PUEDES LEER EL ARTÍCULO COMPLETO AQUÍ
Duela sei hilabete baino zerbait gehiago jaio zen nire haurra eta ordutik nire bizitzak 360ºko aldaketa egin du zentzu guztietan. Izugarria da horren pertsona txikiak zenbat espazio (fisiko eta emozionala) okupatzen duen eta zure errealitatea eta lehentasunak nola aldatzen dituen. Aldiro harritu egiten nau zeinen azkar hazten den, nola aldatu eta garatzen ari den… Eta zu berarekin, noski.
Buruan nik banekien horrelako zerbait gertatuko zitzaidala; askotan ikusi dut egoera antzekoa heziketa proiektuetan, espresio tailerretan eta etxeak ordenatzen bidelagundu ditudan pertsonengan (emakumeetan batez ere). Hala ere, kontu bat da maila intelektualean jakitea, baina oso bestelakoa da norberaren azalean bizitzea.
Esan bezala aldaketa hauek maila emozional eta fisikoan bizitzen ari naiz bereziki, baina baita espazio pertsonal eta komun guztietan, etxean batik bat. Ez da bat bera ere libratzen. Oroitzen dut haurdun nengoela etxearen aldaketa – espazio eta objetuei dagokionez- ez zela horrenbesterako izango pentsatzen nuela: zorteko gara haurrarentzat gela propio bat badugulako eta gainontzeko espazioak pixkat egokitzearekin nahikoa. Baina txikia hazten doan heinean geroz eta zailagoa da aurretik nuen ideia hau bere horretan mantentzea. Eskerrak nahiko minimalista naizen eta buelta pila ematen ditudan etxean ezer berria sartu aurretik!
Denborarekin nire bikotea eta biok espazio pertsonal pixkat errekuperatuko dugula imajinatzen dut eta beste batzuk betirako edo luzerako finkatuko direla gure txikiak behar duen lekua izan dezan. Baina une hori iristen den bitartean lehenengo sei hilabete hauetan atera ditudan hainbat ondorio partekatu nahi ditut zurekin. Antzeko egoera bat bizitzen ari bazara edo bizitzekotan bazaude (ez du zertan haur baten etorrera izan behar) lagungarriak izatea espero dut.
LEHENENGO 15 EGUNETAN ERABATEKO KAOSA
Ez dakit nolakoa izan(go) den besteon esperientzia, baina nire kasuan haurrarekin etxera iritsi ginen lehenengo egunean erabat gaindituta sentitu nintzen. Batetik, gure hasiera oso gogorra izan zelako edoskitzearekin izan genituen arazo guztiak tarteko. Bestetik, haurrarentzat prestatu genituen gauza askok ez zutela inongo zentzurik ohartu nintzelako -horrenbeste arropa, sehaska, edoskitzeko kuxina… – eta, aldiz, oinarrizkoak ziren beste asko ez zitzaizkigulako burutik ere pasa -gasak, kotoia, haurrarentzako eskuoihal egokiak…-.
Gauza bat eta beste, lehenengo hilabetean ezin izan nuen etxetik atera medikuarengana joateko edo behar beharrezkoak ziren eginbeharrak betetzeko ez bazen. Pentsa zenbat ordu pasatzen genituen etxean! Eta hala ere apenas geratzen da momentu bat libre zeure buruarekin bakarrik egon edo etxea minimoki txukuntzeko.
Esperientzia honen ostean eta hurrengo haurrik badago, ohar hauek utziko nizkioke neure buruari: – Aurretik sukaldatuta eta izozkailua ahal den beteena uztea oso praktikoa da. Jaio berri batekin etxea egin nahi duzun azkeneko gauza sukaldean aritzea da, azkar berotu eta jan daitekeena behar duzu eskura. – Lehenengo 15 egunetan etxea hankaz gora egongo da etxeko kide guztiak egoera berrira egokitzen ari zaretelako. Zure lehentasuna txikiarekin egotea izango da eta ez etxea txukuntzen aritzea. Horrela behar du, beraz, lasai hartu. – Egoera hau laster pasako da eta guztiak topatuko du bere tokia. Erlatibizatu sentitzen duzun kaos hori, ez da betirako eta.
|
JETSI ZURE BURUAREKIKO EXIJENTZIA
Iruditzen zait gizarte honetan orokorrean, eta are gehiago emakumeen kasuan, gure buruarekiko dugun exijentzia oso altua dela. Exijentzia maila hau ez da halabeharrezkoa edo norberak bere buruari bakarrik inposatzen dion zerbait, patriarkatuak eta gizarteko estruktura zapaltzaileak sortua baizik. Haur txiki bat duzunean are gehiago handitzen da zama hau, erabat zure mende dagoen pertsona bat baituzu familian.
