TIENES LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ
KonMari® metodoa etxean edo norberaren espazio pertsonaletan aplikatzea edozein une edo adinetan interesgarria bada ere, bereziki aberasgarria iruditzen zait hirugarren adinean. Izan ere, ohikoa da nagusiek etxea oroitzapen eta objetuez beterik edukitzea, horrenbeste bizipen dituzte metatuta!
Baina ez hori bakarrik, haien etxeak askotan gainontzeko senideen ondasunen gordailu bihurtzen dira. Zenbat urtetan gelditzen dira seme-alaben gelak bere horretan haiek aspaldi etxetik joan badira ere? Edo zenbatetan izaten dira senide ezberdinen joan-etorrien kanpaleku nagusi? Etxe guztietan objetuak pilatzea ekidetea zaila bada, zer esanik ez gure nagusien etxean.
Hirugarren adinean, bestalde, norberaren izaera oraindik gehiago azpimarratzen dela esango nuke eta ondasunen metaketari dagokionez bi jarrera hauek polarizatzeko joera dute: inoiz baino gehiago arintasuna eta minimalismoa bilatzen duten pertsonak edo denetarik gorde nahi dutenak. Edonola ere, bientzat oso erabilgarria izan daiteke ordena metodo hau.
BIDEAREN AMAIERA
Hirugarren adinaren ezaugarri nagusia bere bizitzaren bidearen amaieran daudela da. Hori horrela izanik, zentzuzkoa da karga (materiala edo emozionala) arindu nahi izatea, ez bakarrik norberarentzat, baita ingurukoentzat ere.
Inorrek ez du gustuko gainontzekoentzat zama bat dela sentitzea. Heriotza gertu sentitzen duten pertsonek bereziki, dena ahal den lotuena edo ondokoentzat zama txikiena utzita joan nahi izaten dute. Baina ez bakarrik amaieraren gertutasunagatik, gelditzen den denbora ahal den hoberen aprobetxatzeagatik ere, garrantzitsua da ariketa hau egitea.
Heriotzaz hitz egitea ez da batere gai xamurra, baina aipatzekoa da KonMari® metodoa oso lagungarria izan daitekeela dolu prozesuetan. Beste pertsona baten objetuak kontzientziaz berrikusi eta antolatzeak norberaren sentipen eta emozioak birkokatu eta mina arintzen lagun dezake. Gainera, adinean gora goazen neurrian halabeharrez desagertzen da inguruko jendea, eta beraien hutsunea objetu askorekin baino gehiago adierazgarriak direnekin bete beharko genuke.
ALDAKETARAKO UNEA
Hirugarren adinaren beste ezaugarrietako bat etxe-aldaketak izaten dira. Kasu batzuetan norberaren etxea egokitu behar izaten dute pertsona gutxiago bizi direlako, bizitzako beste fase batean daudelako, mugikortasuna errazteko gailuak behar dituztelako etab. Beste batzuetan, aldiz, aldaketa erradikalagoa da eta bizileku batetik bestera mugitu behar izaten dute: etxe txikiagoetara, etxe kolaboratiboetara, zahar-etxeetara…
Aurreko artikuluetan aipatzen nuen moduan, etxean aldaketa bat egitea beti izaten da neketsua baina KonMari® metodoarekin lan hau askoz errazago egin daiteke, ziur aski ondasun kantitatea murrizteaz gain aldaketa zentzu edo estrategia batekin egiteko aukera ematen duelako.
NOLA BIDELAGUNDU KONMARI PROZESUA HIRUGARREN ADINEAN
Nire gomendioa, noski, KonMari® aholkulari profesional batekin lan egitea izango litzake. Nire kasuan, ibilbide honetan jaso dudan formakuntza eta esperientziaren zati handi bat pertsonak errespetuz bidelaguntzeko lanketan oinarritu dut. Hau da, KonMari® metodoaren oinarrietan eskarmetua izateaz gain, nire begirada eta komunikatzeko era izugarri zaintzen lagundu didaten formakuntzak burutu ditut.
Ezinbestekoa iruditzen zait bidelaguntzen ari naizen pertsonak gune seguru batean dagoela sentitzea. Horretarako, kritika edo alderaketak erabat ekiditen ditut eta pertsona bakoitzaren beharrak eta erritmoak errespetatzen ditut. Erraza dirudi, baina gizarte honetan joera bizkor erreakzionatzea da: bizkor erantzun, bizkor ekin, bestea motibatu, zer egin behar duen edo ez duen egin behar esan… Jarrera horiek, ordea, ez dute norberak zer sentitzen duen edo zer behar duen jakiteko tartea uzten. Alderantziz, lanketa egin behar duenari nahasmena sortu eta barne-zarata handitu besterik ez diote egiten. Horregatik, KonMari® aholkulari izateaz gain, Hezkuntza Sortzailean, entzute aktiboan eta komunikazio ez-bortitzean egindako ikasketak eta jasotako esperientzia osagarri garrantzitsuak dira niretzat.
Horrez gain, norberaren ingurunetik kanpo dagoen norbaitek, neutrala den norbaitek, bidelaguntzeak abantaila handiak ditu: batetik, kanpo begirada edo objektibotasuna mantentzea errazagoa da. Bestetik, lehen aipatutako epaiak alboratzeko gaitasun handiagoa izan dezake. Eta gainera, pertsona gehienentzat askoz errazagoa izaten da ezagutzen ez duten pertsona batekin irekitzea edo zeure buruarekin zintzoa izatea.
