PUEDES VER LA VERSIÓN EN CASTELLANO AQUÍ
Aste honetan, hilaren 21ean zehazki, besarkaden nazioarteko eguna ospatuko da. Bizitzen ari garen garai berezi honetan (🦠🦠) inoiz baino gehiago behar ditugun besarkada horien eguna, hain zuzen ere. Ez dakit zu nola sentituko zaren, baina nik behintzat noizbait birus hau gainditzea lortzen badugu. Eguna mundu guztia besarkatzen pasako dudala uste dut, jeje.
Zientziak ere ikertu ditu besarkaden ondorioz senti daitezkeen hainbat onura. Izan ere, besarkatzen dugunean gure gorputzak oxitozina deritzon hormona askatzen du eta maila emozional zen fisikoan eragiten du. Hormona honi maitasunaren hormona ere deitzen zaio eta, besteak beste, harremak estutu, autoestimua hobetu, gorputza erlaxatu, insomnioa eta estutasuna arintzen etab. laguntzen du. Finean, besarka bezalako keinu txiki batek gure bizi kalitatea izugarri hobetzen laguntzen du.
Momentuz emango ditugun besarkadak izugarri mugatu behar ditugun arren, badago gure ongizatea hobetzen laguntzen duen beste ariketa bat. Zure ondasunak sakonki berrikusi eta antolatzeak ondorio potenterik badu, zure autoestimuan duen eragina dela esango nuke. Proposatzen dizudan ordena-prozesuan, duzun guztia (eta ondorioz neurri batean, zaren guztia) aztertuko duzu. Lanketa horrek zure burua hobeto ezagutzen lagunduko dizu, etxean dituzun objetu guztien bitartez zure bizitza osoaren errepasoa egingo baituzu.
Dakizun moduan, KonMari®️ metodoan gelaka beharrean kategoria edo materialen arabera egiten da lan. Lehenengo kategoria arropa izango litzake (osagarriak, zapatak etab. barne). Arroparen kasuan erraza da zure nortasunaren eta ondasunen arteko lotura egitea. Gehienok erraz identifika dezakegu bereziki maite dugun jantzi bat: zu zeu, ahaldunduta, zure zentroan… sentiarazten zaituen arropa hori izango da zure erreferentzia. Hori kontutan izanik, gainontzeko arropek gaur egun zaren horretatik hurbildu edo aldendu egiten zaituzte?
Beste galdera interesgarri batzuk hauek izan daitezteke: zergatik aukeratu duzu arropa hori? Zer helarazten du jantzi horrek? Nolakoa da zure izaera? Beldur edo pentsamendu mugatzaileren bat ezkutatzen dute?
Bigarren kategoria liburuak izango lirateke. Liburuen kasuan ere oso argia izaten da norberaren nortasunaren eta dituzun liburuen arteko lotura. Askotan liburuak zure bizitzako garai ezberdinekin erlazionatutak daude; zure interesak, lanbidea, proiektuak, ideiak, bizitzako momentuak etab. irudikatuko dituzte. Kasu honetan ere interesgarria izango litzake liburu kuttunenak identifikatzeaz gain, momentu honetan zaren pertsonarekin bat egiten duten horiek aukeratzea.
Bidelaguntzen ditudan pertsonei beti esaten diet aukeraketa egiten amaitu eta liburuak apalategian kokatu ondoren, berriro begirada bat botatzeko. Zein da liburu horien atzean dagoen pertsona? Nolakoa da? Zer du gustuko? Zerk mugitzen du? Erantzunek zurekin bat egiten badute bide onetik zoaz.
Hirugarren kategoria, paperen edo dokumentuen kategoria, itxuraz objetiboena izango litzake. Baina pertsona ezberdinak bidelaguntzen noan heinean ohartu naiz, norberak dituen dokumentuek ere hitz egiten dutela parean dagoen pertsonaren inguruan. Hala nola, nola bizi zaren, bizitzan egin dituzun aukeraketa ezberdinak, osasuna, bizitza antolatzeko modua, diruarekin duzun harremana…
Komono izango litzake laugarren kategoria eta hor ere, ziur nago uste duzuna baino askoz gehiago aurkitu dezakezula zure buruaren inguruan. Bainu gelan edo sukaldean duzun komonoren arabera, adibidez, zure burua nola zaintzen duzun ezagutu ahal izango duzu, baita zeintzuk diren zure lehentasunak ere. Hobbien komonon bestalde, askotan zure interes ezberdinez gain, ingurukoekin duzun harremana ere agertzen da. Egitea gustuko ditugun hainbat ekintza beste pertsonengatik jasoak dira edo haiekin batera egitea nahiago izaten dugu: bidaiatu, kirola egin…
Azkenik objetu sentimentalen kategoria egongo litzake. Objetu sentimentalen barruan bihotzetik gertuen dauden objetuak egongo lirateke: argazkiak, gutunak, oroigarriak… KonMari®️ prozesuak bidelaguntzen ditudanean benetan momentu hunkigarria izaten da hau, bereziki argazkien bitartez, gehiago edo gutxiago pertsona bakoitzak jaio zen momentutik gaur arte bere bizitza kontatzen duelako.
Ikusten duzun moduan, kategoriaz kategoria, zure objetuak berrikusi eta aukeratzen ari zarenean, zure burua ezagutzen ari zara, zure esentziarekin, bakar, orijinal eta osoa egiten zaituen horrekin, bat egingo duzu. Zure ondasunek zaren hori islatzen dute.
Modu horretan bizi izan duzun guztiari lekua emango diozu eta denboran zehar izan dituzun esperientziak, bizipenak, ametsak, desioak etab. balioztatuko dituzu.
Ziur nago bizipen horietatik asko jada atzean utzi dituzula, zuretzat amaituta dagoen garaiak izango dira. Beste zenbait, aldiz, momentu, pertsona edo esperientzia zehatz loturik egongo dira eta jada betetzen ez dizuten arren, oraindik zabalik edo lasai sentiarazten ez dizuten moduan daudela ohartuko zara. Zentzu horretan oso lagungarria izango da prozesu hau, kanpoan dagoena ordenatzeak zure barruko sentimenduak ere ordenatzen lagunduko dizulako.
Era berean, badaude zenbait egoera, itxi baino gehiago, birkokatzea beharko dutenak. Hau da, beste ikuspegi batetik, beste karga emozional batekin edo begirada luzatzen lagundu zaitzake prozesu honek. Jaso ditudan esperientzia ezberdinen arabera, KonMari®️ prozesuaren bidez arintasuna lortu dute, ez bakarrik materialki bakarrik baita maila emozionalean ere.
Ikusten duzun moduan, azterketa eta aukeraketa txiki eta etengabe hauek oinarri irmo bat emago dizute. Zure erdigunean egoten lagunduko dizuten sustrai sendoak izango dira.Ondorioz, zure autoestimua indartu egingo da eta bizitzak ekartzen dizkizun egoera ezberdinetara zaren horretatik, beste batzuen eragin pean galdu gabe, egokitu ahal izango duzu.
Zentzu horretan etxea kabi, babesleku edo tenplu baten modukoa dela iruditzen zait. Etxea lasai, goxo edo seguru sentitzen zaren gunea bihurtzen baduzu segurtasun, irrika eta prestutasun handiagoarekin atera ahal izango zara mundura.
Amaitzeko, ordena-prozesu hau zure burua ezagutu eta autoestimua indartzeko ahal den aberasgarriena izan dadin ariketa bat proposatzen dizut:
✨ Hartu gustuko duzun koaderno eta boligrafo bat. Ordenagailuan ere egin ahalko zenuke, baina eskuz idaztea gomendatzen dizut idazteko modua eta zure buruarekin konexioa erabat aldatzen baita paperean egiten duzunean. Gainera, boligrafoz idazteko esango nizuke, oso interesgarria iruditzen zait dena txukun edo ongi egiteko aukera baztertzea. Boligrafoak ez du idatzitakoa guztiz ezabatzeko aukera ematen eta gainera “akatsak” onartu eta beste era batera ulertzen laguntzen du.
✨ Kategoria bakoitzaren aurretik, lanean ari zaren bitartean eta ondoren bururatu zaizkizun ausnarketa guztiak erregistratu eta aztertzea proposatzen dizut.
Horretarako hemen duzu kategoria bakoitzean saioaren aurretik eta ondoren landu ditzazkezun hainbat galdera:
DESCARGA EL LIBRO DE EJERCICIOS
Kategoria bakoitzeko lan saioan sortuko zaizkizun burutapenak ezingo dituzu momentuan landu, denbora asko galduko duzu eta. Horregatik, lehen aipatutako koaderno horretan bizkor apuntatu eta ariketa liburuxkarekin lanean zaudenean sakontzea izango litzake egokiena.
Benetan zaren hori ezagutu, maitatu eta zaintzeko prest zaude? Bada, has gaitezen lanean.
Besarkada bat
Sara
📸Idophotography
Artikulu hau interesgarria eta inspiratzailea iruditu izana espero dut. Horrela bada, interesa dakoikeen edonori zabaltzea eskertuko nizuke
Lagun baten bidez iritsi bazara hona, newsletterrean izen ematera animatzen zaitut, horrela, informazio zuzenean zure postan jaso eta eskura izango duzu
Eta noski, zerbait komentatu edo iradokizunik egin nahi baduzu, azpiko iruzkinetan idatzi edo email bidali iezadakezu. Plazera izango da zure iritziak, beharrak eta bizipenak ezagutzea