Honek eragin zuzena du etxeko antolaketan: objetu berriak kantitate handiagoan izango dituzulako, eta aldi berean kudeatzeko askoz ere denbora gutxiago. Gainera lehen une batean, erraz edota plazerez egiten zenituen eginbeharrak orain astunak bihurtu daitezke. Niri behintzat bapatean eginbehar sinpleenak ere izugarriak iruditzen zitzaizkidan hasierako egunetan. Are gehiago etxean haurrarekin bakarrik gelditzen zarenean eta etxekolan bat egin edo haurra negarrez utzi behar izatearen artean aukeratu behar duzunean. Lehenengo hilabete hauetan norberaren osasunerako oinarrizko eginbeharrak betetzea bera zaila izaten da: egunero dutxatu ahal izatea, hortzak egunean hiru aldiz garbitzea edo otordu guztietan platerean duzuna bukatu ahal izatea izugarrizko konkista da. Horrekin alderatuta arropa tolesten jartzea edo objetu bakoitza bere tokira itzultzea bigarren mailan gera daiteke denbora batez.
Baina lehen esaten nuen moduan, astetik astera egoera aldatzen doa eta hasieran zaila iruditzen zitzaizuna hurrengoan egingarria izango da berriro. Beraz, denbora honetan ez zigortu zure burua nahi/egin beharko zenukeen guztira iristen ez zarelako, iritsiko da hori guztia lasai egin ahalko duzun momentua.
ZEINTZUK DIRA ZURE MINIMOAK?
Aurreko guztia kontuan hartuta niretzat (eta bikotearekin famila-nukleo gisa) ezinbestekoa izan da etxeko ordenari dagokionean guretzat minimoak zeintzuk diren ezartzea. Jakinda hasierako hilabetea kaosa dela, ez garela lehen bezain beste egiteko gai, zer da behar dugun gutxienekoa hiruok lasai egon gaitezen? Gai gara gure artean antolatzeko hori guztia egiteko? Badugu inguruan laguntza eskatzeko aukera horiek bete ahal izateko?
Gure kasuan ia modu naturalean, gehiegi hausnartu gabe, eman da etxekolanen berrantolaketa. Komunikazio handiagoa baduzue, zehaztasun guztiak lotzea gustuko baduzue, zerrendak egitea… Ziur zuen alde jokatuko duela horrek guztiak, izan ditzazkezuen kontraesanak lehenago azaleratuko baitira.
Bestalde esan, etxekolanen inguruan ere aldaketak ematen direla. Hau da, egunero ekintza txikietan plazer handia sentitzera iritsi zaitezke. Niri, adibidez, haurrarekin 24h pasatzen ditudanez, momentu batez aitarekin utzi eta harrikoa egin eta sukaldea txukuntzeak kriston lasaitasuna ematen dit, poza ere, esango nuke.
ESTRUKTURA ARGI BAT AURRETIK
Maiz aipatzen dut, baina benetan eraldaketa handia izan zen niretzat KonMari® metodoaren bidez etxea antolatu nuen momentua. ‘Lehen eta orain’ bat izan da etxean, izan ere, aurretik ordenatua banintzen ere orain etxeko estruktura askoz argiagoa da eta ordena-ohiturak barneratuak izateak asko arintzen du egunerokoa.
Asko pozten naiz gainera prozesu hau guztia haurra jaio baino lehenago egin izanaz, denbora, lan eta zailtasun asko aurrezten lagundu baitit. Halere, zure kasuan oraindik ez baduzu KonMari metodoa aplikatu eta grina hori sentitzen baduzu, lasai egon, iritsiko da momentua.
Zintzoa izan nahi dut honetan. KonMari® metodoa benetan eraldatzailea izatea nahi baduzu presentzia, konpromisoa eta denbora eskatuko dizu. Sakontatsun ezberdinekin barneratu ditzazkezu metodo honek proposatzen dituen oinarriak eta beti izango da onuragarria. Baina aldaketa errotzea nahi baduzu, berriro atzera bueltarik ez izatea nahi baduzu, KonMari® metodoa hasi eta bukatzeko hautua egin behar duzu. Hau da, bost kategoriak berrikusi eta ordenatu behar dituzu. Hori ez da berehala egiten den lanketa bat eta prozesu bat den neurrian gora-beheratsua izan daiteke.
Horrela bada, uste dut bizitzako une guztiak agian ez direla aproposak horrelako prozesu batean sartzeko. Jaioberri bat iristen den momentua, esaterako, ez zait une egokiena iruditzen. ‘Eta zenbat itxaron beharko nuke bada?’ galdetuko diozu zeure buruari. Egia esan, ez dut erantzun zehatz bat. Beti defendatu dut bakoitzaren denbora eta erritmoak errespetatzearen garrantzia. Beraz, kasu honetan ere, pertsona batetik bestera erantzuna aldatu egingo dela esango nuke.
Edonola ere, haur txikiekin KonMari® prozesua burutzea egingarria da. Noiz? Zuretzat tarte bat hartzeko aukera duzula ikusten duzunean, indartsu sentitzen zarenean, konpromisoa betetzeko prest zaudela ikusten duzunean, aldaketak sentitzeko beharra duzunean.
Nik hau ziurtatu ahal dizut, neurri batean edo bestean (prozesua osorik edo zatika eginda ere) KonMari® metodoarekin egingo duzun lanketa guztiak izugarrizko onurak emango dizkizu eta egingo duzun esfortzua konpentsatuko du.
Besarkada bat