PUEDES LEER LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ
KonMari® metodoak zuzenean feminismoarekin zerikusirik ez badu ere, nik prozesu hau ulertzeko dudan moduan lotura argiak ikusten ditut bata eta bestearen artean. Etxea edo zure espazio pertsonala antolatzeko modu hau, autoezagutzarako eta eraldaketarako baliabide bat ere badenez, ezinbestez bat egingo du berditasunezko edo errespetuzko jarrerekin.
Egia esan behar badizut izugarri kosta zait artikulu hau idaztea. Zalantzarik gabe feministatzat dut nire burua baina inoiz ez naizenez militantea izan, inpostora xamarra sentitzen naiz gai honi buruz hitz egiten dudanean. Beraz, aurrera jarraitu aurretik, argi utzi nahi dut honakoa nire ikuspegi xumea dela, oso oinarrizkoa beharbada… Hortaz, gai honetan sakontzen laguntzeko ekarpenik edo eduki osagarririk baduzu, iruzkinetan partekatzera animatzen zaiut. Guztiontzat benetan aberasgarria izango da.
Feminismoaren oinarriei erreparatzen badiegu, aipagarrienetako batzuk hauek direla esango nuke:
– Berdintasuna eta errespetua.
– Emakumearen baldintzak hobetzea (arlo guztietan).
– Zaintzarako eta harremantzeko modu berrien proposamena.
– Guztion ongizaterako etengabeko hausnarketa eta eraldaketa.
KonMari® metodoarekin egin dezakezun ordena-prozesu sakon batek, zalantzarik gabe, aurreko puntu guztietan eragina izango du. Nire iritziz, berdintasuna eta errespetua bermatzeko modu bakarra lehenik zeuk zeure burua ezagutu eta zaren bezala onartzea da. Ezagutza eta onarpen hori gabe nekez errespetatu ahalko baitituzu gainontzekoak, besteen gainetik edo azpitik jartzeko joera izango baituzu. Gainera, zuk zure buruarekin egiten duzun lanketa horrek besteena ulertzeko enpatia garatzen lagunduko dizu.
Bide ezberdinak daude zure burua ezagutzeko, baina niretzat ordena-prozesua abiapuntu arin eta eskuragarria izan daiteke. Kanpotik barrura eta alderantziz egingo duzun ibilbidea da. Izan ere, prozesuan zehar zure ondasun guztiak kategoriaz kategoria berrikusiko dituzu eta zoriontsu egiten zaituztenak aukeratu. Zoriontsu esaten dudanean, zure esentziarekin bat egiten duten objetuetaz ari naiz eta berdin ulertzen dut, zure nortasuna indartu, autoestimua handitu edo ahalduntzen zaituzten objetuak direla esaten dudanean.
Aldi berean, zure ondasunak berrikusteak zure historia pertsonala errepasatzeko balioko dizu. Horrela, besteak beste, zure ibilbidean egon diren gertakari garrantzitsuak, hartutako erabakiak, inguruan izan dituzun pertsonak eta hainbat esperientzia ezberdin agertuko dira. Prozesuak bera, bizipen horietaz kontziente izan, lekua eman, indartu edo isteko baliogarria izango da. Hau da, zure burua osatzeko balioko dizu.
Osatze hitzarekin ñabardura bat besterik ez… Nire ustez pertsona guztiak gara jaiotzez osoak, ez dugu ezer berezirik egin behar, ez dut uste jakintza edo ekintza ezberdinez bete beharreko izakiak garenik. Garen bezala, hasieratik amaieraraino perfektuak gara. Hori dela eta, osatze esaten dudanean zerbait gehitu beharrean, zaren horri argia, lekua, balioa emateaz ariko nintzake.
Zaintzeko edo harremantzeko moduei dagokionean, KonMari® prozesuetan lan egiten dudanean beti hasten naiz norberaren espazio pertsonaletik eta ondoren, pixkanaka komunak diren objetuak kudeatuko genituzke. Objetu pertsonalak zaintzea bezain garrantzitsua da partekatuak edo bestearenak direnak ere kontu eta errespetu berarekin tratatzea.
Ibilbide horretan, komunak diren objetuak kudeatzeko errespetuzko jarrerak, enpatia eta komunikazioa lantzea ezinbestekoa iruditzen zait. Etxe bakoitzean estrategia ezberdinak erabiltzen dira eta guztiak dira baliogarriak kide guztien adostasuna edo nahia bermatzen badute.
