PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO EN CASTELLANO AQUÍ
Azken asteetan objetu sentimentalen inguruan hausnartzen aritu gara. Gaurkoan maila praktikoan lagungarriak izan daitezkeen hainbat aholku eskaini nahi dizkizut, KonMari® metodoaren bidez era erraz eta erabilgarrian antolatu ditzazun.
Aurreko artikuluak irakurri badituzu saioa nola prestatu eta lehen pausuak nola eman argi izango duzu. Dena den, badaezpada hemen uzten dizkizut artikuluen loturak.
BAT ASKOREN ORDEZKARI GISA
Zure objetu sentimentalak berrikusten hasi bazara jada ohartuko zinen sail bakoitzean errepikatutako objetu ugari izango dituzula. Adibide argiena argazkiena izan ohi da. Ohartu zara askotan momentu bera irudikatzen duten argazki bat baino gehiago izaten ditugula? Batzuetan argazki batetik bestera dagoen aldaketa ñimiñoa da. Fenomeno hau oso ohikoa da argazki analogikoetan eta zeresanik ez, digitalki atera eta gordetzeko aukera dagoenetik.
Horregatik bidelaguntzen ditudan prozesuetan beti gomendatzen dut une bakoitzeko argazki bat aukeratzen saiatzea. Izan ere, argazki kuttunek, benetan garrantzitsuak izan eta zirrara berezi bat sortzen diguten gutxi horiek, botere handia dute bere baitan: argazki bakarrarekin gertaera oso baten oroitzapena gogora ekartzeko gaitasuna dute.
Berdina gertatu daiteke zure bizitzan askotan errepikatu den gertaera berezi batekin. Adibidez, Euskal Herrian egiten den ekimen berezienetako bat Korrika da. Nor ez da hunkitzen egun horietan? Asko zarete urtez urte bertan parte hartu eta saio bakoitzeko petoa etxean gordeta duzuenak. Horrelakoetan esaterako, zuretzat bereziena edo kuttunena izan den urteko petoa gorde dezakezu guztien ordezkari gisa.
Korrika aipatu dut baina benetan, edozein ekimen/gertaera izan daiteke: lehiaketak, lasterketak, bazkariak, egun bereziak…
GUTUNAK, EGUNEROKOAK ETA BIDEOAK
Beharbada zure gutunak, egunerokoak edota bideoak berrikusten hasi zarenean arazo handi batekin egin duzu topo. Banaka-banaka begiratzen hasi zarenean gutun eta eguneroko guztiak irakurri eta bideoak ikusteko izugarrizko gogoa sartu zaizu. Ondorioz, denbora asko beharko duzu aukeraketa egiteko eta ziur aski momenturen batetik aurrera akituta eta blokeatuta sentituko zara.
Hori ekiditeko, idatzizko edo ikusentzunezko formatua duten ondasunetan lehenengo lerroak edo minutua bakarrik irakurri/ikustea gomendatzen dizut. Lerro horiek irakurrita, edo egunerokoari gainazaleko begiratu bat botata zurekin mantendu edo joaten utziko duzun erabaki beharko zenuke ahal den azkarren. Ordena prozesua ahal den sakonen eta arinen egiten saiatu behar zara, bestela amaitu aurretik trabatuta geldituko zara eta.
Hala ere, arrazoi zehatz batengatik azpitalde konkretu bati arreta berezia eskaini nahi badiozu jarraitu 3 gomendio hauek:
1. KonMari® prozesuko lan saioetatik aparte agendatu horretarako propio erabiliko duzun denbora eta espazioa.
2. Mugatu denbora, jarri amaiera data bat. Noiz arte izango duzu etxekolan hau egiteko denbora? Izan kontutan, hasieran ilusioa sortzen dizun eginbehar bat izan arren, denbora luzez amaitu gabe uzten baduzula zure buruarentzat karga bat gehiago bilakatuko dela.