Hala ere, zure inguruko pertsona nagusi bat KonMari® metodoaren bidez bidelagundu nahi baduzu, jarrera neutrala izateko gai zarela uste baduzu, nire gomendio garrantzitsuena aurretik zuk zeuk KonMari® prozesu oso bat bizitzea izango litzake. Horrela, metodo honen oinarri eta gako asko barneratzeaz gain besteak bizi dezakenarekiko enpatia garatzen lagunduko dizu.
NAGUSIENTZAT KONMARI METODOAREN 5 GAKO
- KonMari® prozesua egiterakoan ahal dela beti, baina pertsona nagusien kasuan bereziki, lanketa presentzialki bidelaguntzea gomendatzen dizut. Adin horretan teknologiek sortzen duten arrakala handia izan ohi da eta, oso modernoak ez badira behintzat, bi aldeak zuzenean gusturago egongo zaretela esango nuke. Gainera, konpromezua eta konstantzia lantzea errazagoa izaten da modu horretan, baita egon daitezkeen zailtasun edo gora-behera emozionalak laguntzea ere.
- Nik beti KonMari® prozesu osoa egitea gomendatzen dut, ulertzen dut hirugarren adineko pertsona batentzat gehiegi izan daitekeela kolpetik lanketa hori guztia planteatzea. Hortaz, lehenik eta behin, kategoria bakarrarekin hastea proposatuko nuke -arroparekin zehazki-; eta ondoren, izan dituen emaitzak eta onurak kontuan hartuta pixkanaka aurrera jarraitu kategoriaz-kategoria.
- Bestalde, kontuan izan beharko litzake adinean gora goazen heinean, ziur aski lan egiteko era motelagoa izango dela. Ohiko lan-saio batek 5 ordu inguru irauten ditu. Baina nagusien kasuan, ordu gutxiago eta saio gehiago planteatzea gomendatzen dizut, 4 orduko saioak adibidez.Norberaren izaeraren arabera, baina pentsatzen dut horrenbeste bizi izan duten pertsonek, behin konfiantza hartuta, heuren bizipenen inguruan izugarri izango dutela kontatzeko. Beraz, lan orduez gain, lanketaren beste erronka garrantzitsu bat fokua mantentzea eta lanaren haria ez galtzea izango da. Saioa amaituta, nahi beste denbora har dezakezue atera diren kontu eta anekdotetan sakontzeko.
- Objetuak, batez ere esanahi berezia dutenak, joaten nola uzten diren zaindu behar da. Puntu hau beti kontuan hartu beharko litzake, baina haien objetuekiko lotura estua sentitzen duten pertsonekin bereziki zaindu behar da. Ez da gauza bera dena delako objetua zakar poltsa batera botatzea, ala eskuetan hartu, izan duen balioa aitortu eta poltsa txukun batean joaten uztea. Aukera badago eta pertsona horrek kontrakorik esaten ez badu behintzat, berrerabili, birziklatu edo doaintzan emateko aukera badago askoz hobe, ondasunak askatzea errazagoa baita modu horretan.
- Zer mantendu nahi duen erabakitzerako orduan, batzuetan oso erabilgarria izaten da objetu bakarra objetu-sorta baten ordezkari gisa uztea. Hau da, demagun pertsona horrek zigiluen bildumak egiten dituela baina jada beretzat ez dela denborapasa garrantzitsu bat. Kasu horretan, bereziki maite duen zigilua aukeratu ahalko luke eta horrekin, ziur, gainerakoak ere oroituko lituzkeela. Berdina egin liteke edozein objeturekin, esaterako: estilo bereko arropak, liburu bildumak, mota ezberdinetako komono sortak…
ORDENAREN MAGIA
KonMari® metodoak aldaketa sakonak (txikiak eta handiak) ekar ditzake, batez ere bizitzako inflexio puntu batean zaudenean. Zentzu horretan etxea edo espazio pertsonala osoki berrikusi eta ordenatzea guztiz eraldatzailea izan daiteke. Horri ordenaren magia deitzen diogu eta hauek izan daitezke horren ondorio batzuk:
– Etxe aldaketak, norberaren etxe barruan edo beste leku batera. Behin aukeraketa eginda, objetuak birkokatzerako garaian, beharbada, etxea neurri handiago edo txikiagoan aldatu nahi izatea oso ohikoa da. Zoriontasunaren arabera aukeratzen duzunean, behar, maite eta zaintzeko gai zarena baino askoz gehiago duzula ohartuko zara. Normalean, hasieran zenuena baino askoz objetu gutxiago izango dituzu prozesua amaituta, eta ondorioz, espazio gehiago.
Ez da harritzekoa KonMari® prozesuan zehar hainbat eraldaketaren jakitun izatea. Adibide batzuk aipatzearren: etxe txikiago eta praktikoago batean bizi nahi izatea, zure espazio pertsonala indartu nahi izatea, herritik hirira edo alderantziz mugitu nahia, ohitura edo jokamolde batzuk baztertzea, denborapasa berriak hartzea… Erabaki horien arabera etxearen itxura edo estruktura egokitu egin beharko litzake.
– Norbere burua hobeto ezagutzea. Batzuetan ez da horrenbeste norbere buruaz gauza berriak ikasten direla, baizik eta, jada barruan daramazunari tokia egin edo aukera ematen diozula.
– Aurreko puntuari lotuta, ohikoa da jarduera berriak egitera animatzea.
– KonMari® prozesua ez da bakarrik objetuak mugitzea, zure harremanetan, jokamoldeetan, pentsamenduetan etab. ere izango du eragina. KonMari metodoaren gakoak erabilgarriak dira maila honetan ere.
Besarkada bat 💕