Hala ere, deigarria iruditzen zait nola, gure belaunaldian pertsonen, objetuen eta espazioen zaintza modu orekatuagoan kudeatzen dela dirudien arren, etxeko ongizatearekin zerikusia duten ekintza ezohiko edo bereziagoak ia beti emakumeongan erortzen direla. Hau da, beharbada arropa garbitu eta zintzilikatzea, gauzak bere tokira itzultzea, erosketak egin edo sukaldatzea etab. bezalako lanak kide guztien artean berdin banatzen dira. Baina xehetasunei begiratzen badiegu askotan sakonagoak edo zailagoak diren txukunketak emakumeok egiten ditugu edo emakumeon iniziatibaren ondorioz burutzen dira. Ez da kasualitatea komunitate honetako partaideen artean gizonezkoak %7 besterik ez izatea. Zenbat etxetan da emakumea zer, non eta nola dagoen dakiena? Zer gertatzen da armairu barruan edo horren ikusgarriak ez diren guneekin? Nor arduratzen da horietaz? Eta emakumeak pilatzeko joera handiagoa duen kasuetan ere, noren proposamena izaten da ordena-prozesu sakon eta kontziente bat egitea?
Espazioari dagokionez, etxeko zein espazio sentitzen duzun “zure” hausnartzera gonbidatzen zaitut… Esango nuke historian zehar emakumeek “bere” sentitu duten espazio ohikoena sukaldea edo etxekolanekin zerikusia duten txokoak izan direla. Kalea eta gozamenerako guneak gehiago izan dira gizonenak. Eta gaur egun? Hori guztiz aldatu dela sentitzen duzu? Ez horrenbeste?
KonMari® prozesua burutzearen beste eraldaketa garrantzitsu bat espazioa birkonkistatzeko ematen duen aukera da. Hau da, etxeko espazio ezberdinek zuretzat duten esanahia aldatu egin daiteke, bertan dagoen giroa edo objetuekin duzun harremana landuz gero. Aipatu izan dudan moduan, kontrakoa dirudien arren espazio edo objetu materialak ez dira neutroak izaten. Beraiekin edo beraien bitartez izan ditugun bizipen, harreman eta emozioez kargaturik daude. Horregatik, guztiak berrikusi eta zure alboan zer mantendu nahi duzun aukeratzen duzunean gune horiekiko duzun begirada edo sentipena aldatu egingo da. Ikusiko duzu nola gogoeta horiek egiten hasten zarenean estruktura edo ideia berriak etorriko zaizkizun burura.
Laburbilduz, KonMari® prozesuak zure bizitzako arlo guztiak ikutu eta zeharkatu ditzazkeela esango nuke:
– Nor izan zaren, nor zaren orain eta nor izan nahiko zenukeen.
– Nortasuna eta autoestimuaren lanketa.
– Zure gorputzean zer jartzen duzun eta nondik datorren.
– Berdin zure barruan sartzen duzunarekin (janaria, osasun edo edertasun produktuak…)
– Barneratu dituzun jakintzak eta hemendik aurrera jaso nahi dituzunak.
– Zein harreman duzun beharrak asetzeko behar dituzun entitate publiko eta pribatuekin.
– Kontsumoa eta kontsumismoa nola kudeatzen dituzun.
– Sexua eta sexualitateak zein paper eta nola jokatzen duten zure bizitzan.
– Zeintzuk diren zure zaletasunak, zenbat denbora eskaintzen diezun, noiz eta nola.
– Dirua eta ekonomiarekin duzun harremana.
– Etxekoekin eta gertukoekin dituzun harremanak eta harremantzeko moduak.
– Heriotzarekin edo jada gertu ez dituzun pertsonen harremanen kudeaketa.
– Bizi dituzun esperientzia, emozio eta sentimenduen kudeaketa.
…
Ikusten duzun bezala gaiak anitzak dira, nahi adina ikuspegi eta sakontasun mailarekin lantzeko modukoak. Emakumeon egoera estrukturala edo sistemaren araberakoa, politikoa, kulturala, kolektiboa eta pertsonala da baina zure eskutan dagoen neurrian, alor ezberdinetan gogoeta eginez goxoagoa den errealitate bat sortu dezakegu. Dezakegu, elkarren artean egitea ezinbestekoa iruditzen baitzait. Jarraituko dugu gure aurretik eta gurekin batera lanketa honetan dauden emakumeekin saretzen?
Besarkada bat
Sara