3. Ziur aski hasieran energia eta gogo handia izango duzu lan hori egiteko baina aurrera zoazen heinean indarrak gutxitzen joango dira. Hori gertatuz gero, itzuli hasieran aipatu dizudan modura (2-3 lerro irakurrita egin aukeraketa azkar bat).
TXIKITAKO OROITZAPENAK ETA FAMILIATIK JASOTAKO OBJETUAK
Pertsona batzuek txikitako oroitzapen ugari izaten dituzte: arropatxoak, liburuak, marrazkiak, panpinak… Edo beharbada nire kasuan bezala, familiako pertsonaren batengatik jasotako objetu edo arropa ugari izan dezakezu.
Guzti horietatik aukeratu oroitzapen goxoena helarazten dizuten objetuak, oraindik ikusi edo ukitzen dituzunean denboran atzera eraman zirrara sortzen dizutenak. Herentziaz jasotako arropa edo objetuetan, zuretzat oraindik ederrak direnak eta pertsona horiekin lotura berezia egiten dizutenak gordetzea gomendatzen dizut.
Batzuetan, objetua bera egoera txarrean badago (hautsita, oso zaharkituta, zikin…), baina agian argazkien artean topa dezakezu berekin zauden irudiren bat. Esaterako panpina maite bat bazenuen, ziur argazkiren batean berarekin batera agertuko zarela.
OBJETUAK JOATEN UZTEKO ERRITUALAK
Batzuetan ez da erraza izaten objektu sentimentalak joaten uztea, zakarretara botatzea, birziklatzera eramatea edo norbaiti ematea, gogorra egiten zaigulako. Horregatik lagungarriak izan daitezkeen erritu txiki batzuk dituzu hemen:
– Sua eta gatza araztaileak dira. Pertsona batzuek nahiago izaten dute beren objektu sentimentalak (egunerokoak, gutunak edo argazkiak) sutan erre horrela beste inork ez dituela topatuko ziurtatzen baitute. Gainera, lanketa askatzailea izan daiteke.
Modu seguru batean ondasunak erretzeko aukerarik ez baduzu (gehiengoaren kasua), gatza botatzea ere lagungarria izan daiteke. Kasu horretan bildu argazkiak, gutunak, panpinak edo dena delakoa poltsa edo kaxa txukun batean, eta bota gatz pixka bat itxi aurretik. Sinbolikoki gatzak objektuak araztu eta prozesua ixten laguntzen du.
– Panpinen, pelutxeen edo begiak dituen edozeren kasuan (irudiak, argazkiak eta abar), lana asko errazten du begiak tapatzeak. Bestela, botatzen dugun bitartean, atsekabez begiratzen gaituztela senti dezakegu.
– Ondasunak joaten uzteko orduan, garrantzitsua da ere nola egiten dugun. Ez da gauza bera zakar poltsa batean nolanahi sartzea edo propio aukeratutako poltsa eder batean txukun sartuta eramatea. Gainera, gure balioekin koherenteak diren irtenbideak topatzen baditugu (birziklatu, dohaintza, oparitu…), oraindik ere errazagoa izango zaigu bota edo joaten uzteko momentu hori.
NOLA ANTOLATU AZPITALDE BAKOITZA
Amaitzeko azpitalde bakoitza ordenatzeko aholku txiki batzuk utziko dizkizut.
- Argazkiak eta bideoak:
Paperean gordetzen dituzun argazkiekin bi aukera ikusten ditut. Batetik, zure egungo gustuekin eta praktikoa den formatu bateko albumetan gordetzea (ez oso handia bestela erabiltzeko zailak dira eta ez dira armairu edo apalategietan ongi sartzen). Honek denbora eskatuko dizu baina zure buruaren eta familiaren zaintza modu bat izan daiteke. Beste aukera, kaxa polit batean guztiak batera gordetzea da. Nik horrela gordetzen ditut nireak, eta izugarri gustatzen zait, izan ere, argazki baten bila noanean gainontzeko guztiak ikusi eta errepasatzeko aukera ematen dit.
Formatu digitalen kasuan are errazagoa da, garbiketa sakon bat egin ondoren, nire gomendioa artxibo guztiak kanpo-memoria batean bateratzea da. Hori bai, oroitu beti segurtasun kopia bat gordentzen!!! Pertsonalki ez naiz “hodeian” gordetzearen oso zalea, alde praktikotik abantaila asko ikusten dizkiodan arren segurtasun aldetik oraindik mesfidantza sortzen didalako. Baina hau hautu pertsonala da.
- Egunerokoak:
Argazkiak, egunerokoak eta gutunak/postalak paper formatua dutenez niri liburun apalategian gordetzea gustatzen zait. Ez nituzke liburuekin nahastuko, noski, baina apalategian liburuetatik gertu leku diskretu bat bilatuko nieke.
Hain agerian gordetzea ez baduzu atsegin, objetu sentimentalentzat toki konkretu bat bilatuko nuke beharbada zure gelan edo zure espazio pertsonal batean.
- Gutunak:
Gutun eta postalak bateratu eta karpeta edo kutxa fin batean gordeko nituzke. Gutun-azalak ez bazaizkizu oso garrantzitsuak iruditzen nik bota egingo nituzke. Horrela, gutunak tolestuta gordetzea ekidingo duzu eta hobeto kontserbatuko dira denboran.
- Une edo momentu ezberdinetako oroitzapenak, txikitako objetuak edo familiakoen edo maite dituzunen eskutik jasotako objetu pertsonalak:
Hauekin ere bi aukera. Objetuaren arabera gainontzeko kategoriekin batera gorde ditzakezu, adibidez, jertse kuttun bat arropekin, oporretatik ekarritako oskola bat objetu dekoratibo gisa etab.
Edo leku diskretuago bat bilatu ahal diezu zure espazio pertsonalen batean. Adibidez, hainbat objetu berezi badituzu baina ez baduzu bistan egoterik nahi, kaxa eder batean gordeko nituzke armairu edo tiradera batean. Hala ere, armairu horretan bila iezaiezu ohorezko leku bat, zuretzat eskura dagoena eta apreziatzeko aukera emango dizuna. Ez zokoratu edo baztertu txoko batean.
- Dominak, sariak etab:
Aurreko kasuaren antzera objetu dekoratibo gisa gorde ditzakezu edo, bestela, zure espazio pertsonaleko toki diskretuago batean gorde. Edozein kasu oroitu! Bilatu ohorezko toki bat.
- Marrazkiak edo bestelako espresio lanak:
Marrazkien edo espresio lanen kasuan, nik karpeta edo kutxa batean gordeko nituzke, argazkiak, gutunak etab. gorde dituzun lekutik gertu. Pertsonalki inoiz ez ditut objetu dekoratibo gisa erabiltzen espresio lanak norberarentzat egindako lanak direlako eta ez besteoi ezer komunikatu edo erakusteko. Argudio honek azalpen luzago bat beharko nuke eta gaur ez dugu tarterik, baina laster honen inguruan sakonduko dugula hitz ematen dizut.
Ba honekin amaituta izango genuke objetu sentimentalen kategoria! Yeah!!! Honaino iritsi bazara zorionak!!! Ziur nago ibilbide honetan era guztietako emozio eta uneak izango zenituela: dibertigarriak, zirraragarriak, tristeak, lasaiak, zailak… Baina espero dut ibilbide horrek zure esentziarekin bat egin eta zein baliotsua zaren ohartzeko balioko dizula.
Era berean, zalantzarik gelditu bazaizu edo prozesuko momenturen batean kateatuta gelditu bazara, badakizu zu bidelaguntzeko irrikitan nagoela. Jarri inongo konpromezurik gabe harremanetan eta zure beharretara egokitzen den laguntzeko modua topatuko dugu.
Besarkada bat!
Sara
📸 Idoia Telleria
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke
Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu
Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea