Kaixo!
Aste hauetan jolasari buruz hizketan ari garenez, gaiari lotuta haurrei eta ordenari buruzko aipamen txiki bat egitea ezinbestekoa iruditu zait. Izan ere, gizartean gai honi buruzko aurreritzi ugari dagoela uste dut. Maiz entzuten da esaterako “haurrak ditudanetik etxea beti hankaz gora dago” edo “izugarri kostatzen zait nire haurrak bere gela txukun edukitzea” etab.
Ziur nago, horrelako “arazoak” (kakotsa artean jartzen dut ez diodalako dramatismorik eman nahi) dituzuen guztiok bide batetik eta bestetik saiatu izan zaretela konponbideak bilatzen. Alde horretatik nire miresmen guztia bidali nahi dizuet, nik neuk seme-alabarik ez dudan arren, zenbait urtez heziketa proiektuetan lanean aritu bainaiz eta oso kontziente naiz hezkuntzak egunerokoan parez pare jartzen diguten erronkez.
Orokorrean gizartean ordena berezko zerbait dela pentsatzen da, norberak duen edo ez duen ezaugarri bat, alegia. Zoriontsuak ordenaren dohainarekin jaio diren guztiak, gainontzekoak izorrai. Baina nik hortan, @mariekondo-ren iritzi bera dut, ordena ikasi, landu eta garatu egiten da. Nire ustez ordena, ohiturekin eta transmisiorako dugun gaitasunarekin lotuta dago.
Hori dela eta, gure txikiek ohitura horiek jaso ditzaten, guk barneratu behar ditugu aurretik. Gakoa gustura ordenatzea da. Hau da, ordenatzea bera eta ondorengo emaitzak maite badituzu, plazer hori haurrei helaraziko diezu. Izugarria da haurrek nolako sena duten pasioa eta plazerra antzemateko. Eta kontran ere, segituan ohartzen dira behartuta edo itxurak egiten bazabiltza.
Aurreko artikuluan aipatzen nuen nola edozer gauza izan daitekeen jolasa edo tortura. Horregatik, ikasketa garrantzitsu guztiak bezala, zure burua lantzen hasi behar zara lehenengo, gero txikiek nahi gabe zugandik ikas dezaten.
Gainera ordenak ez du adinik. Txiki-txikitatik (2-3 urtetatik aurrera esango nuke) pixkanaka ohitura horiek lantzen hasi daitezke. Haurrek imitazioaren bitartez ikasten dute. Hortaz, ohitura errazak praktikatzeko aukera ematen badiezu, beraiek gustuz burutuko dute egitekoa. Nire esperientziaren arabera, helduekin batera etxea jasotzea, arropa biltzea, otorduen ondoren mahaia jasotzea etab. beraien autoestimarako lagungarriak dira.
Izan ere, jokaera honekin haurrei kontuan hartzen ditugula transmititzen diegu, beraiek gai direla eta bizikidetzarako garrantzitsuak direla.
Eta zuk, baduzu haurrik zure inguruan? Nola daramazu ordenaren gaia? Zeintzuk dira zure baliabide edo aholkuak? Elkarrengandik ikasteko aukera dugu, beraz zure ekarpen guztiak oso ongietorriak izango dira, animatu!
Besarkada bat
Sara