen kokalekuak zure buruko estrukturekin zerikusia du. Zuk etxea eta mundua ulertzeko duzun moduaren arabera, ordenatzeko era bat ala beste erabiliko duzu.

 

 

GARBITZEA NATURARI LOTUTA

 

Argi duzu orduan ordenatzeak zeure buruarekin zerikusia duela, ezta? Eta garbiketa?

 

Garbiketa naturarekin edo zuretaz haratago dagoen horrekin du lotura. Pentsa, zerbait ordenatzen duzunean, ez baduzu gehiago esku hartzen, ordena bere horretan mantenduko da. Betirako geldituko da ordenatuta. Garbiketarekin aldiz, zerbait garbitu eta gehiago ikutzen ez baduzu ere inguruneak eragiten jarraituko du eta hautsez eta hainbat zikinkeriaz beteko da.

 

Ikusten duzun moduan, “zinkinkeria” zure gaindi dagoen zerbait da eta asko jota, garbiketak maistasunez eginda lortuko duzu kontrolpean edukitzea.

 

Egiten didazuen galdera ohikoenetako bati erantzunez… zenbatero da maiz? Bakoitzaren beharren eta egoeraren araberakoa dela esango nuke. Izan ere, ez dute berdin zikintzen bikote batek edo 5 pertsonako familia batek, hiriko etxe bateko zikinkeriak ere ez du landako etxeekin zerikusirik, sukaldatzen duzunaren arabera zikintzen dena desberdina da eta zeresanik ez norberak ditugun garbiketa ohitura, behar edo “maniak”.

 

Ez dizut formula magikorik emango, baina ziur nago etxea garbi dagoenean sentitzen duzun zoriontasuna identifikatzeko gai zarela, ezta? Maindire garbitu berriak dituen ohe batean sartzearen zirrara, edo apalategian liburu bat hartu eta hautsik ez dagoela sentitzea, edo sukaldeko lurra garbi ikustea…

 

 

PROZESUA KOLPETIK ETA AHAL DEN AZKARREN

 

Ordenaren maratoia edo KonMari®️ prozesu sakon bat egitea, zure objetu guztiak ahal den denbora motzenean berrikusi, aukeratu eta bakoitzari kokapena bilatzean datza. Prozesu hau, presarik gabe baina ahal duzun bizkorren eta ahal duzun zintzotasun eta konpromezu handienarekin egin behar duzu.

 

Horrela eginez gero, bizitzan behin egitea nahikoa izango litzake. Hortik aurrerakoa ordena hori mantendu eta eguneratzea besterik ez litzake izango. Ordenaren prozesua denbora gutxiren buruan egitea posible da. Gutxi diodanean, pare bat hilabetez ariko nintzake, eskaintzen diozun denboraren arabera agian gutxiago.

 

 

ETA ORDUAN ZER DOA LEHENAGO?

Aurreko guztiak kontutan izanik, hau da sortzen den hurrengo galdera. Zer egin beharko nuke lehenengo, guztia garbitu ala ordenaren prozesua burutu?

 

Ez da batere erraza galdera hau erantzutea prozesu batek besteari eragiten baitio. Baina aukeratzekotan, nik lehenengo KonMari®️ prozesua burutuko nuke, behin hori eginda askoz errazagoa eta atseginagoa izango delako garbitzea.

 

Etxea ordenatzen ari zarela gordetzeko tokiak oso zikin daudela ikusten baduzu, ordenaren lan-saioa hasi aurretik (aurreko egunean) azaleko garbiketa bat egin dezakezu.

 

KonMari®️ prozesua amaituta, objetu maiteak bakarrik dituzunean, askoz ere errazagoa da etxeko garbiketa sakon bat egitea. Plazer handia izan daiteke gainera, etxeko goxotasuna are sakonagoa bihurtuko baita.

 

 

BUDISTENGANDIK IKASI DEZAKEGUNA

 

Amaitzeko, gai honi lotuta, Marie Kondoren liburuan topatu dudan anekdota bat aipatu nahi dut, garbiketa eta ordenaren arteko desberdintasuna oso argi adierazten duela iruditzen baitzait:

 

“Budistentzat, tenpluaren garbiketa beraien formakuntzaren parte da, espazioa ordenean jartzea berriz ez. Garbiketan ari garenean burua hutsik utz dezakegu eskuak lanean ari diren bitartean. Baina ordenatzen ari garenean, mantendu edo bota nahi ditugun objetuetan pentsatzera behartuta gaude, eta non kokatu nahi ditugun erabaki behar dugu. Ordenatzeak gure burua antolatzen duela esan genezake, eta garbitzeak, aldiz, burua argitu”.

 

Besarkada bat

Sara

 

 

📸@the_modern_life_mrs
✨ Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke 📣
✨ Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu 💌
✨ Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea 💕

En la web de Kokoro Tailerra utilizo cookies para que tengas una experiencia óptima. Si continúas navegando asumo que aceptas la política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies